Haserre mintzatu da gatazkaren konponbiderako Ipar Euskal Herriko ordezkaritza. Terrorismoaren aurkako Frantziako fiskaltzaren jarrera «onartezina» dela adierazi du ohar batean, etasalatu du «bake prozesua oso arriskuan» jartzen duela. Frantziako Justizia Ministerioak entzungor egiten diela kontsideratuta, «estrategia berria» abiatuko dutela iragarri dute.
Astelehenean epaitu zuten Mikel Barrios Parisko Auzitegi Korrekzionalean ETAko kide izatea leporatuta, eta bost urteko kartzela zigorra ezarri zioten. «Beste garai bateko epaiketa» bat izan zen ordezkaritzaren hitzetan, eta salatu dute «euskal gizarteak bultzatutako bidea» eta «aurrerapen guziak» alde batera utzi zituztela epaileek.
Herenegun, Jakes Esnal euskal presoa baldintzapean aske uztekoeskaera aztertzeko auzi saioa izan zen. Esnalek 69 urte ditu, eta 30 urte daramatza presondegian. Epaileen «eztabaida eta jarrera», fiskaltza orokorra, eta lehen aldiz agertu zen parte zibilen abokatua, denak «Esnalen baldintzapeko askatasunaren kontra» agertu izana deitoratu dute. Irailaren 24an jakinaraziko dute deliberoa, baina euskal presoa aske utz dezatela eskatu du ordezkaritzak.
Mobilizazioa eginen dute, gaur, 11:00etan, Donibane Lohizunen (Lapurdi). Giza kate bat osatuko dute Ziburura arte.
Bilkura Parisen
Astelehenean, bilkura egin zuten Frantziako Justizia Ministerioan Ipar Euskal Herriko ordezkaritzako kideek. Han izan ziren Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria, Frederique Espagnace PSko senataria, Max Brisson LRko senataria, Mixel Berhokoirigoin Bakegilea eta Anaiz Funosas Bake Bideako presidentea. «Tonu irmo eta larriarekin» mintzatu zirela adierazi dute, azken hiru urte hauetan «egindako bidea» nabarmendu, eta abisu eman «bake prozesua kinka txarrean» dela. Bereziki aipatu zuten fiskaltzak hartu ohi duen jarrera, eta blokeo egoera gainditu behar dela adierazi zuten. Ordezkaritzaren hitzetan, «arretaz» entzun zieten, baina ez zuten entzun euskal presoei buruzko politika penalean «norabidea aldatuko lukeen hitzik».
Ordezkaritzaren iduriko, «ziklo baten amaieran daude», eta,beraz, «hasitako prozesua amaitu arte, estrategia berri bati» ekingo diotela adierazi dute. «Ez bideari berriro ekiteko, bide hori oztopatze duen horma hausteko baizik».
Estrategia «berria» iragarri du Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak
Astelehenean izan zuten bilkura Frantziako Justizia Ministerioan, «tonu irmo eta larriarekin». Esnalen eta Barriosen auziak salatu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu