Sarraskia izan eta urte bereko ekainean, epaileak itxi egin zuen Pasaiako segada argitzeko auzia behin-behinean, delitu frogarik ez zegoela argudiatuta. Donostiako Lurralde Auzitegiak, ordea, ia hamar urte geroago zabaldu egin zuen, duela bi urte bigarrenez artxibatzeko. Senideek, baina, aurrera jarraitu zuten, eta Konstituzionalera jo zuten Azpeitiko Udalaren babesarekin. Hark salaketa tramiterako onartzeari uko egin ostean, urrats bat gehiago egin eta Estrasburgora, Europako Giza Eskubideen Auzitegira, jotzea erabaki dute.
Horren berri emateko agerraldia egin dute Pasaian, eta EAJ, EH Bildu eta Ahal Dugu-ko europarlamentarien babesa jaso dute senideek: Izaskun Bilbao, Josu Juaristi eta Xabier Benitorena, hurrenez hurren. Kasua Bruselako "foroetara" eramateko konpromisoa agertu dute. Horretaz gain, senideek iragarri dute harreman dinamika bat abiatu dutela Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko Bizikidetza Idazkaritzekin eta Gogora Institutuarekin. "Espero dugu emankorrak izatea".
Felipe Gonzalezen gobernuaren itzala
Felipe Gonzalezen (PSOE) agintaldi luzearen hasieran izandako gerra zikinarekin loturiko gertakari nagusietako bat izan zen. Ordurako sortua zen GAL (1983an), eta urtebete geroago hil zituen Espainiako Poliziak Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kideak.
Torturapean, Rosa Jimeno oriotarra behartu egin zuten lau lau horiekin Pasaiako badian hitzordua egitera,1984ko martxoaren 22an. Lapurditik itsasoz iritsi zirenean, tiroka hartu zituen Poliziak, eta ontzian zetozen bost lagunetatik lau hil zituzten: Pedro Mari Isart, Dionisio Aizpuru, Rafael Delas eta Jose Maria Izura. Joseba Merino bosgarren taldekidea izan zen bizirik atera zen bakarra. Hamazpi urte egin zituen espetxean, hilabete bat lehenago Enrique Casas PSEko kidearen hilketarekin zerikusia zuelakoan.
Sarraskian hildakoen familiakoek agortu dute Espainiako auzitegietan egin zezaketen bidea eta Estrasburgora jotzea erabaki dute. Bizitza eskubidea urratzeagatik eta gertakariak behar bezala ikertu ez izanagatik salatu dute Espainiako Erreinua. Abokatuak dira Santi Gonzalez, senideen aldetik, eta Miguel Castells, Azpeitiko Udalaren izenean.
Kazetarien aurrean, senideek salatu dituzte Espainiako auzitegiek gertaturikoa ez argitzeko "erabilitako trikimailuak". "Hilketa zantzuak daudela aitortu arren, ez dute behar bezala ikertu horiek nortzuek egin zituzten". Nabarmendu dute froga eskaerarik gehienak —erantzuleak identifikatzea eta beste— atzera botatzeaz gain, auziarekin zerikusia duten poliziaren txosten batzuk desagerrarazi ere egin dituztela.
Nolanahi ere gertaturikoa argitzeko eta erantzuleak zehazteko aski elementu badaudela azpimarratu dute; gogoratu dituzte, besteak beste, Francisco Etxeberriak egindako autopsien txostenak, eta Eusko Jaurlaritzak, lekukoen testigantzak jasota, egin zuen dosierra. Senideek gogoratu dute, halaber, auzia artxibatu arren Donostiako Auzitegiak 2005. urtean "hankaz gora" jarri zuela ordura arteko bertsio ofiziala; frogatutzat eman zuen "hilketa" izan zela, ez tiroketa; poliziek soilik egin zutela tiro, aldez aurretik prestatutako ekintza batean.
Monolitoaren aurkako erasoak
Pasaiako badian bada monolito bat han hildako lau komandokideen omenez jarria. Ordea, hark ere erasoak jasan ditu. Azken hilabeteotan bitan apurtu dute. Hori ikusirik, borrokan jarraituko dutela berretsi dute senideek: "Gure lau senideekin egin zuten bidegabekeria inpunitatean geldi ez dadin duintasunez lanean jarraituko dugu".