Ekainaren 2an atxilotu zuten Xabier Atristain donostiarra, Espainiako Auzitegi Gorenaren erabaki baten ostean. Hala, Espainiako justiziak ez dio Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren epaiari men egin, eta, Zigor Reizabal abokatuaren arabera, Estrasburgoren epaiak betetzen ez dituzten estatuen zerrendan lehen postuan dago Espainia. Auzitegi Gorenaren erabaki horri aurre egiteko, hiru bide hartu ditu Atristainen defentsak: «Auzitegi Nazionalean eskatu dugu libre gera dadila berriro, Europako sententziaren betearazpena erabakitzen den bitartean. Bigarrenik, Auzitegi Gorenari eskatu diogu bere autoa deuseztatzeko; onartuko ez balu, Xabierrek Auzitegi Konstituzionalera jo beharko luke babes bila. Azkenik, Europar Kontseiluko Ministroen Kontseiluari eskatu diogu egoera konpondu dadin ahal dituen neurriak hartzeko», adierazi du Reizabalek Donostian egindako agerraldian.
Estrasburgok urtarrilean Espainiako Estatua kondenatu zuen, Atristaini «epaiketa justua eta ekitatezkoa» izatea eragotzi ziola egotzita. Izan ere, Atristainen defentsak salatu zuen bi eskubide ukatu zizkiotela: prozesu justu bat izateko eskubidea eta defentsarako eskubidea. Estrasburgoko auzitegiak arrazoia eman zion Atristaini. 2010ean atxilotu eta inkomunikatu zutenean, ez zioten abokatu bat aukeratzen utzi, eta horrek «prozesuari modu orokorrean eragiten dio». Hau da, Atristainen aurkako prozesu osoa «hasieratik izan zen urratua».
«Zer egin behar du hitzarmenaren estatu kontratugile batek urraketa hauen aurrean?», galdetu du Reizabalek, eta Espainiako Estatuak hiru gauza egin behar dituela adierazi du. Lehenik eta behin, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren sententzia betetzeko beharra duela dio abokatuak: «Hitzarmenaren 46. artikuluaren arabera, alde kontratugile guztiek Estrasburgoko auzitegiaren behin betiko sententziak betetzeko konpromisoa hartzen dute, eta estatuek beren jarrera sententzia horietara moldatu behar dute».
Bigarrenik, Europako hitzarmena urratu dela dioen sententzia baten ostean, estatuek hartu behar dituzten neurriek epai horrek dioenarekin bateragarriak izan behar dute. Azkenik, Espainiako Estatuak Atristaini eragindako kalte moralen erreparaziorako neurri efektiboak eta aproposak hartu behar ditu: «Ez gaude ustezko urratze baten aurrean, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak berretsitako urratze bati buruz ari gara hitz egiten. Beraz, estatuaren ardura da hauste horrek eragindako kalteak erreparatzea, eta hori egiteko betebehar juridikoa du», dio Reizabalek.
Gorenaren jarrera
Atristainen abokatuak adierazi du Espainiako Auzitegi Gorenak ez diola Europako sententziari men egin, eta Estrasburgok berretsitako urratzea amaitzeko duen betebehar juridikoari bizkarra eman diola: «Mina areagotu du, Atristain jaunari sufriarazten ari zaio, eta, dirudienez, kalte moral hori pairatzen jarraitzeko erabakia hartu du. Nola da posible estatu bat kondenatua izatea, eta erabakiari men egin beharrean, kalte hori eragiten jarraitzea?».
Atristainen defentsak 2015ean hasi zuen bide legala Estrasburgon, eta prozesu «luze» horren ostean berriro kartzelan sartzea salatu du Reizabalek.
Estrasburgoko epaia aplikatu arte, Atristain askatzeko eskatu dute
Espainiako Estatuak Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren epaia bete dezan, hiru bide ireki ditu Zigor Reizabal defentsako abokatuak. Uste du Auzitegi Gorenak Atristainen «mina areagotu» duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu