Altsasuko auziaren azken helmuga Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegia da, eta oraingoz ez du aterik itxi. Urte hasieran, zortzi gazteen defentsa abokatuek helegite bidez aldarrikatu zuten ez zutela bidezko epaiketarik izan, eta, Altsasuko Gurasoek jakinarazi dutenez, Ainara Urkijo, Jokin Unamuno, Iñaki Abad, Aratz Urrizola, Julen Goikoetxea eta Jon Ander Coben defentsek jarritako helegiteak aintzat hartu ditu. Altsasuko Gurasoen Twitterreko kontuan baieztatu dute abokatuek jaso dutela jakinarazpena: «Litekeena da gainerako errekurtsoek bide beretik jotzea».
Urtarrilean, Amaia Izko abokatuakBERRIAri adierazi zion gutxienez tramiterako onartzea espero zutela. «Guk demandak egin ditugu konbentzituta gaudelako urraketa horiek egin egin direla, eta konbentzituta gaudelako nahi izanez gero Estrasburgok zuzentzen ahal dituela, beste kasu batzuetan egin duen moduan».
Helegiteetan, argudiatu dute urratu egin zirela beren defentsaren eskubideak, besteak beste Auzitegi Nazionaleko epaiketan epaimahaiburua Concepcion Espejel izan zelako. Guardia Zibilaren koronel batekin ezkonduta dago Espejel, eta Merezimendu Saria eman zion Guardia Zibilak. Auzibidean, defentsek, «lotura afektibo eta psikologikoak» zituela iritzita, haren inpartzialtasuna zalantzan jarri zuten Auzitegi Nazionalaren aurrean, baina hark atzera bota zuen. Halaber, abokatuetako batek zalantzan jarri du beste bi epaileen inpartzialtasuna ere, Eloy Velascorena eta Jose Ramon Navarrorena.
Defentsen beste argudioetako bat da prozesu judizial bidezko bat izateko eskubidea urratu egin zitzaiela eta hainbat irregulartasun egon zirela auzibidean. Gainera, neurrigabeko zigorrak jarri zizkietela ere azaldu dute helegiteetan.
Tramitea onartuta, hori dena aztertzea dagokio orain Giza Eskubideen Auzitegiari. Urtarrilean, gazteek eta senideek Iruñean egindako agerraldi batean, nabarmendu zuten geratzen den bidea «konplexua» izango dela, baina «itxaropentsu» zeudela. Oraingoz, bederen, Estrasburgoko auzitegiak ez du atea itxi.