Igor Portu eta Mattin Sarasolaren tortura salaketen auzia Europako Giza Eskubideen Auzitegira iritsi da, Estrasburgora. Donostiako Probintzia Auzitegiak, 2010ean, bi eta lau urte arteko espetxe zigorra jarri zien lau guardia zibilei, Portu eta Sarasola torturatzeagatik. Auzitegi Gorenak absolbitu egin zituen gero; baita Konstituzionalak ere. Bidean aurrera eginda iritsi da Estrasburgora. Aldeei alegazioak aurkezteko eskatu die auzitegiak.
Abokatuak Espainiako Auzitegi Nazionalean eman zuen horren berri, atzo. Garikoitz Aspiazu epaitu zuten, 2007an Castellon (Herrialde Katalanak) bonba-auto bat jartzeko agintzea egotzita. Lekuko gisa deklaratzeko deitu zuten auzi horretan Mattin Sarasola. Abokatuak esan zuen Sarasolak Aspiazuren aurka egindako deklarazioak ezin zirela aintzat hartu, torturapean eginak izan zirelako. Hori baieztatzen duten perituen agerraldia eskatu zuen. Epaileak ukatu egin zuen agerraldia, baina txostena aintzat hartu zuen. Eta hantxe bertan esan zuen abokatuak tramiterako onartua dutela jada torturen auzi hori Estrasburgon.
Atxiloketa eta lekukoa
Portu eta Sarasola 2008ko urtarrilaren 6an atxilotu zituzten, ETAkoak zirelakoan, Arrasaten, Gipuzkoan, 11:00etan.
Lesakakoak dira (Nafarroa), eta atxilotu zituzten egunean bertan, lekuko gisa eraman zituzten miaketetan bi gurasoen etxeetara eta Porturen beraren etxera. Miaketak bukatu, eta polizia etxeetara eraman zituzten. Auzi medikuak ikusi zuen gero, eta Sarasolak esan zion «oso gaizki» zegoela. Horregatik, Donostiako ospitalera eraman zuten. Mediku partea 03:56an eman zuten. Partearen arabera, gorputz osoan kolpe ugari eman zizkioten, aurpegian, bizkarrean eta gorputz adarretan.
Alfredo Perez Rubalcaba zen orduan PSOEren gobernuko Barne ministroa. Guardia Zibilaren bertsioa bere egin, eta esan zuen atxiloketa unean ihes egiten saiatu zirela Portu eta Sarasola, eta horregatik indarkeria erabili behar izan zutela. Azalpen horiek emateko propio egin zuen agerraldia. Portu medikuetara atxilotu eta handik hamazazpi ordura eraman zuten, ordea. Mediku txostenak, besteak beste, honela zioen: «Ezkerraldean saihets bat hautsi diote. Saihetsak zuloa egin du biriketan; handik haizea eta odola atera dira, eta barrunbe torazikoan zabaldu. Begian hematoma bat dauka; horrek esan nahi du kolpe zuzen bat eman diotela begian. Azala puztuta eta handituta dago, azpian gas bat balego gisan. Oso minbera da, eta kolpeen ondorioz sortzen da».
Sarasola ez zuten eraman ospitalera, baina epaiketan salatu zuen kolpeak eta mehatxuak jasan zituela etengabe.
Tortura salaketak Donostian egin zirenez, Donostiako Probintzia Auzitegiak auzia ikertzea ebatzi zuen. Hamabost guardia zibil epaitu zituzten, 2010eko urrian, Portu eta Sarasola torturatzea egotzita. Guardia zibilek esan zuten atxiloketa unean baino ez zutela erabili indarkeria, «ihes egiten saiatu zirelako». Epaiketan lekuko bat egon zen atxiloketa ikusi zuena, eta une horretan indarkeria zantzurik ez zuela ikusi esan zuen. Portuk eta Sarasolak ere esan zuten atxiloketa unean ez zirela ihes egiten saiatu: «Han ez zegoen lasterka abiatzerik», adierazi zuten epaiketan. Inguratuta zeuden.
Inkomunikazio aldiko kontakizuna egin zuten auzitegian biek. Esan zutenez, atxilotu ostean patrol banatan sartu zituzten, eta kolpeak, mehatxuak eta biraoak hasi ziren.
Sarasolak esan zuen mendi bide batera eraman eta maldan behera jaitsi zutela. Pistola jarri ziotela lokian hil egingo zutela mehatxatuz, Mikel Zabalza bezala. Bultzaka eraman zutela aldapan behera, eta han jipoitu egin zutela kontatu zuen. Gorakoan, autora bidean berriz erori zela, eta berriz jipoitu zutela. Kolpez eta mehatxuz josia eraman zuten Intxaurrondoko polizia etxera lehenik, eta Madrilera gero. «Aulki batean eseri, eta besoak lotzen zizkidaten. Poltsa jartzen zidaten buruan, gehiago ezin nuen arte». Portuk ere kolpeak, mehatxuak eta irainak salatu zituen, ospitaleratu zuten arte.
Donostiako Probintzia Auzitegiko epaiak frogatutzat eman zuen Portuk eta Sarasolak «tortura larriak» jasan zituztela, eta «ezinezkotzat» jo zuen zauri horiek atxiloketa unean eginak izan zirela sinestea. Lau guardia zibil zigortu eta 11 absolbitu egin zituen. Egun kartzelan daudenak Portu eta Sarasola dira.
Estrasburgok tramiterako onartu du Porturen eta Sarasolaren helegitea
Europako Giza Eskubideen Auzitegiak alegazioak aurkezteko eskatu die aldeei.Donostiako auzitegiak lau guardia zibil zigortu zituen.Gorenak eta Konstituzionalak absolbitu egin zituzten gero
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu