BIKTIMAK

Estrasburgok ontzat jo du Espainiak estatuaren biktima bati kalte-ordaina ukatzea

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak bide berean emandako laugarren ebazpena da.

Giza Eskubideen Europako Auzitegia. MICHEL CHRISTEN / EFE
jon olano
2021eko martxoaren 11
13:39
Entzun

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ontzat jo du Espainiako Estatuak kalte-ordaina ukatzea Jesus Mari Ijurko HBko kidea zenaren alargunari eta alabei. Espainiako Gobernuak ezarririko irizpidea da ETArekin lotura izan zezaketen indarkeriaren biktimei ordainak pagatzea, eta hori laugarrenez onetsi du Estrasburgok.

Gobernuak, 1999ko Terrorismoaren Biktimekiko Elkartasunerako Legean oinarrituta, Ijurkoren senideek 96.161 euroren kalte-ordaina jaso zuten. 2012an, berriz, 180.000 euroren kalte-ordaina eskatu zuten desgaitasun osoagatik, Terrorismoaren Biktimen Aitortzarako eta Babeserako 29/2011 Legean oinarrituta. Espainiako Barne Ministerioak baztertu egin zuen eskaria, Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren txostenen arabera, Ijurkok «lotura» zeukalako Amnistiaren aldeko mugimenduarekin, Herri Batasuneko kidea zelako eta 1978an ETAren agiri batzuk zituela atxilotu zutelako.

Batallon Vasco Españolek 1980an egin zuen Ijurkoren eta Carmen Illarramendi haren emaztearen aurkako atentatua, Errenterian (Gipuzkoa). Bizirik irten ziren, baina Ijurkori hanka bat eta esku bat kendu zioten.

Horiei diru laguntza gehigarriak ukatzea ontzat jo du orain Estrasburgok, argudiatuta Barne Ministerioak eta Auzitegi Nazionalak aintzat hartu zituztela polizia txostenetan jasotako elementuak. Europako epaileek uste dute kasu honetan ez dela urratu Giza Eskubideen Ituna. Orain arte, Estrasburgok ebatzi izan du kalte-ordainak ukatzeak ez duela urratzen estatu indarkeriaren biktimen errugabetasun printzipioa eta, era berean, ez duela Espainia derrigortzen ordain horiek ematera. Ildo beretik jo du oraingoan ere.

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministro zelarik, Espainia hasi zen BVEren eta GALen zenbait biktimari kalte-ordainak ukatzen, biktima horiek ETAkoak zirelakoan. Gai horren inguruko Europako Hitzarmena eta 2011ko Espainiako Biktimen Legea baliatu zuen horretarako: lege horretan agertzen da biktimei kalte-ordainak ukatzeko aukera baldin eta biktima horiek «indarkeriazko ekintzak egiten dituen erakunderen batekin harremana» baldin badute.

Baina kasu gehienetan ez zen egon inongo epairik biktima horiek ETAkoak izan zirela frogatzeko: Espainiako Gobernuaren hitza baino ez. Are gehiago, BVEk hildako zenbait biktimaren kasuan, «ezker abertzalearen ingurukoak» edo «Herri Batasunekoak» izatea baino ez zien leporatzen Espainiako Gobernuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.