Estrasburgok ez du aintzat hartu Altsasuko auziko gazteek egindako salaketa

Auziak Europan izan zezakeen bide judiziala amaitu egin da. Gizarteak emandako babesa nabarmendu du Altsasu Gurasoak plataformak

Altsasuko gazteen alde egindako mobilizazio bat, 2019ko urrian. IÑIGO URIZ / FOKU.
gotzon hermosilla
2022ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ez du aintzat hartu Altsasuko auzia dela-eta zigortutako gazteen salaketa. Hala jakinarazi du gazteetako batek, Iñaki Abadek, sare sozialetan zabalduriko mezu batean. Gazteen abokatuek eskaera aurkeztua zuten, epaiketa inpartziala izateko eskubidea urratu zietelakoan eta ezarritako zigorra neurriz kanpokoa izan zela iritzita, baina Estrasburgoko auzitegiak ez du onartu eskaera.

«Erakunde judizial guztien babes faltaren aurrean, [auzia] ondo baino hobeto ulertzen duen gizartea geratzen da. Estrasburgon galdu arren, beti jarraituko dugu salatzen», idatzi du Iñaki Abadek bere mezuan. Horrenbestez, auziak Europan izan zezakeen ibilbide judiziala amaitu egin dela erantsi du Abadek.

Altsasu Gurasoak plataformak ere sare sozialen bidez eman du albistea eta horren inguruko balorazioa: «Eskaera onartu ez izanak ez dio baliorik kentzen salaketari eta egindako bideari. Badakigu arrazoi duguna, eta gizartearen babesak hala frogatu zuen».

Plataformaren iritziz, «justizia» ez da epai baten bidez iritsi, «baizik eta mobilizatutako gizarte baten babes eskergarekin, denon eskubideak errespetatuko dituen etorkizun bidezkoago baten alde konprometiturik». Plataformakoek gaineratu dute «injustiziaren aurrean» paratuko direla beti, «jasotakoaren zati bat bueltatzeko asmoz».

Gizartearen irakurketa

Altsasuko gazteen abokatuetako batek, Amaia Izkok, Euskadi Irratiari adierazi dio «penaz» hartu dutela albistea, bazutelako itxaropena Estrasburgoko auzitegiak eskaera aztertu egingo zuela: «Ez da horrela izango, baina horrek ez die balioa kentzen gizarteak irregulartasun eta eskubide urraketa horiez egiten duen irakurketari, hausnarketari eta atera dituen ondorioei. Horrekin gelditu nahi dugu».

Antzeko zerbait esan du Altsasu Gurasoak plataformako Antton Ramirez de Aldak irrati berean. Azaldu duenez, salaketa onartu ez izanak ez dio baliorik kentzen orain arte egindako bideari: «Oso injustua izan zen dena, eta hori argi geratu da. Horrekin geratu gara, eta gizarteak ere berdin pentsatzen duela uste dugu».

2019ko urrian, Espainiako Auzitegi Gorenak urtebete eta bederatzi urte eta erdi bitarteko espetxe zigorrak ezarri zizkien zortzi gazteei, 2016an Altsasuko jaietan guardia zibil batzuekin izandako istilua zela-eta. Haietako zenbait hirugarren graduan ari dira zigorra betetzen. Espainian bide judiziala amaituta, Europara jotzea erabaki zuten abokatuek, baina orduan ere adierazi zuten bide hori zaila izango zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.