TORTURA

Estrasburgok Espainia zigortu du Porturen eta Sarasolaren torturen auzian

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak aho batez ebatzi du Europako Konbentzioaren 3. artikulua urratu zela, edukiz —tratu txarrak emanda— nahiz prozeduraz —horiek ez ikertuta—. Tortura ez ikertzeagatik zigortu izan du Estrasburgok Espainia, baina lehen aldia da tratu txarrak emateagatik (hots, mamiagatik) zigortzen duena.

Igor Portu, erietxean zela.
jon olano
2018ko otsailaren 13a
14:55
Entzun

Igor Portu eta Mattin Sarasola ETAko kideen atxiloketan parte hartu zuten guardia zibilen alde Espainiako Justiziak emandako absoluzio epaiak aztertu ditu Giza Eskubideen Europako Auzitegiak, eta gaur jakinarazi dute ebazpena: ebatzi du Espainiak Europako Konbentzioaren 3. artikulua —torturaren aurkakoa— urratu zuela, bai edukiari eta bai prozedura judizialari dagokionez, eta estatuak, hiru hilabetean, 50.000 euro ordaindu beharko dizkie Porturi eta Sarasolari, kalte moralengatik; 30.000 Porturi, eta 20.000 Sarasolari.

Beste zigor epai batzuetan, Estrasburgok ebatzi izan du Espainiak ez dituela behar bezala ikertu tortura salaketak. Oraingoan, lehen aldiz, mamian sartu da, eta frogatutzat jo ditu "tratu txarrak" —ez du auzia torturatzat jo—, eta ohartarazi du torturarik ez jasotzeko eskubidea "absolutua" dela, "pertsonaren duintasunari lotua", eta "baldintza zailenetan ere" ezin dela bertan behera geratu.

Porturen eta Sarasolaren auziekin, bederatzi dira jada Estrasburgok Espainiaren aurka torturengatik edo horiek ez ikertzeagatik emandako zigor ebazpenak, euskal herritarrei dagokienez: 2010ean izan zen aurrenekoa, Mikel San Argimirorena; harrezkero, Aritz Beristain, Martxelo Otamendi, Beatriz Etxebarria, Oihan Ataun, Patxi Arratibel eta Xabier Beortegiren aurkako tortura kasuengatik zigortu dute Espainia.

Ebazpena aho batez eman bada ere, Helen Keller, Pere Pastor Vilanova eta Georgios A. Serghides epaileek boto partikularra argitaratu dute. Horiek uste dute badagoela funtsa gertatutakoa torturatzat jotzeko, ez "tratu txar" gisa.

Sanchez Melgar, Auzitegi Gorenetik fiskal nagusi izatera

Portu eta Sarasolaren defentsak egin zuen babes eskea Estrasburgon, lehenengo Espainiako Auzitegi Gorenak emandako absoluzio epaian eta gero Konstituzionalak horren aurkako helegitea ez onartzean, auzitegiok bi euskal herritarrek eginiko tortura salaketak ikertu edo behar bezala aztertu ez zituztela argudiatuta, besteak beste. Gorenak amarrutzat jo zituen bi euskal herritarren salaketak. Auzitegi Gorenaren epaia eman zuten magistratuetako bat Julian Sanchez Melgar izan zen, iazko abendutik Espainiako fiskal nagusia dena.

Aurretik, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak zigortu egin zituen polizia operazioan parte hartu zuten lau guardia zibil: lau urte eta erdira bat, bi urte eta erdira beste bat eta bi urtera beste biak. Frogatutzat eman zuen Portuk eta Sarasolak "tortura larriak" jasan zituztela, eta "ezinezkotzat" jo zuen zauri horiek atxilotzean eginak izana.

Egun, espetxean daude Portu eta Sarasola, ETAko kide izatea leporatuta, 2006ko abenduaren 30eko Barajasko aireportuko atentatua egotzita -2005-2007 urteetako negoziazio prozesuaren haustura eragin zuena-.

2008ko urtarrilaren 6an atxilotu zituzten, Arrasaten (Gipuzkoa). Atzeman eta hamazazpi ordura guardia zibilek ospitalera eraman zuten Portu, zauri larriekin eta bestelako tortura zantzu nabariekin, arropetan-eta.

Hain justu, Torturaren Aurkako Egunean iritsi da epaia. Euskal Herrian, Otsailaren 13a Torturaren Aurkako Egun gisa dute izendatua zenbait eragilek, 1981. urteko otsailaren 13an hil zelako Joxe Arregi zizurkildarra, Carabancheleko espetxeko erietxean (Madril), Espainiako polizien esku pasatutako atxiloaldi luzean jasandako torturen ondorioz.

Rubalcaba vs medikuen txostena

Alfredo Perez Rubalcaba zen PSOEren gobernuko Barne ministroa biak atxilotu eta torturatu zituztenean. Guardia Zibilaren bertsioa bere egin, eta esan zuen atxilotzean ihes egiten saiatu zirela Portu eta Sarasola, eta horrekin lotu zituen zauriak.

Porturi buruzko mediku txostenak, baina, zalantzan jarri zuen zauri horiek atxiloketaren unekoak izatea soilik; honela zioen, hitzez hitz: "Ezkerraldean saihets bat hautsi diote. Saihetsak zuloa egin du biriketan; handik haizea eta odola atera dira, eta barrunbe torazikoan zabaldu. Begian hematoma bat dauka; horrek esan nahi du kolpe zuzen bat eman diotela begian. Azala puztuta eta handituta dago, azpian gas bat balego gisan. Oso minbera da, eta kolpeen ondorioz sortzen da".

Epaiketa egin ondoren, Gipuzkoako auzitegiak frogatutzat eman zuen Portu eta Sarasola hainbat alditan torturatu zituztela: atxilotu eta gutxira erreka bazter batera eraman zituztela eta han hasi zirela tratu txarrak. Intxaurrondoko kuartelean (Donostia) eta bidaietan ere jo zituztela berretsi zuen epaimahaiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.