TORTURA

Estrasburgok Espainia zigortu du, Etxebarria eta Ataunen torturak ez ikertzeagatik

Bi euskal herritarrek auzitara eraman dute Espainiako Estatua, atxiloaldian izandako tratu txarrak ez ikertzeagatik. 24.000 euro ordaindu beharko dizkio estatuak Atauni, eta 29.000 Etxebarriari.

2011ko martxoaren 1ean Beatriz Etxebarriaren atxiloketa salatzeko eginiko manifestazioa. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS
2014ko urriaren 7a
07:15
Entzun

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainiako Estatua zigortu du Beatriz Etxebarria eta Oihan Ataunen tortura salaketak ez ikertzeagatik. Kalte moralengatik Espainiak 25.000 eta 20.000 euro ordaindu beharko dizkie, hurrenez hurren, Etxebarriari eta Atauni, eta beste 4.000na euro auzitara jotzeagatik sortutako kostuengatik. Estrasburgoko Auzitegiaren 3. Sekzioak aho batez hartutako erabakia da.

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak gaur eman du ebazpena  Beatriz Etxebarriaren eta Oihan Ataunen auziaz. Espainiako Estatua zigortu du haien kasuan urratu egin duelako Europako Giza Eskubideen Hitzarmeneko hirugarren artikulua. "Inori ezingo zaio torturarik egin edo tratu umiliagarririk eman", dio artikulu horrek. Torturaren Aurkako Taldeak eta Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak, Etxebarriaren familiarekin eta Ataunekin batera, ostegunean egingo dute balorazioa, Bilbon (11:00, La Bolsa eraikina).

Espainiako auzitegiek artxibatu edo ez zituzten tramiterako onartu Etxebarriak eta Ataunek jarriko tortura salaketak. Torturaren Prebentziorako Europako Batzordeak Espainiari buruz iaz kaleratutako txostenean azaltzen da Etxebarriaren kasua, eta sinesgarritasuna ematen dio haren tortura salaketari. Ataunekin batera atxilotu zuten Mikel Beuntzaren salaketaren kasuan, berriz, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak iaz ebatzi zuen ez zela behar bezala ikertu.

Etxebarria 2011n hartu zuten atxilo; bost egun eman zituen inkomunikazio aldian, eta salatu zuen egun horietan tratu txarrak eta sexu abusuak jasan zituela. Iazko abenduan zigortu zuten Etxebarria, 2009ko uztailaren 29an Burgosko koartel baten aurrean eztanda egin zuen furgoneta bat jartzea egotzita. Soto del Realgo espetxea da gaur egun.

Ataun, berriz,  2008ko azaroan atxilotu zuten, ETAko kide izatea egotzita. Lau egun eman zituen inkomunikatuta, eta tratu txar fisiko eta psikologikoak salatu zituen. 2012an, urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak, 2009ko Korrikan presoen argazkiak zeramatzala-eta "terrorismoa goratzea" leporatuta. Zigorra beteta, kalean da gaur egun.

Biek Espainiako Estatua salatu zuten Europako Giza Eskubideen Auzitegian, tortura salaketak behar bezala ez ikertzea egotzita.

Oharrak inkomunikazioaz

Estrasburgoko Auzitegiaren ebazpenaren arabera, Etxebarriak eta Ataunek behar bezala argudiatu dute tratu txarrak jaso izana, eta aipatzen dituzten balizko egitateak nahikoak dira ikerketa ofizial eraginkor bat hasteko, bide emango liokeena, besteak beste, delituen erantzuleak idenetifikatzeko eta zigortze prozesua abiatzeko. Ohartarazi du hori ez egiteak poliziei “aukera” emango liekeela “zenbait kasutan, ia inpunitat osoz, euren kontrolpean daudenen eskubideak zapaltzeko”.

Nolanahi ere, hirugarren artikulua “prozedurazko ikuspuntutik” bakarrik urratzea egotzi dio, epaimahaiak ez baitu nahikoa frogarik Espainiako Estatua torturagatik zigortzeko; besteak beste, eta nabarmendu duen moduan, horiek ikertzerik ez duelako inkomunikazioak eragindako “zailtasunengatik”.

Espainiak helegitea aztergai

Rafael Catala Espainiako Justizia ministroak jakinarazi du gobernuaren zerbitzu juridikoek aztertu egingo dutela Estrasburgoren epaiari helegitea jarri edo ez. "Espainian kalitate osoz funtzionatzen duen giza eskubideen jurisdikzio-sistema bat bermatzeko konpromisoa" adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.