«Harridura» eta «kezka» adierazi dute EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU taldeek Eusko Legebiltzarrean, Xabier Atristain atxilotzeko agindua dela eta. Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakia «arbitrarioa» dela eta «ziurgabetasun juridiko sakona» eragin duela uste dute, gaur aurkeztu duten adierazpenean irakur daitekeenez.
EAJk, EH Bilduk eta EP-IUk gogorarazi dute Europako Giza Eskubideen Auzitegiak emaniko epaia «argia, irmoa eta bete beharrekoa» zela, eta, hortaz, harrigarri zaie Espainiak sententzia hura aintzat hartu ez izana: «Errespetuz hartu genuen Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainiaren aurkako Atristain auzia-n emandako epaia, zeinaren arabera Atristaini epaiketa justu bat izateko eskubidea urratu zitzaion, inkomunikazio erregimenaren aplikazioaren ondorioz. Sententzia horri jarraituz, Atristain aske geratu zen». Orain, Atristain atzera ere espetxeratuta, Auzitegi Gorenak «ziurgabetasun juridiko sakona» eragin duela uste dute hiru taldeek.
«Kezka» ere adierazi dute, «alternatibak egonda ere Atristain berehala espetxeratzeko agindua» eman duelako Espainiak.