Euskal presoak

Estrasburgok beste behin zigortu du Espainia euskal presoen eskubideak urratzeagatik

Lau euskal presoren «segurtasun juridikoa» urratu dela ebatzi du, Auzitegi Konstituzionalak haiek jarritako babes errekurtsoak ez onartzeagatik. Ez du, ordea, Frantzian betetako zigorrak Espainian kontuan ez hartzearen aurka egin.

Espainiako Auzitegi Konstituzionala. JUANJO MARTIN, EFE
2020ko urriaren 20a
12:08
Entzun

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiako Estatua zigortu du Gorka Martinez, Alvaro Juan Arri, Ion Gonzalez eta Jon Mirena San Pedro euskal presoek Auzitegi Konstituzionalean aurkeztutako babes errekurtsoak ez onartzeagatik. Auzitegiaren esanetan, lau presoek, «gutxienez, segurtasun juridikoaren falta sufritu dute». Ez die, baina, arrazoia eman Frantzian betetako zigor urteak Espainian kontuan hartzeko eskaerei.

Auzitegi Konstituzionalak bide judizial guztiak ez agortu izana argudiatu zuen errekurtsoa atzera botatzeko arrazoi gisa; hau da, Espainiako Auzitegi Gorenean kasua berriz aztertzeko beharrezko helegiterik ez aurkeztu izana. Ebazpenaren arabera, ordea, errekurtsoak ez onartu izanak presoek epaitegietara jotzeko duten eskubidea urratzen du, Europako Hitzarmeneko 6,1 artikulua, zehazki. «Pertsona orok eskubidea du bere kasua bidezko moduan, publikoki eta zentzuzko epe batean, epaitegi independente eta inpartzial baten eskutik», dio artikulu horrek.

Bi urteko epean hirugarrenez eman du Estrasburgok Espainiako Estatuaren aurkako ebazpen bat. Hiruretan arrazoi berberengatik. Aurrez, Santiago Arrospide, Alberto Plazaola eta Francisco Mujika Garmendiaren, eta Ismael Berasategi eta Rufino Arriaga euskal presoen kasuetan izan zen.

Aurreko ebazpenetan egin bezala, ordea, Giza Eskubideen Auzitegiak berretsi du Frantzian eginiko zigor urteak ez direla kontuan hartu behar Espainian, helegitea aurkeztu zuten presoek eskatutakoari kontra eginez. Ez du, behintzat, halakorik aipatu ebazpenean. Hala, ukatu egin du Espainiak Europako Hitzarmeneko 5.1. eta 7. artikuluak urratu izana. Pertsonen askatasunari eta segurtasunari egiten dio erreferentzia lehenak, eta indarrean dagoen legediaren pean zigortua ez izateko eskubideari bigarrenak (Ez dago zigorrik legerik gabe).

Lau euskal presoak 1998. eta 2009. urteen artean atxilotu zituzten, eta ETAko kide izatea eta 1989 eta 1993 artean Frantzian hainbat delitu egitea egotzita zigortu. 2014an eta 2015ean, eskatu zuten Frantzian betetako zigor urteak Espainian betetzen ari ziren espetxealdietan kontuan hartzea, Espainiako Auzitegi Gorenak 2014ko martxoaren 13an emaniko ebazpenean oinarrituta. Gorenak Europako Batasuneko bi estatutan betetako zigorrak batzearen alde egin zuen, Europako Kontseiluak 2008an hartutako erabakia dela medio. Urtebete geroago, ordea, Gorenak berak irizpidea aldatu zuen. «Ez dago eskatzaileek Frantzian betetako zigorrak kontuan hartzeko arrazoirik», adierazi zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, urte hartan. Estrasburgok ez du halako epaien aurkako ebazpenik eman ordutik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.