Estoniak kale izena kendu dio euskal soldadu sobietar bati

Ignacio Agirregoikoa Benitoren izena eman zioten Mustveeko kale bati, 1965ean. Orain, Estoniako Gobernuak agindu du izena aldatzeko, Errusiako arrastoen aurka egiten ari den kanpainaren barruan.

Ignacio Agirregoikoaren 1943ko argazki bat, eta Mustveeko haren kaleko buzoi bat. BERRIA
Ignacio Agirregoikoaren 1943ko argazki bat, eta Mustveeko haren kaleko buzoi bat. BERRIA
mikel p ansa
2024ko otsailaren 27a
16:37
Entzun

Ignacio Agirregoikoa Benito 1923an jaio zen, Soraluzen (Gipuzkoa). Haren hurrengo berria 1937koa da: tropa frankistengandik ihesi, itsasontzi batean sartu, eta SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunera bidali zuten. 14 urte baino ez zituen Agirregoikoak, eta Kiiven egon zen hasieran, egungo Ukrainan. Armada sobietarrean izena eman zuen gazte, 18 urterekin, eta hegazkinen pilotu izateko trebatu zen.

Bigarren mundu gerra betean, Estoniako frontera bidali zuten, nazien eta sobietarren arteko borrokalekura. Dozenaka irteera egin zituen hegazkinean, 1944ko martxoaren 9an hil zuten arte. Egun hartan Gdovatik irten zen hegazkinarekin; ez dago argi operazioak zer helburu zuen, baina uste dute Estonia bonbardatzera zihoazen hegazkin batzuen bizkarra zaintzen zihoazela.

Bertsio diferenteak daude; batzuen arabera, nazien airekoen kontrako kanoiek jo zuten Agirregoikoaren hegazkina; beste batzuen arabera, hegazkin naziek tirokatu zuten. Era batera edo bestera, Mustvee inguruan lurreratu behar izan zuen pilotuak, Peipus laku izoztuan, baina ez zen hil. Etsaien eremuan suertatu zen, ordea, eta Omakaitse milizia faxista estoniarreko kideekin topo egin zuen, eta elkarri tiroka hasi. Azkenean, hanka batean zauriturik eta ihes egiteko aukerarik gabe, milizia nazi estoniarren eskuetan ez uzteko, bere burua hil zuen Agirregoikoak. 21 urte besterik ez zuen.

Mustveen hilobiratuta dago euskal soldadu sobietar haren gorpua, hobi komun batean.

Handik bi hamarkadara, 1965ean, pilotuaren izena eman zioten herri horretako kale bati. Baina orduan ohoratzeko motibo zena —naziengandik askatu izana—, orain lotsaizun da Estoniako Gobernuarentzat, eta kale horri izena erretiratzeko agindu zion Mustveeko Udalari.

Udalak erantzun ez, eta, jarritako epea igaro zenez, Estoniako Eskualdeen Ministerioak dekretu baten bidez erabaki du izena kentzea Mustveeko kaleari. ERR tokiko hedabidearen arabera, herritarrak ohituak ziren izen horretara —izena ongi jaso ez, eta aldatua zuten: Benito Agirre esaten zioten kaleari—, eta ez zuten aldatzeko gogorik. 1.600 biztanleko herri txiki bat da Mustvee.

Kale izenak aldatzen

Eskualdeen Ministerioaren arabera, legez kontrakoa da Estoniako Errepublikaren sorreraren kontrakoak edota ordena konstituzionalaren aurkakoak liratekeen pertsonak edo ekintzak ohoratzea, eta horregatik ekin dio SESBekin lotura duten halako kontuak debekatzeari. Iaz, esaterako, Narva herrian Armada Gorria kalearen izena aldarazi zuen.

Duela 106 urte, 1918an, independentzia aldarrikatu zuen Estoniak. SESBek 1940an bereganatu zuen herrialdea, eta 1991n berreskuratu zuen independentzia. Errusiarekin muga du, eta duela bi urtetik, Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik, gaiztotu egin dira bi herrialdeen arteko harremanak, Errusiak Baltikoko herriak ostera ere bereganatuko ote dituen kezkatuta baitago Tallinn.

Orain dela hiru urte, Errusiak Espainian duen enbaxadak gogoan hartu zuen Agirregoikoa tenienteordea, Facebooken idatzi bat argitaratuta. Mezu horretan gogora ekarri zuen Agirregoikoari Leningradeko Defentsaren Medaila eta Izar Gorria ordena eman zizkiotela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.