Bizkaiko ahaldun nagusi 12 urtez izan ondoren utziko du kargua Jose Luis Bilbao Egurenek (Bilbo, 1957). Bizitza erdia Bizkaiko Batzar Nagusietan eman ondoren. 1983an aukeratu zuten lehenengoz diputatu, eta etxe horretan denbora gehien daraman pertsona da. Baita hango buru inor baino luzaroago ari dena ere. Erabateko konfiantza eman dio horrek ahaldun nagusiari, berez segurua eta hizketan zorrotza denari. 2015eko foru hauteskundeetara ez duela bere hautagaitza aurkeztuko jakinarazi du bere lekurik gogokoenean: Gernikako Juntetxean, Batzar Nagusietan politika orokorrerako eztabaidako hitzaldi nagusia egiten aritu denean.
Kargua utzita, garai berri baten hasiera etor daiteke EAJk zuzendutako Bizkaiko instituzioetara: izan ere, Bilbaoren ondorengo garaiak bat egingo du Azkunaren ondorengo garaiarekin. Iñaki Azkuna Bilboko alkatea hil ondoren haren lekua hartu zuen Ibon Aresok hasieratik esana du ez duela inolako asmorik bere burua hurrengo hauteskundeetara aurkezteko.
Bilbao-Azkuna tandema
Jarduteko eta adierazteko modu berezi bat eroriko da, beraz, Bizkaiko instituzio nagusietan, Bilbaok ez badu Azkuna alkatetzan ordezkatzen behintzat. Desberdintasunak eta aurkakotasunak bazituzten arren, asko ziren Bilbaok eta Azkunak zituzten antzekotasunak: bakoitzak bere modura gidatu izan du beti bere taldea nagusitasun osoz, mingain zorrotza izan dute biek, politikoki zuzenak ez diren adierazpenak egiteko joera izan dute, tematiak izan dira, eta alderdikideekin ere tonu gogorreko liskar publikoak izan dituzte. Baita euren artean ere. Hasierako urte liskartsuen ondoren, Bilbo biziberritzeko «burdinazko ituna» egin zuten Bilbaok eta Azkunak, eta lagun-min bihurtu ziren azkenerako.
Proiektu handiak gauzatu ditu Bilbaok bere agintaldian, eta porrotak ere izan ditu. Egin dituen azpiegitura erraldoien artean, esate batera, Hegoaldeko Saihesbidea da zulo agerienetakoa. Protesta artean egin zen 18 kilometroko errepideak 900 milioi euroko kostua izan zuen, eta apenas duen erabiltzailerik.
Haren agintaldian Bilboko Guggenheim museoa sendotzea lortu du ahaldun nagusiak, baina, bigarren Guggenheim bat Urdaibain eraikitzeko apustua ezin izan du gauzatu. Liskar iturri izan zen, gainera, bereziki Bilbaok eta Josune Ariztondo Kultura diputatuak Urdaibairako zuten proiektua. Ahaldun nagusia eta orduan Eusko Jaurlaritzako lehendakari zen Patxi Lopez aurrez aurre jarri zituen. Eta ez zen izan lehendakariarekin izan zuen eztabaida bakarra. Are, zenbaitzuen ustez, lehendakari sozialista erasotzeko tresna bihurtu zuen EAJk Bilbao.
Beste zenbait proiektu liskartsu ere sustatu ditu ahaldun nagusiak. Ekonomialaria izanik bere burua beti kudeatzaile on gisa agertu duen arren, austeritatea, zorroztasuna eta kontrola sutsu defendatu dituen arren, dirutzak eman dizkie kirol talde pribatu handiei: Bilbo Basket da adibide argiena. Eta ez da ahaztu behar Athletic futbol taldeari San Mames berria egiteko foru aldundiak eman dion dirutza.
'Jobubiak', Bizkaiko gazteak
Bilboko Matiko auzoan, familia jeltzale batean jaio zen Bilbao, eta gerora alderdi barruan indar handia hartuko zuen taldeko kide izan zen hasieratik; jobubis deitzen zioten taldeko kide (jovenes burukides vizcainos hitzen laburdura gisa deitzen zituzten horrela: Bizkaiko burkide gazteak).
Gaur egun EAJk bai alderdian bai instituzioetan dituen ordezkaririk garrantzitsuenak ziren jobubi-ak: Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Andoni Ortuzar Euskadi Buru Batzarreko presidentea, Koldo Mediavilla, Joseba Aurrekoetxea eta Iñaki Goikoetxea EBBko kideak, eta Aitor Esteban Espainiako Kongresuan EAJk duen bozeramailea, adibidez.
EGIn hasi zuten militantzia, gehienek. Elkarrekin aritu ziren EAJren gazte erakundean, eta, Bilbao gainontzekoak baino pare bat urte nagusiagoa izanik, haren agindupean jardun zuten gainontzekoek, garai batean: Franco ondorengo lehen urteetan EGIren arduraduna izan zen. Hala, 1976an EAJn afiliatu zenetik, ardura postuetan aritu da beti.
Egun EAJ gidatzen duten Bizkaiko gazte haiek pixkanaka egin zuten lekua alderdian. Lehenetarikoa izan zen Bilbao, ahaldun nagusi kargua hartuta: Josu Bergara zen Bizkaiko Aldundiko buru. 2003an kargurako barne hauteskundeak egin zituzten, eta biak lehiatu ziren. Xabier Arzalluzek berak Bergararen hautagaitza babestu zuen publikoki, baina militantziak belaunaldi berriko Bilbao babestu zuen. Ordutik da diputatu.
Belaunaldi berriaren garaia
Orain ere, Bizkaiko EAJra belaunaldi berri baten garaia iritsi dela dirudi. Zurrumurruak egia bihurtu eta Unai Rementeria aldundiko bozeramailea Bilbaoren ordezko bihurtzeak frogatuko luke hori. Bilboko alkatetzarako EAJk zein hautagai aurkeztuko duen ez da oraindik ezagutzen, baina aspaldi ari dira alderdi barruan ordezko «gaztearen» beharra plazaratzen.
Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidentea da belaunaldi berri hori ordezkatu duen lehenetarikoa, eta Atutxa bera izango da Bizkaiko ahaldun nagusi kargurako zein Bilboko alkatetzarako EAJk proposatuko dituen izenen berri emango duena. Urriaren 7an izango da hori, hautagaitzak aukeratzeko barne prozesua hasten den egunean.
Bilbao ahaldun nagusi denetik Batzar Nagusietako presidente Ana Madariaga nork ordezkatuko duen ere erabaki beharko du alderdiak, Madariagak ere atzo bertan jakinarazi baitzuen ez duela berriz bere burua aurkeztuko kargurako.
Gipuzkoan, Martin Garitano ahaldun nagusiak esana du ez duela karguan segituko.
Jose Luis Bilbao
Estilo baten amaiera Bizkaian
Azkuna Bilboko alkatea hil den legealdi berean emango du amaitutzat Bizkaiko Aldundiko buruzagitza Bilbaok. Berak ez badu alkatea ordezkatzen, behintzat, jarduteko modu bat buka daiteke EAJn.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu