Estigma, autoestigma bihurtzeraino

Buruko gaixotasunen bat dutenek jasaten dituzten aurreiritzi eta bazterketari buruzko azterketa egin du Fedeafes federazioakErien gaineko estigmak «sufrimendua eta bakartzea» dakartzala azaleratu du lanak

Buruko gaixoen estigmari buruzko azterketa aurkeztu zuen atzo Fedeafesek, Eusko Jaurlaritzako ordezkarien babesarekin. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2014ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
«Marka negatiboa da». «Besteek pentsatzen dutenak baldintzatzen gaitu». «Jendeak Psycho filma ikusi du». «Arriskutsuak garela uste dute». «Ikasketak dituzten batzuek ere esan digute hiltzaileak garela». Horixe da estigma, buruko gaixotasunen bat dutenen hitzetan. Eriok egunero jasaten dituzten aurreiritziak, diskriminazioa eta alboratzea aztertu ditu Fedeafesek (Buru Gaixotasuna duten Pertsona eta Senideen Elkarteen EAEko Federazioa), eta ondorioztatu du «autoestigma» ekar dezaketela. Hau da, aurreiritzi horiek sinestera hel daitezkeela gaixoak, Maria Jose Cano Fedeafeseko kudeatzaileak atzo Bilbon eginiko aurkezpenean azaldu zuenez: «Ezer egiteko gai ez direla barneratzen dute. Horrek kalte egiten dio eritasunaren bilakaerari, eta gizarteratzea oztopatzen du».

Buruko gaixotasunen bat dutenek «zailtasun bikoitza» daukatela berretsi du Canok: batetik, eritasunaren sintomei aurre egin behar diete, eta, bestetik, eritasunak dakartzan aurreiritziak eta bazterketa pairatu behar dute. «Eskala sozialean behera egitea» eragiten du estigmak, eta gaixoen «bizi-kalitatearen dimentsio guztietan» antzematen da, baita senideengan ere: «Sufrimendu handia sortzen du». Eriek ere hala adierazi dute: «Gaizto sentitzen garen pertsona onak gara»; «Ate asko ixten zaizkit»; «Ez dut askatasunik»; «Autoestimu baxua dut, gizartera moldatu gabetzat dut neure burua». «Ez dut beste pertsonekiko harremanik, bakartu egiten naiz»; «Lotsa sentitzen dut».

3.000 sendi inguru daude Araba, Bizkai edo Gipuzkoako elkarteetan izena emanda. Buruko gaixotasunen bat duten 200 lagunekin egin du Fedeafesek ikerlana, erien jabekuntza eta parte hartzea bultzatzeko. Izan ere, bizimodu normalizatua eraikitzea eragozten die estigmak: lana aurkitzeko zailtasunak dauzkate, lagunak galtzen dituzte, bakartuta geratzen dira, ez dute gaitzari buruz hitz egiten, laguntza bilatzea kostatzen zaie... Dena den, Canok onartu du eritasun guztiek ez dutela bazterketa berdina eragiten: «Eritasun larriek, hala nola eskizofreniak, nahasmendu bipolarrak edo mugako nortasun nahasmenduak oso estigma gogorra dute; depresioa eta anorexia sozialki onartuago daudela ematen du».

Edonola ere, «gizartearen begirada aldatzea» jarri du xede federazioak. Ildo horretan, buruko gaixotasunen eta indarkeriaren edota norbere buruarekiko kontrol faltaren arteko lotura oso hedatua dagoela salatu du Canok, eta aurreiritziok okerrak direla azaldu: «Ezjakintasun handia dago gizartean. Buruko gaixotasunak trata daitezke, diagnostikoa egin ostean, eta eritasunak dituzten pertsonak osa daitezke».

Arreta egokia giltzarri

Estigmaren aurkako neurririk onena arreta egokia dela ere nabarmendu du Fedeafesek. Erien jabekuntza sustatu beharraz mintzatu da, baita lan hori zeharka gauzatzeaz ere. «Azken urteetan aldaketa esanguratsuak egon dira: komunitate arretaren eredua abiatzea ezinbestekoa izan da, eriak okupatuta eta aktibo egon daitezen».

1980ko hamarkadan izan zen jauzia, gaixoak ospitale psikiatrikoetara bidaltzeko joera geldotu zenean. «Estigma mintzaira sozialean dago, baina gaitzak tratatzeko moduetan ere bai», onartu du Gillermo Viñegra Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuordeak. Erronkatzat hartu du buru osasunaren arreta Osakidetzaren egituran txertatzea, «ghettoak saihesteko».

Horrekin lotuta, baliabideak galdegin ditu Canok, eriek tratamenduekin jarraitu ahal izateko, batez ere murrizketa garaiei erreparatuta: «Oso garrantzitsua da gaixoak ez abandonatzea. Botikak hartzeari uzten badiote, krisi psikiatrikoak gerta daitezke, eta eritasuna ezagutzen ez dutenei alarma eragin diezaiekete ezohiko gertaera horiek. Komunitatean beldurra eta arbuioa eragin dezake pertsona horrek».

Baina oraindik bide luzea dago egiteko, erakunde publikoetatik hasita. Fedeafesek azaleratu du eremu askotan buruko eritasunei buruzko aurreiritziak barneratu dituztela. Adibidez, hezkuntza sisteman: «Haur batek arazoak agertzen dituenean, alboratu egiten dute, klaseen erritmoa mozten duela eta beste umeekin egon ezin dela argudiatuta. Irakasleak ez daude egoera horiei aurre egiteko prestatuta». Edo osasun arloan: «Dena egozten diote gaitzari. Lepoko minarekin medikuarenera joan zen bati gaixotasunaren ondorio zela esan zioten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.