Esther Apraiz jeltzalea izango da Eudeleko presidente berria

EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta plataforma independenteen ordezkaritza batek akordio bat itxi dute hautagaitza bakarra aurkezteko. Zuzendaritzan seina kide izango dituzte EAJk eta EH Bilduk.

Derioko alkate Esther Apraiz. BERRIA
Iosu Alberdi.
2023ko irailaren 12a
17:49
Entzun

EAJk jakinarazi duenez, Eudel Euskal Udalen Elkarteko zuzendaritza osatzeko akordioa erdietsi dute jeltzaleek, EH Bilduk, PSE-EEk eta udal plataforma independenteetako ordezkariek. Hala, zuzendaritza berritzeko zerrenda bakar bat aurkeztuko dute legealdiko lehen bilkuran, datorren asteartean. Derioko (Bizkaia) alkate Esther Apraizek (EAJ) ordezkatuko du Gorka Urtaran presidentetzan. Presidenteordeak, berriz, azken legealdiko berdinak izango dira: Azpeitiko (Gipuzkoa) alkate Nagore Alkorta (EH Bildu) eta Irungo (Gipuzkoa) alkate Jose Antonio Santano (PSE-EE).

Publiko egindako proposamenaren arabera, Eudelen batzorde exekutiboa hamabost lagunek osatuko dute: EAJko eta EH Bilduko seina kide, PSE-EEko bi eta Zalla Bai plataformako bat —Joseba Andoni Zorrilla—. Apraizekin batera, Nati Lopez de Muniain (Burgu, Araba), Maialen Gurrutxaga (Elgoibar, Gipuzkoa), Jon Luqui Albisu (Urretxu, Gipuzkoa), Erlantz Urresti (Jatabe, Bizkaia) eta Txerra Molinuevo (Amurrio, Araba) izango dira EAJren ordezkariak. EH Bilduk, berriz, Alkorta, Iñigo Hernando (Galdakao, Bizkaia), Txelo Auzmendi (Asparrena, Araba), Xabier Lertxundi (Hernani, Gipuzkoa), Eneritz Azpitarte (Zaldibar, Bizkaia) eta Izaro Elorza (Oñati, Gipuzkoa) proposatu ditu. Sozialistenak, berriz, jakinak ziren: Santanoz gain, Mikel Torres Portugaleteko (Bizkaia) alkatea proposatu zuen atzo PSE-EEko zuzendaritzak.

Batzorde exekutiboa soilik ez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Lurralde Batzordeen banaketa ere egin dutela azaldu dute, eta banaketa horietan bermatu direla gizonen eta emakumeen arteko oreka zein 2.500 biztanletik beherako udalerrien presentzia. Hala, Eudel «indartuta» aterako dela uste du EAJren Euzkadi Buru Batzarreko burukide Koldo Mediavillak, eta eskerrak eman dizkie gainerako mugimendu politikoei, «indarrak batzeko eta Euskadiko Udalen Elkartea indartzeko egindako ahaleginagatik».

Zalantzak

Maiatzeko bozen ostean, EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik mahai gainean jarri zuen udalen elkartea koalizio subiranistako kide batek zuzentzeko aukera. Izan ere, EH Bildu izan zinegotzi gehien —denera, 1.050— eskuratu zituen alderdia Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta horrek balio izan zion ekaineko udal bilkuren ostean 107 alkatetza bereganatzeko. Hala, koalizio subiranista da hiru lurraldetan udal gobernu gehien zuzentzen dituen taldea, jeltzaleek baino 17 gehiagorekin.

Hiri handienetan, baina, egoera bestelakoa da. Jeltzaleen esku daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hogei udalerri populatuenetatik 11, EH Bilduren gidaritzapean bost eta PSE-EErenean lau. Eta lehen hamarrei soilik erreparatuz gero, jeltzaleek dute alkatetza seitan, sozialistek hirutan eta koalizio subiranistak bakarrean; hain justu, zerrendako hamargarrenean, Errenteria (Gipuzkoa).

Horiek udalerri txikiagoek baino garrantzia handiagoa dute Eudelen barne funtzionamenduan. Izan ere, elkarteko araudiaren arabera, 245 udalek parte hartzen duten arren, botoak biztanle kopuruaren arabera banatzen dira. 150.000 biztanletik gorako udalerrietako —Bilbo, Gasteiz eta Donostia— ordezkaritzek 30 boto dituzte; 100.001 eta 150.000 herritar artean dituztenek —Barakaldo (Bizkaia)— 25 boto; 50.001 eta 100.000 artekoek —Getxo (Bizkaia) eta Irun (Gipuzkoa)— hogei...

Hala, EH Bilduren eskaera «legitimotzat» jo zuen arren, Mediavillak argudiatu zuen alderdiek jasotako boto kopuruari eta udalerrietan bizi den herritar kopuruari egin behar zitzaiola jaramon. Izan ere, banaketa hori kontuan hartuta, jeltzaleek 436 boto emateko aukera dute, EH Bilduk 398, PSE-EEk 126, plataforma independenteek 78 eta PPk hiru.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.