Begi onez ikusten dituzte. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanle gehienek pertzepzio positiboa dute immigrazioaren fenomenoari buruz. Besteak beste, herritarren %70ek uste dute migratzaileen etorrerak «ondorio positiboak» dituela ekonomiaren alorrean. Halaber, ez datoz bat immigrazioari lotutako estereotipoekin. Hala, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lau herritarretik hiruk ez dute uste migratzaileen etorrerak «euskal nortasuna galtzea» ekarriko duenik edo euskararen garapena geldiaraziko duenik. Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak emaniko datuak dira, Atzerriko biztanleriarekiko pertzepzioak eta jarrerak urteroko barometroan jasoak.
Atzo egin zuten aurkezpena, Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan. Han izan ziren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosa; EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Bizkaiko campuseko errektoreorde Gorka Moreno; eta Ikuspegiko zuzendari Julia Shershneva. Txostena ontzeko lagina aurtengo martxoan jaso zuten, 25 udalerritan etxez etxe eginiko 600 inkestaren bidez.
Horien bidez, Ikuspegik ondorioztatu du «handia» dela EAEko biztanleek atzerritarrekiko duten «tolerantzia indizea» (66,36koa), baina behera egin duela iazko datuekin alderatuta (69,28). Hala ere, Shershnevak azaldu zuen urtetik urterako beherakada puntuala dela, eta Ukrainako gerrak eragina izan zuela iazko datuetan: «Tolerantzia indizeak aurreko urtearekin alderatuta atzera egin duela dirudien arren, iazkoa izan zen Ukrainaren inbasioak eta giza krisiak markatutako urtea, eta joera orokorra goranzkoa da».
Datuen argitara, gainera, agerikoa da eskuin muturrak migratzaileen aurka zabaldutako diskurtsoek eragin txikia izan dutela. Ikuspegiren barometroaren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanle gehienek ez dute immigrazioa arazotzat hartzen: inkesta eginikoen %1,7k soilik uste dute «arazo pertsonala» dela, eta %4,7rentzat, arazo orokorra da «Euskadirentzat». Etorkinei lotutako estereotipoak baztertzen dituzte herritar gehienek ere. Adibidez, 2010etik aurrerako datuak aintzat hartuta, askoz gutxiago dira immigrazioa langabezia tasa handiago batekin lotzen dutenak: %60,8 ziren 2010ean, eta %16,9 dira orain.
Immigrazioak gizartean dituen ondorio positibo eta negatiboen pertzepzioa inoizko handiena da ere: 6,30 puntukoa da, 0 eta 10 puntu arteko eskalan. Duela hamar urte, ez zen 5era iristen.
Emakumeak eta zaintza
Hala ere, itzal batzuk ere agerian utzi ditu Ikuspegiren txostenak. Eskubideen gaineko atalean, inkesta bete dutenen heren batek (%29,2) uste du bertan jaiotakoek «lehentasuna» izan beharko luketela osasun arreta, gizarte laguntza edo babes ofizialeko etxebizitzak eskuratzeko garaian. Iaz, %18,2 ziren hori pentsatzen zutenak.
Emakume etorkinen gaineko pertzepzioa, bestalde, gizonezkoena baino are positiboagoa da barometroan, baina «ikuspegi utilitarista» batetik soilik, beren ekarpena etxeko lanei lotuta ageri baita. Hala, hamarretik bederatzik uste dute emakume migratzaileak «funtsezkoak» direla zaintza lanetan. Gizarteari egiten dioten ekarpena «oso garrantzitsua» dela erantzun dute %75ek, eta, besteak beste, «familia eta lana hobeto uztartzea ahalbidetzen dutela». Hau da: datuek erakusten dute emakume etorkinak ongi ikusita daudela, zaintzaren eta etxeko lanen ardura beren bizkar gelditzen diren heinean.
Emakume migranteen prekaritatea ere agerian gelditu da Ikuspegiren txostenean. Inkesta egin dutenen %78,4k uste dute andre etorkinek «lan baldintza okerragoak» dituztela, «emakume etorkin izateagatik»; emakume musulmanen kasuan, egoera are makurragoa dela eta «zailtasun handiagoak» dituztela erantzun dute %74,6k.
Estereotipo arrazistek ez dute aldatu etorkinen gaineko iritzi orokorra
'Atzerriko biztanleekiko pertzepzioak eta jarrerak' barometroaren datuak aurkeztu ditu Ikuspegik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu