Andoni Ortuzar EAJren EBBko buru ohia batasunerako deia eginez agurtu zen atzo Donostiako Atano III.a frontoian, alderdiaren IX. Batzar Nagusian, eta Estebanek batasuna eskatuz hartu zuen aginte makila, alderdikideen txalo artean, hunkituta. Batasuna, eredugarritasuna eta apaltasuna eskatu zituen lehen hitza hartzean. Bi buruek erakutsi dute zein duten lehentasuna: alderdi barruko txatalak jostea eta aurrera egitea. Eta horretarako lehen agindua eman zuen Estebanek: etxeko trapu zaharrak etxean garbitzeko eskatu zuen. Gaur elkartuko da EBB berritua Sabin Etxean lehenengoz.
Hautespen aldi luze bat amaitu zuten atzo jelkideek. Lurralde batzarretako buruzagitza iragan udazkenean berritu zuten. Eta gero EBBren berrikuntzan murgildu ziren. Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko lehendakariak eman zuen lehen albistea: bere aro politikoa amaitutzat ematen zuela jakinarazi zuen. Barne lurrikarak sumatzen ziren ordurako, eta barne mugimendu zailenak Bizkaian izan dira geroztik. Ez alferrik, urtarrilaren amaieran Ortuzar eta Esteban buruz buru agertu ziren EBBko lehendakaritzarako prest. Argi erakutsi zuten alderdiarekiko leialtasuna, baina Ortuzarrek pauso bat atzera egin zuen, jakitun baitzen EBBren bigarren hautespen aldira bi hautagai iritsiz gero alderdiaren zatiketa azaleratuko zela. Estebanek ere argi esan zuen atzo: «Desleialtasunak ez du lekurik alderdi honetan». Ez zen hori, ordea, alderdian arrakalak zeudela adierazten zuen sintoma bakarra.
EAJ bere txosten politikoa eta barne organoak berritzen ari zen bitartean, modu paraleloan politikak bere bidea egiten segitu du, eta zenbait auzi piztu dira. AHTari eta euskarari lotutakoak izan dira azken hilabeteotan barne mailan pitzadurarik handienetakoa erakutsi dutenak. Agian horregatik aitortu zuen atzo Estebanek, lehendakari gisa hitza hartu zuen lehen aldian, erakundeen eta alderdiaren arteko mezuen koordinazioa hobetu beharra daukatela.
Desadostasunak
AHTaren auzian ez dute jarrera argirik hartu txosten politikoan. Estebanek, baina, aginte makila hartu orduko, alderdikideei agindu zien desadostasunak alderdi barneko kanalak erabiliz eztabaidatzeko, trapu zaharrak ez aireratzeko eskatuta. Hizketarako dohain itzela erakutsi zuen beste behin, Espainiako Kongresuan egin dituen 21 urteetako bidean hainbeste loriatu dioten hori, hain zuzen. Atano III.ean hiru eletan lerro bakar bat ere irakurri gabe jardun zen maisuki ia ordubetez alderdikideen aurrean. Gehientsuena euskaratik gaztelaniara jauzika egin zuen, eta tarte batean frantsesez ere mintzatu zen.
Eskoziarrak gonak nola, euskaldunak euskarak bereizten dituela esan zuen, hizkuntza nazioarekin lotuta. «Erregistro guztietara eramango dut», esan zuen. Zatiketarako tresna izan da, ordea, euskara jelkideen artean. Ikuspuntu diferenteak izan dira Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioetan hizkuntza eskakizunen auzian. Ikusteko dago aurrerantzean zer rol hartuko duten jelkideek hizkuntza politikak behar duen jauzian.
Bestalde, EBBko buru berriak lehentasunen artean zera aipatu zuen, alderdian emakumeen rola sustatu beharra, «hasiera-hasieratik». EBB berriak desoreka nabarmena du generoari dagokionez. Estebanek ez ezik, beste hamahiru kidek osatzen dute EAJren zuzendaritza berria, eta lau baino ez dira emakumezkoak. Ezaguna da alderdian ildo horretan lanean ari direla, baina oraingo EBBn behintzat ez da halakorik islatuko.
Buruzagitza gaztetua
Estebanek Espainiako Kongresuan azken aldiz hitza hartu zuenean zera eskatu zien batez ere mutil gazteei, politikan sinesteko eta bizkarrik ez emateko, politika gizartea hobetzeko tresna gisa ulertuta. Hari horri heldu zion alderdiko buru gisa hitza hartzean: «Jone, Maitane, Joseba, Javi: zuek zarete oraina». 32 eta 42 urte artean dituzte EBBko kide izendatu berri horiek, eta zuzendaritza berria oro har gaztetu dute, 45-55 urte inguruan baitituzte gainerako ia gehienek. Pantxoa Bimboire da alde handiz nagusiena —75 urte ditu—, eta gero Esteban bera —62 urte—. Gainerako guztiak gazteagoak dira. Haiei «entzuteko» prestasuna agertu du Estebanek.
EBB berritua
- Aitor Esteban. EAJren EBBko lehendakaria.
- Iñigo Ansola. Bizkai Buru Batzarreko lehendakaria.
- Maitane Ipiñazar.
- Manu Tejada.
- Miren Martiarena.
- Andoni Busquets.
- Maria Eugenia Arrizabalaga. Gipuzko Buru Batzarreko lehendakaria.
- Markel Olano.
- Ion Ganbra.
- Jone Berriozabal. Araba Buru Batzarreko lehendakaria.
- Joseba Diez Antxustegi.
- Unai Hualde. Napar Buru Batzarreko lehendakaria.
- Javi Ollo.
- Pantxoa Bimboire. Ipar Buru Batzarreko lehendakaria.
EBB berrian Bizkaiaren alde egin dute berriz ere indar harremanek, hor ditu-eta afiliatu gehienak alderdiak. Estebanez gain, beste hamahirutatik bost dira bizkaitarrak. Horrenbestez, sei bizkaitarrek, hiru gipuzkoarrek, bi arabarrek, bi nafarrek eta Ipar Euskal Herriko ordezkari batek osatuko dute EBB. Estebanen lanik behinenetako eta zailenetako bat hau izango da: politika jakin batzuen bidez, besteei —eragile, alderdi, herritar...— sinetsaraztea EAJ alderdi zabal bat dela, Bizkaiko lurraldetik, eta are, gero eta gehiago Bilbo handitik harago doan alderdi bat.
Hurrengo hauteskundeak urrun ditu, baina azken zikloak aho zapore mingotsa utzi zieten jelkideei, Europarakoetan 185.000 boz baino ez baitzituzten lortu. Hala eta guztiz ere, hegemonikoki eusten diete Eusko Jaurlaritzari eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako diputazioei eta hiriburuei, PSErekin duten koalizioari esker hein handi batean —Gasteizen salbu; han PSEk du alkatetza, EAJren babesarekin—.
Gauzak modu berdinean eginda, Estebanek zaila izango du emaitzak aldatzea. Hurrengo hauteskunde zikloa hasi aurretik, badu astia euskarari, emakumeen ordezkaritzari eta herri kohesioari buruz esandakoa herri politiketan islatzeko. Horrez gain, ikusteko dago zer indarrekin helduko dion dagoeneko alderdi nagusienen arteko konplizitatez lantzen hasita dagoen estatutu berriaren negoziazioari.
EAJren 130 urteko historian beste katebegi bat jarri zuten atzo, eta aurrekoak izan zituen gogoan Estebanek, baina gaur da bere aroko lehen eguna. Ziklo berri bati hasiera emateko aukera dauka.