Espainiako hauteskundeak

Estebanek esan du Madril dela «autogobernuaren lehen defentsa lerroa»

Espainiako Gorteetarako hautagai jeltzaleak autogobernua defendatu du, «saiakera birzentralizatzaileen aurrean».

Aitor Esteban eta Maribel Vaquero, gaur, Donostiako Euskadi plazan. BERRIA
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko uztailaren 8a
15:03
Entzun

Espainiako Diputatuen Kongresurako eta Senaturako hauteskundeen atarian, EAJk ekitaldi politikoa egin du gaur Donostian. Aitor Estebanek, EAJren Bizkaiko zerrendaburuak, Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren autogobernua «defendatzen segitzeko konpromisoa» hartu du bere alderdikideen artean: «Autogobernua defendatzen da, lehen-lehenik, Madrildik. Hemen Eusko Jaurlaritza abertzale bat egon daiteke, baina lehen defentsa lerroa Madrilen dago, bertan aurkezten direlako erasoak. Ekidin behar ditugu zuzenketen bitartez, gure botoaren bitartez. Beraz, Madril da gure autogobernuaren lehenengo defentsa lerroa».

Hautagai jeltzaleak nabarmendu du «saiakera birzentralizatzaileak» egoteko aukera dagoela, eta, horien aurrean, EAJ dela «autogobernua, euskal erakundeak eta Ekonomia Ituna Madrilen defendatuko dituena, ahots hori gure ongizatearen eta gure eskuduntzen defentsan eramango duena». Izan ere, berretsi du autogobernua dela «ongizaterako bermea».

Esan du Madrilen autogobernuaren aurkako erasoak egin dituztela «eskumatik zein ezkerretik», eta EH Bildu ere kritikatu du: «Gogoratu dezagun Euskadin gure erakundeenganako eta autogobernuarenganako mespretxua egon zela ezker abertzaletik».

Donostiako Euskadi plazan egin dute ekitaldia, erbestean Eusko Jaurlaritzako lehendakari izandako Jesus Maria Leizaolaren eskulturaren aurrean. Maribel Vaquerok, EAJren Gipuzkoako zerrendaburuak, Leizaolaren belaunaldia goretsi du. Esan du Leizaola demokraziaren eta askatasunaren «irudia» dela. Erbestean autogobernua defendatu izana txalotu dio Vaquerok lehendakariari, eta «bide beretik» jarraitzeko asmoa adierazi du: «Leizaolak egin zuen moduan, daukagun onena emango dugu, Euskadin eta Madrilen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.