PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak bilera egin du gaur EAEko PPko buru Javier de Andresekin, eta berretsi du «ezin konta ahala gauzak» banatzen dituztela alderdi biak, baina, bere izendapenaren harira egiten ari den bilera sortaren ale horretan, eman du izenburu bat Anduezak, eta jarraitu egin dio EAJko presidente berriak, Aitor Estebanek, orain arte estatus berria dela-eta erakutsi duen zuhurtziaren arrastoari: «Arlo identitarioa jokoan sartzeak frustrazioa eta porrota ekartzen ditu». Anduezak uste du horixe gertatuko dela «nazionalistek» arlo «identitarioa» lehenesten badute.
EBB Euzkadi Buru Batzarreko presidente Aitor Estebanek agenda bete-beterik dauka kargua hartu zuenetik —igandean hartu zuen, Donostiako Atano III.ean—, eta EAJren aginte makila eskuratu berritan elkarrizketa bat eman zuen Radio Euskadin: apaldu egin zituen estatus berriaren inguruko espektatibak, «Madrilgo zailtasun handiak» azpimarratuta. Estebanek ez du azaldu bere aurretik EBBko buru izandakoak, hau da, Andoni Ortuzarrek azken asteetan helarazi duen baikortasuna, eta, horren ordez, mezu apalagoa zabaltzen ari da burujabetzaz aritzean.
Bada, PSEko buruak adierazi du beste estatutu bat adosteko prozesua «duela bi legealdi utzi zen leku berean» hasi behar dutela. «Abiapuntu horretan gaude, eta badakigu arlo identitarioa jokoan sartzeak frustrazioa eta porrota ekartzen dituela», esan du. Anduezak nahi du «indar nazionalistek, subiranistek eta independentistek interes orokorra aurretik jartzea, eta ez interes partikularrak».

«Nahi dut indar nazionalistek, subiranistek eta independentistek interes orokorra jartzea aurretik, eta ez interes partikularrak»
ENEKO ANDUEZAPSE-EEko idazkari nagusia
Estebanek haren erreleboa hartu aurreko egunean, Ortuzarrek jakinarazi zuen EAJk, EH Bilduk eta PSOE-PSEk aurrerapenak eginak zituztela estatus berriari lotutako gai batzuetan, eta baikortasun mezu argia eman zuen. Orain, baina, Andueza oso bestela mintzatu da. PSEko buruak esandakoa aintzat hartuta, baliteke Estebanen iritsierak orain arteko negoziazioei indarra kentzea.
Bilera Ajuriaenean
Anduezarena eta De Andresena ez da izan gaurko bilera bakarra. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek EBBko buru Esteban hartu du Ajuriaenean. Lehen lan bilera izan dute Estebanek EAJren buruzagitza hartu duenetik. Ordubete iraun du batzarrak, eta «elkar ulertzea» nagusitu da, EAJk ohar baten bidez azaldu duenez. «Herriaren egungo erronken inguruko diagnostikoa» egin dute, eta horiek konpontzeko «elkarlanaren bidetik» ariko direla hitzeman.
Esteban Tolosako (Gipuzkoa) Uzturre foroan ere aritu zen, atzo, eta berriz azpimarratu zuen zer zailtasun dauden akordio bat egin eta haren bidez Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak bestelako harreman bat izateko Espainiako Estatuarekin, baina ziurtatu zuen EAJk ez duela aukerarik alferrik galduko, halakorik sortzen bada. EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik atzo bertan erantzun zien zuhurtzia mezu horiei, eta gogora ekarri zuen Ortuzarrekin adostu zuela «orain dela garaia» burujabetzan aurrerapauso bat emateko. Esan zuen hor dagoela Pedro Sanchez Espainiako presidentearen gobernuak eskaini ahal duen «aukera leihoa». Eta balekotzat eman zuen arren Madrilen egon daitezkeen trabei begira zuhurtzia helaraztea, «anbizio nazionala» eskatu zion Estebani.
Bada, EBBko buruak erantzun egin zion Otegiri atzo, Tolosan: «EH Bildu presaka dabil orain», Estebanen arabera, eta «EAJk beti» erakutsi du «ausardia nazionala erakundeetan». Otegiren hitzei erreparatuz, galdera bat egin zuen Estebanek: «Zertan aritu dira, ba, berrogei urtean? Guk bultzatu ditugu erakundeak, eta haiei iruditzen zitzaien hori ez zela ezer». Edonola ere, aukerarik sortzen bada, jeltzaleek ez dute alferrik galduko, Estebanek azpimarratu duenez. Igandeko Batzar Nagusian ere esamolde hori erabili zuen: «Sortzen diren aukerak baliatzea».
Halaber, erantsi zuen «PSE-EErekin ere akordioak» egin behar direla. Hori ez da berria, hala Otegi nola Ortuzar aspaldian esaten ari baitziren EAJren, EH Bilduren eta PSEren arteko akordio bat lortu nahian dabiltzala. Ortuzarrek «PSOE-PSE» formula erabili zuen EBBko buru gisa eman zuen azken elkarrizketan, PSOE ere ekuazioan sartzeko, eta aditzera eman giltza Madrilen dagoela; hau da, PSOEk duela azken hitza, ez PSEk.
«Zertan aritu dira [EH Bildukoak], ba, berrogei urtean? Guk bultzatu ditugu erakundeak, eta haiei iruditzen zitzaien hori ez zela ezer»
AITOR ESTEBANEBBko presidentea
Estebanen ustez, baliteke Madrilen zailtasunak izatea, besteak beste, PPren jarreraren eta Espainiako Kongresuko gehiengo aldakorren eraginez. Horri lotuta, galdera bat egin zuen: «Zer egingo dute katalanek?». Haren hitzetan, ez dute zertan kontra egin, baina uste du litekeena dela haien jarrerak Espainiako Gobernua baldintzatzea. Hala, lasaitasuna eskatu zuen, ez baitu «frustraziorik» sortu nahi.
Ezkio ala Gasteiz
Arabako eta Gipuzkoako foru aldundietako agintarien artean ageriko desadostasunak sortu dira AHT abiadura handiko trenaren bidez Nafarroa eta EAE lotzeko aukerak direla eta, baita Gipuzkoako Aldundiaren eta Nafarroako Gobernuaren artean ere. Bada, hain zuzen, Ezkioren eta Gasteizen inguruan ere galdetu zioten Estebani Tolosan. Izan ere, EBBk orain arte ez du bataren ala bestearen alde egin, eta Estebanen zuzendaritzak ere denbora irabaztea erabaki du, EBBko buruaren erantzuna aintzat hartuta. Adierazi zuen Aralarren katak egin behar direla, Eusko Jaurlaritzaren mezu nagusiarekin lerrokatuta. «Oso erraza da mapa batean marrak egitea», esan zuen. Estebanek «argi» dauka hori eginez gero «Ezkio» dela erantzuna, baina «guztiari buruzko balorazio bat» egin behar dela; hala, zabalik utzi zituen aukera guztiak.
«[AHTaren] Katak egin behar dira, eta egingo dira; gero, denon artean ikusi behar dugu, eta denon artean erabaki, baina azken hitza Espainiako Gobernuak dauka»
AITOR ESTEBANEBBko presidentea
Jarraian, Estebanek ezbaian jarri zuen Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendozak defendatzen duen tesi bat, eta hor badago berritasun bat, Gipuzkoan ezkortasuna zabaltzeko modukoa, gainera. Gipuzkoako Aldundiak esana dauka Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Gobernuak adostuta hartuko dela AHTaren loturari buruzko azken erabakia. Joan den astean BERRIAn egindako elkarrizketan, Mendozak gogoratu zuen Pradales Jaurlaritzako lehendakariak horrela hitzarturik daukala Sanchezekin.
Bada, Estebanek ziurtatu du «Espainiako Gobernuaren esku» dagoela auzia, eta hark erabakiko duela, hark duela «azken hitza». Ezin da ahaztu Espainiako Garraio ministro Oscar Puentek Gasteizko loturaren alde hitz egin izan duela, eta PSE eta PSN Gasteizko aukeraren alde ari direla, adierazpen argiak eginez. Tolosan, Estebanek berretsi zuen Aralarren katak egiten ari direla: «Egin behar dira, eta egingo dira; gero, denon artean ikusi behar dugu, eta denon artean erabaki, baina azken hitza Espainiako Gobernuak dauka».