Donostiako Atano III.a zain dauka Aitor Estebanek. EAJk ere bai. Orain arte Espainiako Kongresuan EAJren eleduna izan dena Euzkadi Buru Batzarreko presidente izendatuko dute igandean, Batzar Nagusian —bihar hasiko da—. EBB berritzeko prozesuaren hasieran, Andoni Ortuzar irudikatzen zuten gehien-gehienek alderdiaren aro berri bati hasiera emango dion ekitaldiko protagonista gisa, baina Estebanek hitz egingo die militanteei presidente berriaren rolean, eta tentuz aztertu beharko da haren hitzaldia.
Barne prozesuaren ezuste eta gorabeherak alde batera utzita, Estebanek erronka handiak ditu, eta horietako batzuei lehenbailehen heldu beharko die. EAJ bere historiako garai garrantzitsu batean dago: alderdiaren eta herrialdearen etorkizuna baldintzatuko duten deliberazioak hartu behar ditu, eta EBBko presidente berriaren gidaritzaren araberakoak izango dira norabidea eta ondorioak.
Estatus politikoa
Gernikako Estatutuaren aroa amaitzear dago. Madrilek eta Gasteizek, Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezen behar parlamentarioak tarteko, azeleragailuari eragin diote egiteko dauden transferentziak gauzatu daitezen urtea amaitzerako. Eta bihurgune handi horren bueltan estatus berriaren eztabaida azaldu da azken hilabeteotan, urte askoan Iñigo Urkullu lehendakariak tiradera baten barruan utzitako proiektua izan ondoren. Nola eragingo dio pieza nagusi bat aldatzeak Euskal Herriarentzat oinarrizkoa bihur daitekeen akordio horren prozesuari?
Datozen aste edo hilabeteetan ikusi beharko da EAJ, EH Bildu eta PSE-EE elkartuko lituzkeen itunaren negoziazioetan aurreratutakoak bere horretan balio duen ala ez. Estebanek berak eman beharko baitio oniritzia Ortuzarrek orain arte Arnaldo Otegirekin eta Eneko Anduezarekin jositakoari. Sanchezekin hitz egindakoari ere bai, Ortuzarrek aste honetan azpimarratu duen moduan: «Uste dut prozesu honetako eragile nagusiek, hau da, EAJk, EH Bilduk eta PSOE-PSEk, konfiantza nahikoa lortu dugula. Uste dut denentzako gauza on bat lortuko dugula. Irudikatzen genuen horrek hortik joko du».
Aldagai pertsonalak beti izaten du pisua, eta ezagun da Ortuzarrek eta Otegik adiskidantzazko harremana dutela; Anduezarekin ere harreman zuzena dauka EBBko orain arteko buruak; EAJ eta PSEren arteko aliantza estrategikoa ez da alferrikakoa izan. Eta, aitzitik, Estebanek eta Otegik apenas hitz egin duten. Anduezarekin zertxobait gehiago aritu da, baina askorik ez. Edonola ere, estatus berri bat lortzeko giltzetako bat Madrilen dago, eta EBBko buru berria izango denak hurbileko harremana izan du eta dauka Espainiako Gobernuko presidentearekin, Sanchezekin. Aurrerantzean ere harekin goi mailako negoziazioetan aritu beharko du, betiere Sanchezek presidente izaten jarraitzen badu.
EAJ eta EH Bildu ados dira estatus berriak «erabakitzeko eskubidea» jaso behar duela, eta, Espainiako Justiziak Gernikako Estatutuaren gaitasunak kamustu dituenez, haren kanpo egongo den «berme sistema bat» nahi dute, ziurtatzeko adosten den hori beteko dela. EAEko lurraldeek eta Espainiako Estatuak «parez pareko» harreman bat edukitzeari buruz ari dira, finean.
PSEren lokarri hori askatzeko, PSOEri erreparatzen diote EAJk eta EH Bilduk, aditzera emanez Ferrazen dagoela erabakigunea, edo, zehatzago, Moncloan. Estebanek ez du erronka txikia izango hor
Gaur arte, ez da jakinekoa nola lor dezaketen abertzaleek PSEren babesa nazio aitortza jasoko lukeen akordio hori egiteko. Anduezak naziotasuna «terminologia» auzi batera mugatu nahi baitu, ondorio juridikorik gabe. Lokarri hori askatzeko, PSOEri erreparatzen diote sarri EAJk eta EH Bilduk, aditzera emanez Ferrazen dagoela erabakigunea, edo, zehatzago, Moncloan. Estebanek ez du erronka txikia izango hor.
Alderdiari begira
Barne prozesuak zauriak utzi ditu EAJren barruan. Lurralde zuzendaritzak eta EBB berritu dituzte, baina Urkullu-Pradales erreleboa egin zenetik konfiantza apurtu egin da alderdiko kide garrantzitsu batzuen artean. Ortuzarrek ukatu egin du mindua dagoela, Estebanekin lehiatzeari uko egitea erabaki ondoren. Baina garbi dio alderdiarekiko duen «arduragatik» utzi zuela lehia, eta «gauzak beste era batera» egiteko aukera bazegoela. Batasuna helarazteko ekitaldiak egin dituzten arren, besarkada artean ezin da ezkutatu Urkullu eta Ortuzarren eta Esteban eta Ortuzarren arteko harremanak ez direla garai batean ziren bezalakoak.
Alderdiari begira, Estebanen lehen zeregina zubiak eraiki eta zutik daudenak indartzea izango da, eta lurraldeen arteko orekari eustea, gainera. EBBko kideen ardura banaketari ere erreparatu beharko dio. Azken hilabeteetan, «nepotismoa» eta «barne demokraziaren gabezia» salatu dituzte kritikoek, eta barne prozesuaren parte hartzea oso apala izan da. Bada, EBB sendo eta kohesionatu batek ezinbestekoa ematen du EAJk aurrez aurre duen beste erronka handiari erantzuteko: hauteskundeen emaitzetako beherakada handia etetea.

EBBko idazkari Mireia Zarate eta Batzar Nazionaleko presidente Arantxa Kortabitarte, Donostiako batzarraren aurkezpenean. MIGUEL TOÑA / EFE
Nagusitasun politikoa
Izan ere, boto emaileen babesa nabarmen galdu duen alderdi bat hartuko du Estebanek. Ortuzarrekin, inoizko erakunde botere handiena lortu zuen EAJk, baina azken hauteskunde zikloak galera izugarria utzi du botoetan jeltzaleentzat, euskal gizartean sakoneko aldaketa bat gertatzen ari delako adierazle, beharbada. EH Bilduren gorakada hain handia izan da, ezen gaur-gaurkoz nagusitasun politikoa lehiatzen ari baitzaio EAJri.
Iazko ekaineko Europako hauteskundeetan, jeltzaleek botoen erdiak galdu zituzten, 185.000 hain zuzen (%11,5), eta ez ziren gailendu Hegoaldeko hiriburu bakar batean ere, ezta lurralde bakar batean ere. Urkulluk pandemiaren gordinean deitutako bozetan hasi ziren botoak galtzen jeltzaleak. 50.000 galdu zituzten orduan, baina izurriteak —eta jeltzaleek hiru eserleku gehiago lortu izanak— galarazi egin zuen azterketa zorrotz bat egitea aldagai horren inguruan.
2023ko udal eta foru hauteskundeetan iritsi zen lehen eroriko handia: EAJk %3,8 egin zuen behera botoetan: 90.000 boto baino gehiago. Gipuzkoako Batzar Nagusietan, EH Bilduk sorpasso egin zion —bost batzarkide gehiago lortu zituen—, baina, PSEri eta PPri esker, foru aldundiari eutsi zion, eta Eider Mendoza diputatu nagusi izendatu. Gasteizko alkatetza ere galdu zuen PSEren mesedetan (Maider Etxebarria), nahiz eta EH Bilduren hautagaiak lortu zuen boto gehien, Rocio Viterok.
Estebanek AHTaren auzia lehenbailehen bideratu beharra dauka, eta, hain zuzen, agian auzi hori izango da haren autoritateak gainditu beharko duen lehen azterketa, egoerak ez baitio ia tarterik uzten denak irabazle gisa aurkezteko bideari
Bi hilabete geroago, Espainiako Gorteetarako hauteskundeak iritsi ziren, uztailean, eta kolpea 110.000 botorena izan zen, (-%8). EH Bilduk jeltzaleek baino diputatu bat gehiago lortu zuen Madrilen. Iazko apirilean, berriz, EAJk lortu zuen boto gehien Eusko Legebiltzarrerako bozetan, baina %4,5eko ehunekoa galduta, eta koalizio independentistarekin berdindurik eserlekuetan (27na). Hala, Sabin Etxean ozen jotzen du alarma hotsak, hautagaien berrikuntza ez baita nahikoa izan erdigune politikoari eusteko. Estebanek EAJren eskaintza berri batekin asmatu beharko du hegemoniari eusteko.
AHTaren lurrikara
Inor gutxik aurreikusiko zuen orain urtebete AHTak EAJn eragin duen lurrikara. Ezkio ala Gasteiz, Iruñea EAErekin lotzeko ibilbideak gatazka istilutsu batean sartu ditu Araba eta Gipuzkoako Foru Aldundia, bietan ere EAJ gobernuan dela, eta Estebanen EBB berriak lehenbailehen konpondu behar du alderdiaren kohesioan sortutako pitzadura galanta.
Katuari joarea jartzea ez da erraza izango, ordea, nekez lortuko baitute dagoeneko lurralderen bat galtzaile moduan ez azaltzea: Gipuzkoa, Gasteiz gailentzen bada, eta Araba, Ezkio gailenduz gero. Ortuzar-Esteban erreleboaren inguruan, lidergo gabezia ere agerian geratu da azken asteetan, eta EAJko agintari biren arteko ika-mika publikoa izan da: Donostiako alkate Eneko Goiak «egoista» esan dio Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezi. Estebanek AHTaren auzia lehenbailehen bideratu beharra dauka, eta, hain zuzen, agian auzi hori izango da haren autoritateak gainditu beharko duen lehen azterketa, egoerak ez baitio ia tarterik uzten denak irabazle gisa aurkezteko bideari.