«Herri gisa aurrera egiteko» deia egin du Estebanek Bizkargi menditik

EAJk ekitaldi politikoa egin du Bizkargi mendian, eta Estebanek Aberri Eguna ospatzera deitu du. Pello Otxandianok, berriz, Iruñera joateko deia egin du: «Euskal Herriak demostratu behar du badituela askatasunaren nazioa izateko nahia eta borondatea».

Urtero legez, EAJko kideak Bizkargi mendira igo dira Aberri Egunaren bezperan. EAJ
Urtero legez, EAJko kideak Bizkargi mendira igo dira Aberri Egunaren bezperan. EAJ
edurne begiristain
2025eko apirilaren 19a
13:43
Entzun 00:00:0000:00:00

EAJk Aberri Eguna ospatzeko dei berezia egin du Bizkargi menditik (Bizkaia), urteroko ohiturari jarraikiz. Dozenaka jeltzale batu dira eguerdian mendi tontorrean, eta, besteak beste, ikurrina igo eta abestu egin dute. Han izan dira Aitor Esteban EAJko EBBren presidentea, Andoni Ortuzar EBBko presidente ohia, Iñigo Ansola Bizkai Buru Batzarreko presidentea, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, Esther Apraiz Eudeleko presidentea eta zenbait alkate.

«Euskal herritar guztiei dei egiten diegu ospa dezatela herri bat garela, nazio bat garela eta hainbeste menderen ondoren geure burua halakotzat aitortzen jarraitzen dugula», esan du Estebanek. Nazioarteko egoera ziurgabean herri gisa aurrera egitera deitu du: «Gurea mendi bat igo eta gailurrerantz aurrera egitea da, eta hori gure nortasunari, gure herriari, gure hizkuntzari eustea eta geure burua euskaldun gisa aitortzea da». Bihar Aberri Eguna ospatzera animatu ditu herritarrak. Bilboko Plaza Barrian ospatuko dute jeltzaleek Aberri Eguna, 11:30etik aurrera.

Otxandianoren mezua

EH Bilduk Iruñean egingo du Aberri Eguna, eta biharko egunari begira mezua bidali du Pello Otxandiano EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak, sare sozialen bidez. «Mundu berri baten aurrean dago gaur Euskal Herria. Garai konplikatuak bizi ditugu, ziurgabetasun ekonomikoak bezala autoritarismoaren gorakadak baldintzatuta», adierazi du. Egoera horretan Euskal Herria «bada nor eta bada zer izateko», bereziki, bertan bizi eta lan egiten duten herritar guztiei ongizatea eta segurtasuna bermatzeko, azpimarratu duenez.

Horretarako tresna burujabetza dela esan du: «Ditugun gaitasun eta aukerak baliatu ditzagun aurrera egiteko». Otxandianoren iritziz, une historiko honetan Euskal Herriak demostratu behar du badituela «askatasunaren nazioa izateko nahia eta borondatea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.