EAJko buruzagitza hartzeko bidea zabalik duela esan, eta ardura horri nola helduko dion galdetu diote Aitor Esteban Espainiako Kongresuko eledun jeltzaleari; bada, hark, lerroartean, berretsi egin du uste duela EAJko presidente izendatuko dutela, «afiliatuentzat errespetua» eskatu ondoren, hori bai, «prozesua ez baita amaitu oraindik». EAJko afiliatuak hasiak dira bozkatzen EBBko mahaia osatzeko, barne prozesuaren bigarren hautespen aldian, eta hori behin eta berriro gogoratu du Estebanek Kongresuko korridoreetan, alderdi barruko xehetasunez galdetu diotenean.
Kongresua uzten duenean Madrilgo politikagintzako zerekin gogoratuko den galdetuta, hau erantzun du: «Ez dut Madrilgo liskarren falta sumatuko». Estebanek zehaztu duenez, EAJko buruzagitza hartzen badu ere, ez da Madrildik joango, «EAJk Madrilen ere egiten baitu politika»; eta txantxa giroan erantsi du zenbait ministrok harekin egon beharko dutela aurrerantzean ere. Madrilen dituen «harremanak» nabarmendu ditu, baita hango dinamikaren inguruan duen «ezagutza» ere.
Akordioa egin zuten
Edonola ere, Estebanek garbi esan du EAJko buru Andoni Ortuzarrek ordezkatzen zuen hautagaitzaren eta berearen artean «akordioa» egin dutela, Ortuzarrek bigarren itzuliko lehia utz zezan. Ukatu egin du alderdia «banatu» egingo zela biek ere lehian jarraitu izan balute bigarren itzulian. Ortuzarrek, X sarean bere ukoa azaltzean, txiokatu zuen banaketa arrisku hori bazela. Oraindik ere Ortuzarren «laguna» dela ziurtatu du Estebanek, eta uste duela Ortuzarrek ere laguntzat daukala bera.
Ikusi gehiago
Halaber, galdetu diote zer gertatu den Ortuzarrek EBBko presidente izateko lasterketa utz dezan, eta Estebanen erantzuna «bizirik dagoen alderdi» baten ingurukoa izan da. «Biek ulertu dugu afiliazioak bozkatu egiten duela. Beharbada alderdi analogikoa izango gara, baina afiliatuek erabakitzen dute gure alderdian». Gauzak horrela, «egoera bideratutzat» jotzen du gaur egungo Madrilgo eledun jeltzaleak, eta adierazi du militanteen oniritziaren zain dagoela EAJko lema hartzeko; martxoaren 29an eta 30ean egingo dute Batzar Nagusia, Donostian, eta han izendatuko dute Esteban EBBko presidente, ez bada oker handirik.