EAJk eta PSOEk baieztatu dute akordioak bere horretan daudela

Estebanek PPri egotzi dio «hedabideetan enredatzen» aritu izana PSOErekin haustura dagoela iradokiz, baina esan du haiekin ez dela gerturatzerik egon.

Esteban Bolañosekin egindako bileran, biziberritze demokratikorako proposamena landu zuten. RODRIGO JIMENEZ / EFE
Esteban Bolañosekin egindako bileran, biziberritze demokratikorako proposamena landu zuten. RODRIGO JIMENEZ / EFE
gurutze izagirre intxauspe
2024ko irailaren 13a
13:20
Entzun

EAJk argitu du Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuarekin egindako hitzarmena indarrean dela. Aitor Esteban EAJren Kongresuko eledunak azaldu du hori Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean; izan ere, aste honetan, PP, Vox, Koalizio Kanariarra eta UPNrekin batera bozkatu du Kongresuan Edmundo Gonzalez Urrutia Venezuelako oposizioburua presidente gisa aitortzearen alde. Eta bozketa horren inguruko analisi bat egin dute, eta haustura bat azaleratu da Sanchezen gobernuari eusten dion blokean. EAJk argitu du ez dela hausturarik. Ez bakarrik Estebanek, Patxi Lopez PSOEren Kongresuko eledunak ere berretsi baitu hori, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. Esan du jakinaren gainean zeudela EAJk zer bozkatuko zuen.

Halere, atzo bertan, Andoni Ortuzar EAJren burua eta Esteban bera Felix Bolaños Espainiako Gobernuko Presidentetzarako eta Memoria Demokratikorako ministroarekin batzartu ziren. Bilera hori duela hilabete batzuk aurreikusia zela esan arren, jakinarazi dute batzar hori egitekoak zirela, eta azaldu Sanchezen gobernuarekiko harremanek bere hartan segitzen dutela. Eta gaur Estebanek ere berretsi du hori. «Ez da ezer aldatu», esan duenez. Azaldu du atzerriko politikarekin lotutako auzi bat dela, PP saiatu den arren «hedabideetan endredatzen», Sanchezen gobernua ahultzeko beste bozketa baten gisan baliatu baitu eskuinak. 

Argitu du Kongresuan aurrera atera den legez besteko proposamenak eskuak libre uzten dizkiola Espainiako Gobernuari. Ez du behartzen Gonzalez Urrutia presidente gisa aitortzera, eta ez du ondorio praktikorik. 

PPrenganako gerturatze bat egon den galdetuta, horretarako zantzurik ez duela ikusten adierazi du. Gonzalez Urrutiaren auziari buruzko legez besteko proposamena onartu zen egun berean trafiko eskumenak Nafarroara igarotzeko eskaera ere bozkatu zen, EAJren babesarekin eta PPren kontrakoarekin. Estebanen hitzetan, espekulazioa baino ez dago PPren eta EAJren balizko gerturatzeari buruzko iruzkinetan: «Zer gerturatze egongo da Nafarroari trafiko eskumenak eskualdatzearen kontra ere egiten badute?».

Estatutu berriari buruzko auzia ere izan du hizpide. Uste du luzera begirako irtenbide bat bilatu nahi bada Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko aldebiko harreman bat beharko dela, kontzertu ekonomikoaren parekoa. Dena den, esan du ikusi egin beharko dela EAJ alderdiekin hastekoa den bilerek zer ematen duten, noraino irits daitekeen, eta gero izango dela Madrilekin hitz egiteko txanda.

Eneko Andueza PSE-EEren idazkari nagusiak berretsi egin du haiek ere nahi dutela estatutu berri bat, «ideien pluraltasuna ordezkatzen duena», estatutu bat zentroan honako hau jarriko duena: «Euskal herritarren eskubide eta askatasunak blindatuko dituena, autogobernuaren gaitasuna eta kalitatea areagotuko dituena. Hori da gure lehentasuna». Ohartarazi du ez dela komeni «ilusio faltsuak» eraikitzea. «Gernikako estatutua erreformatzeaz ari gara, ez atzeko atetik Konstituzioa erreformatzeaz».

Defendatu egin du jelkideekin Jaurlaritza gobernatzeko egindako akordioa: «Despistatu batzuk diren arren, Euskadi gobernatzen eta lideratzen duen gehiengoa PSE-EEren eta EAJren arteko gehiengoa da». Baina kontsentsu zabaletarako irekia dagoela gehitu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.