EAJren EBBko presidentetzara iritsi berria da Aitor Esteban, baina jada tokatu zaio suak itzaltzeko lanetan aritzea. Aberri Egunera dei egiteko ekitaldia egin dute jeltzaleek Bizkargi mendian (Bizkaia), eta aukera baliatu du adierazteko EAJren eta PSE-EEren arteko harremana «ona» dela. Hitz horiekin eten nahi izan du azken astean AHT abiadura handiko trenaren Nafarroako lotunearen inguruan berpiztu den polemika «artifiziala». Era berean, baina, hura hauspotzea egotzi dio Anduezari, eta Espainiako Garraio Ministerioaren txostenen zain egon behar dela berretsi du.
Jeltzaleen eta sozialisten zein alderdi bereko lurralde bateko eta besteko ordezkarien arteko eztabaidagai nagusietako bat bihurtu da euskal Y-aren eta Nafarroako zatiaren arteko lotunea azken hilabeteetan: Ezkio-Itsaso (Gipuzkoa) edo Gasteiz, hor gakoa. Eta gaiaren inguruko galdera bati erantzunez, aurreko asteburuan, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak adierazi zuen gobernuaren jarrera azken urteetako bera dela, 2018an aurkeztutako txostenetan oinarritua; orduan, Ezkioko lotunearen alde egin zuen gobernuak.
Bizi atera zen, baina, PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Andueza lehendakariari erantzutera, gogor atera ere. Lehendakariari «belarrietatik tira» egin ziola esan zuen: «Zuhurtzia eskatzen diot, eta ez izatea EAJren bozeramaile Gipuzkoan».
Anduezak kazetarien aurrean egin zituen adierazpen horiek, astelehenean, baina, Estebanek adierazi duenez, PSE-EEko buruak ez zion halakorik esan Pradalesi berari. Hain zuzen, hitz horiek esan baino minutu batzuk lehenago egon ziren elkarrekin batzartuta, AEBek ezarritako muga zergek eragindako egoera ekonomikoaz eztabaidatzen.
Hala, Estebanek adierazi du ez zaiola «logikoa» iruditzen kazetarien aurrean gauza bat egin eta lehendakariari beste bat adieraztea: «Ez dakit zer eragin nahi zuen Anduezak, polemika bat ote zen, edonola ere artifiziala». Eta edukiari soilik ez, formari ere erreparatu dio EBBko presidenteak: «Ez zen egokia izan».
Izan ere, erantzun hark jeltzaleen eta sozialisten arteko erantzun oldea eragin zuen, Eusko Jaurlaritza bera erdian harrapaturik. Eusko Jaurlaritzako eledun Maria Uberretxena mugatu zen esatera gobernuak ez duela «polemika antzuetan» denbora galtzeko asmorik. Baina Joseba Diez Antxustegi EAJren EBBko kide eta Eusko Legebiltzarreko eledunak harago jo zuen, eta adierazi zuen Anduezak Espainiako Gobernuko ordezkariei «belarrietatik tira egin» beharko liekeela, lotunearen inguruko azterlana behingoz amaitu dezaten.
Bide beretik, Estebanek gaur adierazi du Garraio Ministerioaren txostenaren zain egon behar dela «Euskadirentzat onena» zer den erabakitzeko: «Lanak amaitu arte aurrera egin behar dugu, eta hortik aurrera erabaki bat hartu».