Atera da oholtzara; EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidente izendatu berri dute. Hartu du hitza. Jardun du batasunaz, eta kritikatu ditu batasun hori pitzatzen dutenak. Esaera bat ekarri du akordura. Xabier Arzalluz goretsi du. Frantsesez mintzo da Ipar Euskal Herriaz hitz egiteko. Eta, noski, hitz egin du aberriaz, alderdiaz eta Europaz.
Diskurtsoaren egituraketa hori ez da atzo Aitor Estebanek EBBko lehendakari izendatu berritan osatutakoa, edo, hobe esanda, ez da bakarrik berea. Estebanen mintzaldiak izan baitzituen elementu horiek guztiak, baina harenak traza nabarmena baitzuen hogei urte lehenago Josu Jon Imazek EAJren IV. Batzar Nagusian, kargua hartu berritan, eginikoarena. Nabarmenenak, ziurrenik, bi kointzidentzia: frantsesaren erabilera iparraldeaz jarduteko, eta, batez ere, Aulestiko jauretxe baten armarriaren aipua: Txikiak handia bentzi leidi, asmoz eta jakitez.
Baina Imaz eta Esteban jokaleku berean ibili dira, lehiarenean, alderdi barruko batasuna nabarmentzera daramatzana biak ala biak. 2004ko Imaz-Egibar lehiak zauriak utzi zituen alderdian, eta, Arzalluzen 23 urteko lemari lore ugari botatzearekin batera, batasuna azpimarratu zuen Imazek: «Batasuna, elkarrizketa eta eztabaida eraginkorra dira gure helburuak, batasunak egiten gaitu-eta indartsu». Eta erantsi: «Azpijanak, azpijokoak eta gaizki esanak ahultzen eta murrizten gaituzten bezalaxe». Igande honetan, hamahiru orrialdeko diskurtsoan, Estebanek hiru puntu hitzeman eta eskatu zizkien alderdikideei, eta lehena zen batasuna. Baina Imazek bi hamarkada lehenago egin bezala, Estebanek ere egin zuen etxe barrurako oharra, hitz berberarekin: «Desados dagoenak elkarrizketarako eta kritika eraikitzailerako bideak dauzka alderdi barruan. Azpijokoak eta desleialtasunak ezin dute lekurik eduki erakunde honetan». Iñigo Urkulluk berak nabarmendu zuen 2008an, EBBko presidente izendatu ondorengo hitzaldian, EAJren «bereizketarako» joera ziklikoa. 1985, 2004, 2025. Bakoitzak bere intentsitatea, baina hortxe zikloak.

Beste bi tradizio erretoriko ere berreskuratu ditu Estebanek bere estreinaldirako. Lehena, Urkulluren 2008kotik maileguan hartua: «ustezko penduluaren» ukazioa. Urkullu: «Geure barruan ez dago ez anbiguotasunik ez pendulurik; eta, egotekotan ere, pendulu hori geldi-geldi egongo litzateke, euskal gizarteak une bakoitzean eskatzen digunari estu lotuta, alderdi politikoa baino gehiago Euskal Nazioa egiteko tresna baikara». Esteban: «Duela aste batzuk ari ziren elikatzen EAJko bi arimen mantra (…). Ez daude bi arima EAJn, 22.000 baizik!». Presidente berriak inaugurazio hitzaldian afiliatu kopuruaren datua ematea ez da berria, baina bai zenbakia, eta, horretarako asmorik gabe, Estebanek agerian utzi zuen jaitsiera nabarmena: Imazek 31.000 aipatu zituen 2004an, eta Ortuzarrek 30.000, 2013an. EAJren gardentasun atariaren arabera, 21.782 ziren 2021 amaieran. Hamarkada batean, lau afiliatutik bat galdu dute jeltzaleek.
Intxaurra nazio, oskola estatus
Frontoia leporaino betea zuela, Esteban pilotaz, traineruez, bertsolaritzaz mintzatu zen. Xalbadorrez, Atanoz —pilotalekuaz eta pilotariaz—. Benito Lertxundiren hitzez. Euskal imajinarioaz zipriztindutako orrialdeetan, hitzaldiaren erdia inguru eman zuen alderdiaz hizketan, neurri apalago batean koiuntura politikoaz. Baina utzi zituen, halaber, bere lehentasunen xehetasun batzuk ere auzi nazionalaz. «Oskol hutseko intxaurra ez da jangarri», laburbildu zuen: intxaurra da «alderdiaren helburu nagusia» —esan nahi baita, «nazioa egunero egitea», «herri honek existitzen jarraitzea eta bere burua nazio desberdindu gisa aitortzea»—. Horri zer forma juridiko-politiko eman? «Ez dugu aukerarik galduko autogobernua handitzeko (...). Baina marko handiak ezin dira izan gure ekintza politikoaren helburu bakar eta goren». Bere hitzek aparteko arreta sortzen dute Ortuzarrek aitortu eta gero estatus berriari buruzko akordio bat bidean egon litekeela.
2013an, Ortuzar bera ez zen askorik luzatu estatus politikoari lotutako helburuetan, baina bi premisa jarri zituen oinarri gisa: «aldebikotasunaren errespetua, eta euskal identitate nazionalaren aitortza eta bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea». Imazen eta Urkulluren hizketaldiak, berriz, guztiz txertatuta daude bakoitza bere garaiko testuinguru politikoan: Imazena, 2004ko urtarrilean, Jaurlaritzak estatutu proiektu berri bat onartu berritan, eta Urkullurena, 2007ko abenduan, Jaurlaritzaren beraren Kontsulta Legeari buruzko eztabaida betean. Diskurtso hartan Urkulluk luze jardun zuen autodeterminazioaz, Madrilen eta Parisen ikuspegi «jakobinoaz» eta eskubide historikoen berreskurapenaz.
Baliabide erretorikoak gorabehera, haustura bat ere islatzen du Estebanen diskurtsoak: buruzagi garaikideen aipamenik eza. Ajuriagerra, Uzturre, Arzalluz izen potoloak dira jeltzaleen gogoan eta Estebanen hitzaldian, baina Ortuzarri esaldi bakarra eskaini dio hamahiru folioetan. Ortuzarrek, berriz, paragrafo bat baino gehiago eskaini zizkion Urkulluri 2013an, baita Urkulluk Imazi ere 2008an, eta Imazek Arzalluzi 2004an. Esaldi bat: «Eskerrik asko Andoni Alderdiaren eta Euzkadiren alde egin duzun guztiarengatik, zure lana eta zure grinagatik. Ez dugu ahaztuko». Urkullu eta Imaz, berriz, ez dira ageri Estebanen lerroetan. Bigarrena, ordea, prentsan ageri da EAJko Batzar Nagusiko asteburu berean, zerga erreforma kritikatzen.
Alderdi barruko kohesioa, estatus berri baterako akordioa eta alderdiaren kokapen taktiko nahiz ideologikoari buruzko marmarra inguruan. Hasterako, galtzak bete lan dauzka Estebanek.