Pastor
DARWIN ETA GU

Esteban delako bat, Pradales delako bat

2025eko otsailaren 15a
05:00
Entzun

Podem-eko buru ohi Albano Dante Fachin-ek tertulia batean adierazi duenez, bere aitona Italiatik, Friuli-Venezia-Julia eskualdetik, joan zen Argentinara. Il nonno «arratoi bat bezain pobrea» zen. Umetan Patagoniako eskolan ikusitakoa azaldu du etorkin haren bilobak: «Gelan beti zeuden lau edo bost haur, azal ilunekoak, espainieraz nekez egiten zutenak. Cabecita negra batzuk, gaizki jantziak, eskoletan inoiz parte hartzen ez zutenak, ikusezinak zirenak. Zer gertatzen da Katalunian? Batzuek ez dute gogoko mugimendu espainiarrak Argentinako indigenekin egin zuena, baztertzea, katalanekin lortu ez izana?».

Dante Fachinen arabera, kolonizazio espainiarrak Argentinako kultura indigenak txikitu zituen. Haren iritziz, badirudi unionista espainiarrak amorratzen daudela Katalunian halakorik jazo ez delako, alegia, katalanek hizkuntzari eta kulturari eutsi dietelako kanpotik milaka eta milaka lagun bertara joan arren. Argentinar-katalanak jakinarazi duenez, unionistek besoak zabalik hartzen dituzte kanpotarrak Katalunian, baldin eta haiek Espainian daudela sentitzen badute. Kataluniaren independentziarekin bat egiten badute, aldiz, alde egiteko esaten diete. Halako mezuak heltzen zaizkio berari ere: «Joan zaitez Argentinara!».

Antzeko pentsamoldea dute hemengo espainiar arrazista baztertzaileek. Bizkaiko egunkari handienean nabarmendu da, Aitor Estebanen eta Andoni Ortuzarren arteko lehia zela eta. «Esteban delako bat eta Pradales delako bat EAJren buruzagitzan. Sabino Aranak burua altxatuko balu…», idatzi du irakurle batek. Gisa horretan mintzatu da beste bat: «Burgostar batek eta soriar batek zuzenduko dute EAJ».

Gu zatitzeko begiratzen diete Esteban edo Pradales abizenei, beraiek asmatu eta guk irentsitako zortzi abizenen amuaz

Nik dakidala, Aitor Esteban eta Imanol Pradales ez ziren Burgosen edo Sorian jaio —eta hala izan balitz, zer?—. Zer esan nahi dute unionistek? Estebanek edo Pradalesek, haien abizenen eta arbasoen jatorria dela medio, ezin dutela euskal herritarrak edo euskaldunak izan espainiarrak sentitzen ez badira? Aitona-amonen jaioterriari lotuta segitu behar dutela edo, areago, hara bueltatu beharko luketela? Zure aitona maite dezakezu —eta haren herria, txikitan bisitatzen zenuena—, baina hori sentimenduen eremuan geratzen da. Noiztik dira aitona eta haren sorterria subjektu politikoak?

Kataluniara eta Euskal Herrira bezala, penintsulako beste lurraldeetako jende oldea joan da azken 60-70 urtean Madrilera. Xarnego, maketorik dago han? Ez. Zergatik ez da fenomeno hori sortu Espainiako hiriburuan? Hangoek eta penintsular horiek, funtsean, kultura eta hizkuntza berdinak dituztelako. Gaztela edo Extremadurakoak etxekoak dira alde horretan. Ciudad Realetik Madrilera mugitu eta arrotzak izan? Inondik inora ez. Euskal Herrian eta Katalunian, berriz, beste herri eta kultura batekin egiten dute topo. Ez daude Madrilen bezain eroso.

Nor dira espainiarrak euskalduntasun karnetak emateko? Zergatik hedatzen dute pentsaera arrazista? Asmatzea ez da zaila. Gu zatitzeko begiratzen diete Esteban edo Pradales abizenei, beraiek asmatu eta guk irentsitako zortzi abizenen amuaz. Izan ere, deituren kontua, odol garbitasunaren ideia, espainiarren paranoia izan da Erdi Arotik, mairu eta juduak aldentzeko. Nazionalismoak berdintsu jokatu zuen gerora Hegoaldean. Mauleko zenbat lagunek dakizkite buruz haien zortzi edo hamasei abizenak?

Herri bakarra garela diote, bereizketarik gabe, baina arbasoen jatorrien arabera banantzen gaituzte. Ez bitez kexa guk, orduan, abertzale edo independentisten eta unionista ez-independentisten arteko marra bat egiten badugu geure herrian. Estebani eta Pradalesi aitona-amonen sorterrira joateko esango liekete, oso gustura, haien Espainiaren proiektu unionistarekin bat ez datozelako. Dante Fachinek argi azaldu du: gu guztiz espainiartzea nahi lukete. Argentinako indigenekin egin zutena hemen gertatzea, hain zuzen: beraiek nagusi eta euskaldunok minoria isil baztertua izatea. Patagoniako eskola hartako cabecita negrak bezalaxe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.