Ostiralean beteko dira 45 urte Gernikako Estatutua onartu zutenetik. Eta urteak eta kolore diferentetako gobernuak joan badira ere, oraindik ere Espainiako Gobernuak ez ditu utzi lege hartan onartutako 29 eskumen Eusko Jaurlaritzaren esku. Alderdi Sozialista eta Alderdi Popularra izan dira Espainiako Gobernuaren kudeaketan azken 45 urte horietan, eta, estatutua bete gabe badago ere, hura ospatzeko ekitaldiak egin dituzte PSE-EEk eta PPk, nork bere aldetik. Hura goraipatu, eta estatutu berrirako hastekoak diren negoziazioak izan dituzte hizpide. Pello Otxandiano EH Bilduko legebiltzarreko eleduna harago joan da, Gernikako Estatutua «muinean dagoelako erasana eta mutilatua». Espainiako Estatuarekin dagoen harreman eredua jarri behar da auzitan, haren iritzian, «etengabe egoera subalterno batean segituko dugulako bestela».
Propio egin dituzte ekitaldiak PSE-EEk eta PPk, gaur. PSE-EEk, Eneko Andueza idazkari nagusia buru, Eusko Jaurlaritzako sailburu sozialistak eta alderdiko arduradun nagusiak elkartu ditu, Donostiako Miramar jauregian. Anduezak hartu du hitza, eta esan Alderdi Sozialistak «inork ez bezala» defendatu duela Estatutua «hura garatuz, eta eskumenei ahalik eta errendimendurik handiena atereaz». Horrek guztiak «egonkortasuna» ekarri duelakoan dago, eta uste du hori dela aurrera egiteko bide «bakarra»; «kontrakoa gertatu da batzuek abentura identitarioetan sartu gaituztenean».
Gernikako Estatutua betetzeko baldin badago ere, estatutu berri baten negoziazioak hasteko elkarrizketak abiatzekoa da Andoni Ortuzar EAJren EBBko lehendakaria alderdiekin, eta Anduezak aukera handiak ikusten ditu estatutu berri bat hitzartzeko. Halere, uste du «mehatxu bakarra» nazio aitortzaren auzia dela. «Batzuk etengabe dei horiekin dabiltza, izan Nazioa Gara delakoa, Nazio Forala delakoa edo kontzertu politikoa, guztiak dira apaindura dialektikoak benetan nahi dutenaren fokua desbideratzeko: independentzia».
EAJk eskatzen du nazio aitortza egitea estatutu berrian, eta, horrekin batera, eskubide politiko berriak jasotzea; gainera, egungo berme sistemak Espainiako Estatuaren alde desorekaturik daudela ikusita, aldebiko beste harreman eredu bat eta beste berme sistema bat aldarrikatzen ditu. Erabakitzeko eskubidea jasotzea ere hobesten du, eta aldagai hori funtsezkoa da EH Bildurentzat. Koalizio abertzaleak gogorarazi du Gasteizko legebiltzarreko 75 legebiltzarretatik 55ek uste dutela Euskal Herria nazioa dela eta erabakitzeko eskubidea daukala. Baita Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundietako ordezkaritzaren gehiengoak eta udal guztiek ere. Baina Anduezak gaur berretsi du ez duela bide hori urratuko: «Gizarte uniforme bat nahi dutenak dira betoa egozten digutenak».
«Gizarte uniformea nahi dutenek egozten digute betoa»ENEKO ANDUEZAPSE-EEko idazkari nagusia
PPk Gasteizen egin du ekitaldi politikoa, Javier de Andres EAEko PPko idazkari nagusia buru zutela. Defendatu dute estatutu berri bat, «pertsonen beharrei erantzuteko, ez zatiketa eta haustura sustatzeko». Hala PSEk nola PPk, beraz, beren posizioak berretsi dituzte estatutu berriaren eztabaidaren atarikoetan: idatzi berrian aldatzen dena eskubide sozialekin loturik egotea nahi dute, eta ez eskubide nazionalekin.
Harreman eredua
Pello Otxandiano EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko oposizioburuak etsigarritzat jo du 45 urteren ondoren Gernikako Estatutua bete gabe egotea, eta gainera hori «normalizatu» egin dela esan du, Naiz irratian egin dioten elkarrizketan. «Kontua jada ez da beteko duten edo ez, muinean dagoena da erasana dagoela, mutilatua dagoela». Hain zuzen, Espainiako Gobernuan arduretan egon diren horiek «aldebakarrez» egin dute hori, «erasan eta mutilatu». Horrenbestez, esan du auzitan jarri beharrekoa Espainiako Estatuarekin dagoen harreman eredua dela, «etengabe egoera subalterno batean segituko dugulako bestela».
«Estatuarekin dagoen harreman eredua jarri behar da auzitan, etengabe egoera subalterno batean segituko dugulako bestela»
PELLO OTXANDIANOEH Bilduko legebiltzarreko oposizioburua
Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako eledunak ere hartu zuen hitza, atzo, PSE-EEk Gernikako Estatutuaren urtemugaren harira prestatutako ekitaldian parte hartuko zuten galdetu ostean. Gogoratu zuen 45 urteren ostean oraindik ere 29 eskumen esku aldatzeko daudela, eta aldebiko batzordea osatzear dela iragarri zuen, data zehatza Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak emango badu ere.
Izan ere, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburu izendatzeko itunean, PSOEk eta EAJk adostu zuten autogobernua burura eramatea eta oraindik esku aldatzeko dauden eskumenak Jaurlaritzaren esku uztea, «luzaezina izango den bi urteko epean». Ubarretxenak gogoratu zuen «%100» betea behar zuela dagoeneko estatutuak, eta buru-belarri jardungo dutela eskumen guztiak bete arte.
Estatutu berriari dagokionez, erabakitzeko eskubideari buruzko aipamena onartu zuten Gipuzkoako eta Bizkaiko Batzar Nagusietan. Gipuzkoan EH Bilduk eta EAJk sustatuta, eta Bizkaian EH BIlduk aurkeztu eta EAJk ere bat eginda. Arabako Batzar Nagusietara ere eramango du eskaera hori EAJk, mozio batean. Nazio aitortza jasoko duen estatutu berri bat behar dela jasoko du EAJk bere idatzian, egungo autogobernuaren «markoa gaindituko» duena eta «Europan ahots propioa» izango duena bereak dituen eskumenetan. Erabakitzeko eskubidearen aitortza ere eskatzen du.