Zortzi urtez Arrasateko (Gipuzkoa) alkatea izan ondoren, Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatua zen Maria Ubarretxena (Urretxu, Gipuzkoa, 1980) Imanol Pradalesen deia jaso zuenean. Eusko Jaurlaritzara batzeko proposamenari berehala eman zion baiezkoa, proiektuak erakarrita: «Erabakia bihotzarekin hartu nuen, buruarekin baino gehiago». Bi ardura ditu Ubarretxenak Pradalesen gobernuan, Gobernantza, Administrazio eta Autogobernu sailburu izateaz gain bozeramaile ere bada eta.
Badira bi aste kargua hartu zenuela. Zer moduz orain artekoa?
Ilusioz eta gogo handiz hasi naiz eginkizun berrietan, eta lanean hasiera-hasieratik. Hala eskatu zigun lehendakariak, eta hala ari gara denok: gogotsu, ardura handiz, umiltasunez, gizarteari entzunez eta ausardia puntu batekin.
Sailburu eta bozeramaile zara gaur egungo Jaurlaritzan. Hamabost sail ditu, eta, beraz, inoizko handiena da. Zeri erantzuten dio horrek, erronkei aurre egin beharrari edo alderdien ordezkaritza bermatzeari?
Oso antolaketa egokia da gizarteak gaur egun dauzkan erronkei erantzuteko. Gaur egun baditugu erronka nabarmen batzuk: etxebizitzarena, demografiarena eta ingurugiroarena. Eta hark bestelako antolaketa bat nahi izan du gobernu barruan, erronka horiei hobeto erantzuteko. Horri erantzuten dio.
Zer hizkuntzatan egiten dituzue gobernu bilerak, eta zenbateko garrantzia ematen diozu horri?
Ele bitan egiten ditugu. Guretzat euskara ere oso garrantzitsua da, guztiontzat.
Sailburu guztiak ez dira euskal hiztunak, ordea. Zer adierazten du, zure ustez, lehendakariorde batek euskaraz ez jakiteak? Ez da atzerapausoa?
Nire ustez, denok gara euskaldunak, baina ez denok euskal hiztunak. Eta denok euskaldunak garen heinean, euskararekiko prestutasuna eta jarrera ehuneko ehunekoa da. Gobernu honek euskara bultzatzen jarraituko du, beti egin duen bezala.
Euskaltzaindiak dio euskalduna dela euskaraz hitz egiten duena. Hala ere, Jaurlaritzak ez luke eredu izan behar alor horretan?
Berriro esango dut denok garela euskaldunak, baina ez denok euskal hiztunak. Euskal gizartean ere badaude euskal hiztunak direnak eta euskal hiztunak ez direnak. Gobernua gizarte horren isla da.
Pradalesek lehentasunen artean jarri du euskara. Zenbateraino zaudete prest euskararen arloan aurrera egiteko PSE ados ez egon arren?
Nik uste dut gobernu talde osoa prest dagoela euskararen normalizazioan aurrerapausoak emateko. Gobernu programan ere jasotzen da euskararekiko konpromiso hori, eta ziur nago konpromiso hori beteko dela.
«Gobernu talde osoa prest dago euskararen normalizazioan aurrerapausoak emateko»
Lehendakariak «zorroztasuna» eta «ausardia» eskatu zizkizuen. Nola interpretatu duzu zuk mezu hori?
Nik uste dut oso mezu egokia izan zela. Ausardia, zorroztasuna, umiltasuna ere bai, gizarteari entzutea, enpatiaz jokatzea, akordioak egitea… Horrek izan behar du bidea. Lehendakariak esan digu ausartak izateko erabakiak hartzeko garaian: hobe dela ausarta izan eta hanka sartzea, inertziaz aritzea baino. Oso presente daukagu hori.
Osasun sailburuak dagoeneko atzera bota du aurreko Jaurlaritzaren erabaki bat, eta esan bihotz kirurgiaren espezializazioa ez duela mugituko Basurtutik. Hori da ausardia? Eragileekin zegoen horma arrakalatzen lagundu dezakeelakoan zaude?
Osasun sailburu berriak akordio bat lortu du, eta oso berri ona da. Hori da bidea: akordioak egitea eta aurrerapausoak ematea, tinko, gure zerbitzu publikoak hobetzeko eta kalitatezko zerbitzuak eskaintzeko.
Osasuna hizpide hartuta, herri itunak zertarako izan beharko luke?
Osasun sistema ona daukagu, baina badakigu arazoak eta hobetu beharrekoak ere baditugula. Horregatik ari da lehendakaria bilera sorta egiten, herri honek dauzkan etorkizuneko erronkei egoki eta eskuzabal aurre egiteko. Denok gara Euskadi; denok goaz itsasontzi berean; beraz, espero dugu beste alderdi batzuk ere itun horretara batzea, erronkei elkarrekin aurre egiteko.
Legealdiko lege guztiak onartuta daude, EAJk eta PSEk gehiengo osoa baitute Eusko Legebiltzarren. Zer jarrera izango da oposizioko alderdiekin?
Lehendakariaren jarrera irmoa izan da hasiera-hasieratik, eta denekin hitz egiten ari da. Uste dut hark hasitako bideak ondo erakusten duela zer konpromiso duen akordio zabalak lortzeari dagokionez.
Olatz Garamendi Autogobernu sailburu ohiak idatzi zuen autogobernua «higatuta» eta «kimatuta» dagoela. Zer diagnostiko egiten duzu zuk autogobernuari dagokionez?
Gure konpromisoa da Gernikako Estatutua osorik betetzea, eta horretarako lanean ari gara hasiera-hasieratik. [Miguel Angel] Torres ministroari bilera bat egiteko eskatu diot, eta espero dut uztailean elkartzea. Uste dut garrantzitsua dela, horrek marko bat emango baitigu abiadura hartu eta oraindik jasotzeko dauzkagun eskumen horiek gureganatzeko. Lehentasunezkoa da guretzat.
Oraindik 29 eskumen falta dira. Horietako batzuk eskualdatzeko proposamena egina du Jaurlaritzak, eta Madrilen esku utzia ere bai. Lehentasunik badu gobernuak?
Uste dugu itsasertzarena izan daitekeela lortzen aurrenekoetakoa. Baina guretzat bereziki garrantzitsua da Gizarte Segurantzarena. Batzorde berezi bat osatuko dugu gai hori lantzeko, eta lehentasunezkoa izango da guretzat. Badakigu ibilbidea luzeagoa izango dela, ez dela erraza izango, baina indar berezia jarri nahi diogu.
Kezkatzen zaitu helburua ez lortzeak Sanchezen gobernuaren ezegonkortasunaren ondorioz?
Konpromiso bat dago tartean, eta konpromiso hori betetzeko lan egingo dugu guk. Gauza asko ez dira gure esku egongo, baina gure konpromisoa hori da. Baikorrak gara.
«Gure konpromisoa da Gernikako Estatutua osorik betetzea, eta horretarako lanean ari gara lehen egunetik»
Eta gero zer? Lehendakariak beste itun bat nahi du, estatutua berritzeko.
Lehendakariak esan zuen autogobernua handitzea izango zela lehentasuna. Legebiltzarrean estatutu berriaren lantaldea abiatuko da, baina lan hori legebiltzarrak egin beharrekoa izango da. Gu prest egongo gara ahal dugunean laguntzeko, baina paraleloan joan daitezkeen bi gai ezberdin dira.
Bi bideak aldi berean egin daitezkeela diozu, baina Jaurlaritzak konpromisorik badu ekinaldiari eusteko?
Paraleloan joan daitezke bi instituzio diren heinean, baina legebiltzarrari dagokio estatus berri horren ibilbidea egitea, eta ni ziur nago ekitaldi honetan horri ere ekingo diotela.
Epeek zer garrantzi dute kasu horretan?
Epeak baino garrantzi handiagoa du akordioa lortzeak. Ahalik eta akordio zabalena izatea nahiko nuke: herri hau plurala den heinean, ahalik eta indar gehien batzea akordio horretara. Horrek axola dit niri.
Autogobernu handiagoa, ongizate handiagoa: alderdi abertzaleek ardatz horretan planteatu duzue beste estatutu bat osatzeko eztabaida. Baina uste duzu jendeak ulertzen duela?
Euskadik autogobernuagatik du egungo ongizatea. Horrek sekulako garrantzia dauka, eta uste dut euskaldunok badakigula herri honetan ze ibilbide izan duen autogobernuak eta zein garrantzitsua izan den gaur egun dauzkagun zerbitzu publiko asko eskaintzeko eta gai askotan guk erabaki ahal izateko.
«Itsasertzaren eskumena da lortu dezakegun lehena. Hala ere, Gizarte Segurantzarena lehentasuna izango da»
Administrazioaren gehiegizko burokrazia amaitu nahi duzu. Sisiforen mitoaren antza ez ote duen horrek: burokrazia arintzea lortu ordez, herritarrek ez ote duten aldiro konplexuagoa eta astunagoa sentitzen administrazioarekiko tratua. Zer neurri hartuko dituzu?
Ez da erraza izango, hori egia da, dugun sistema oso garantista delako. Eta garantista izate horretan, zaila ere bada askotan. Ni neu ere herritarra naiz, niri ere tokatu zait administrazioarekin tramiteak egin behar izatea, eta onartzen dut askotan ez direla errazak izan. Hortik abiatuta egingo dugu lan, herritarraren ikuspuntutik abiatuta.
Baliabide kontua da, edo antolaketa kontua?
Nik uste dut ikuspuntu kontua dela. Sistema analogiko batetik gatoz, eta, digitalizaziora jotzen dugunean, prozesu analogiko bat digitalizatzen dugu. Baina prozesua analogikoaren parekoa da. Hor beste ikuspuntu bat jarri behar dugu, eta ez agian analogikotik abiatuta pentsatu, baizik eta digitaletik abiatuta. Ziur nago berrikuntzak sartuko ditugula alor horretan.
Gobernantza eredua hobetzea ere jarri zenuen helburutzat. Esan zuen enpatiaz egingo zenuela lan, eta gizartearen parte hartzea sustatuko zenuela. Uste duzu Jaurlaritzaren eta Eusko Legebiltzarren jarduna herritarrengana iristen dela?
Gobernu kolaboratiboak jarri behar ditugu martxan. Herritarrek ere parte hartu nahi dute instituzioetan, gero eta gehiago, eta hori oso berri ona da. Guk erraztu egin behar dugu hori, bideak ireki herritarrekin eta gizarte antolatuarekin. Horri buelta bat emango diogu, eta ahalegin berezia egin.
Azken hauteskunde zikloan EAJk zenbat boto galdu dituen ikusita, Jaurlaritzak zamarik sumatzen du?
Hauteskunde ibilbidearen balorazioa egitea EAJri dagokio. Ni Jaurlaritzako bozeramaile naizen heinean, ez dagokit horren balorazioa egitea.