Estatus politiko berriari buruzko eztabaida. Aurrekariak. Estatus politiko-juridikoa aldatzeko azken proposamenak

Estatutu berri baterako egitasmoa (2003)

2014ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Subjektu politikoa

Zazpi lurraldez osatutako herri gisa definitzen du Euskal Herria, nazio hitza aipatu gabe, baina jasotzen du «bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea» duela. Hori gauzatzeko, zehazten du errespetatu egin behar dela hiru eremu juridikoetako bakoitzeko herritarrek «kontsultatuak izateko duten eskubidea». Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrak «Euskal Herriaren zati osagarri» direnez, Espainiarekiko «harremanerako eredu berri baterako itun politikoa» da EAEko legebiltzarraren egitasmoa —EAJ, EA, eta EBk babestu zuen, eta ezker abertzaleak (Sozialista Abertzaleak) hiru boto alde eta hiru kontra eman zituen—.

Erabakimena

Euskal instituzioek erreferendum bidez kontsulta demokratikoak egiteko ahala daukatela baieztatzen du, eta kontsulten bidez Espainiako Estatuarekiko harreman politikoaren eredua aldatzeko bidea ere zehazten du —baina independentziarako aukera berariaz aipatu gabe—. «[Gehiengo batek kontsulta bidez harreman eredua aldatzea erabakiz gero], euskal instituzioek eta Estatuak konpromisoa hartua izango dute euskal gizartearen borondate demokratikoa adostasunez gauzatzeko aukera emango duten baldintza politiko berriak ezartzearen alde negoziazio prozesu bat bermatzeko». Testuak dio Eusko Legebiltzarrak lege bidez arautuko duela erreferendumerako bete beharreko prozedura eta emaitzen baliotasunerako baldintzak, eta horiek, gero, ordenamendu juridikoan sartu behar direla. Era berean, egitasmoan bi aldiz aipatzen dira eskubide historikoak. Atarikoan, gaur egungo legeriak itun politiko berria egiteko zilegitasuna ematen duela adierazteko, «Gernikako Estatutuan eta Espainiako Konstituzioan jasotako gure eskubide historikoak errespetatuz eta eguneratuz» gauzatuko baita ituna. Eta aurrerago, etorkizunean bestelako esparru politikoei atea ez ixteko: «Elkartasun Askeko Araubide hau onartzeak ez dakar Euskal Herriaren eskubide historikoei uko egitea, eta une oro eguneratu egin ahal izango dira herriaren borondate demokratikoaren arabera».

Lurraldetasuna

Espainiako Gorteek berretsi beharrik gabeko «harreman askatasuna» proposatzen du Nafarroarekin. Egitura politiko bateratu bat eratzeko aukera ere aipatzen du. «Antolaketarako eta harreman politikoetarako eremu berri bat egituratzeko negoziazio politikorako prozesu bat ezarriko da bataren eta bestearen instituzioen artean, elkarren adostasunaz; eta azkenean, erkidego bietako herritarrek berretsi beharko dute». Testuak zehazten du Espainiako Konstituzioko 145. artikulua ez dela aplikatuko: batetik, erkidegoek elkarren artean ezin dutela federatu dio artikulu horrek, eta, bestetik, erkidegoen arteko lankidetza itunak Espainiako Gorteek berretsi behar dituztela. Ipar Euskal Herriari buruz, Europako Batasunaren esparruan mugaz haraindiko lankidetzako araudien aukerak «ahalik eta erarik zabalenean» erabili ahal izateko akordioak sustatuko direla dio, «udalerri mailako eta lurralde mailako lankidetzarako tresnak ezartzeko gaitasuna barne dela, alde bakoitzeko herritarren borondatea errespetatuz».

Prozedura

Legebiltzarrak gehiengo osoz onartu ondoren, gehienez sei hilabeteko negoziazioa irekiko litzateke Estatuarekin, eta, akordioa badago, akordioari buruzko erreferendumera deituko luke Jaurlaritzak. Akordiorik ez balego ere, erreferenduma egingo litzateke, eta baiezkoak irabaziz gero, beste negoziazio prozesu bat, «euskal gizartearen borondate demokratikoa ordenamendu juridikoan sartzeko». Bigarren prozesu horretarako eperik ez da zehazten, ezta akordiorik ez badago zein bideri jarraituko zaion ere. Halaber, bi aldeen artean sor daitezkeen gatazketan Estatuaren alde bakarreko erabakiak eragozteko berme juridikoak proposatzen ditu. Esaterako, Estatuak ezingo luke erabili Konstituzioaren 155. artikulua —erkidegoak legeria betetzera derrigortzeko neurriak—. Auzitegi Konstituzionalean bi aldeen arteko gatazkei buruz erabakiak hartzeko sala berezi bat eratzea ere proposatzen da. Gainera, Madrilek euskal instituzioen erabakiren bati helegitea jartzean, erabaki hori ez litzateke berehala etengo, egun bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.