ESTATUS POLITIKOA

Estatus politikoari buruzko eztabaida aktibatzea babestu du Urkulluk

Espero da Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldea udazkenean hastea berriro martxan. 

Iñigo Urkullu, atzo, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran. RAUL BOGAJO / FOKU
jon olano
2021eko ekainaren 25a
11:31
Entzun

Jaurlaritzaren Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, Carlos Iturgaiz PP+C's-eko bozeramaileak estatus politikoaren inguruko eztabaidaz galdetu dio Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari, eta hark babestu du eztabaida hori «hemen eta orain berraktibatzea», argudiatuta eztabaidek ez dutela «ez egonkortasuna eta ezta elkarbizitza ere mehatxatzen». Gaineratu du eztabaidaren «ukazioak eta demonizazioak kale itsu batera» eramaten duela.

Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak Euskal Autonomia Erkidegoaren estatus politiko-juridikoa eguneratzeko eztabaida martxan zuen aurreko legealdian, baina legegintzaldia amaitzearekin batera eten zen haren bidea. Harrezkero, lantaldea ez da berriro martxan jarri, eta espero da udazkenean abiatzea lanak. Horren aurrean, kezka agertu du Iturgaizek; Urkulluri eskatu dio argitu dezala zeren alde egingo duen: «ikuspegi guztiak sartzen diren marko juridiko baten edo haustura jokaleku baten» alde.

Urkulluk gogorarazi du Gernikako Estatutua oraindik ez dela bete, eta erantsi legebiltzarra «oso erabilgarria» dela eztabaida martxan jartzeko. Eraberean, azaldu du bere gobernuak «ahal duen guztia» egingo duela estatus politikoari buruzko akordioa ahalik eta gehien zabaltzeko.

Lehendakariaren posizioa ez da berria; 2012tik eta bere agintaldi osoan zehar, estatus politikoari buruzko eztabaidarako foroa Eusko Legebiltzarra dela babestu izan du, Jaurlaritzaren rola bigarren plano batean utzita. Hain zuzen, EAJk eta PSE-EEk ez zuten estatus politikoa gaurkotzeko ekimenik jaso legealdi honetarako gobernu programan.

Nazio aitortza, alde biko harremana, berme sistema

Gaiaz hitz egin zuen atzo Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko lehendakariak ere. Euskadi Irratian, azaldu zuen estatus berrirako bidean «mugarri nagusiak» izango direla «nazio aitortza, estatuarekiko aldebikotasun harremana eta bermeen sistema bat gatazkak konpontzeko». Eskema hori bera baliagarria izan daiteke Kataluniarentzat, haren iritziz. Aurreko legealdian, lantaldeak estatus politiko berrirako zehaztutako oinarrietan nahiz gero adituek aurkeztutako proposamen artikulatuan, erabakitzeko eskubidea ere jasotzen zen, baina haren erreferentziarik ez zuen egin atzo Ortuzarrek.

Ortuzarrek azaldu zuen 2019ko urrian EAJk eta EH Bilduk bi bilera egin zituztela, eta jeltzaleek «proposamen errealista bat» planteatu ziotela EH Bilduri, «une honetan indarrean dagoen legeriaren barruan egin daitekeena eta egin ez daitekeena» jasotzen duena: «Eta asko egin daiteke. Gure jarreraren oinarrian dago orain egin ahal duguna egitea eta, bigarren urrats batean, gaur egun egiterik ez dagoena nola lortu ahal dugun, legeak aldatuz». Ortuzarren arabera, oraindik ez dute EH Bilduren erantzunik jaso: «EH Bilduk gure proposamena ezagutzen du eta, nahi badu, horretaz hitz egiteko prest gaude, eta ez soilik beraiekin baizik eta baita PSErekin, Podemosekin eta PPrekin ere; baina konplikatua ikusten dut PPrekin, dauden egoeran ikusita, gaur egun haiekin akordioetara iristea».

EAJren xedea da «ahalik eta adostasunik zabalena» lortu ahal izatea, eta horretan bat egin dezatela «Gernikako Estatutua babestu zuten alderdiak, bai eta kanpoan geratu zirenak ere, bereziki ezker abertzalea». Horretarako, jeltzaleen asmoa da «alderdien artean hitz egitea eta parte guztiei halako erosotasun puntu bat eskaintzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.