Iazko hondarrean, EAJko presidente Andoni Ortuzarrek bilera erronda bat jarri zuen martxan gainontzeko alderdietako buruekin, Gernikako Estatutua gainditu eta beste itun bat onartzeko aukerak neurtzeko. EAJn eta EH Bildun abagunea ikusten dute behinik behin bi alderdi abertzaleak eta PSE-EE elkartuko lituzkeen akordio bat erdiesteko estatus berri baten inguruan. Gaur-gaurkoz, ordea, Eneko Andueza idazkari nagusi duen alderdian ez dira horri bide ematen ari. Aitzitik, estatutuan eskubide sozialak jasotzea baino ez du ontzat jo oraingoz PSEk, baina ez du ukatu prest dagoela nazio aitortzan urratsak egiteko, nahiz eta aitortza horrek ez lukeen ondorio juridiko zehatzik, Anduezaren nahien arabera.
Beraz, burujabetzan beste urrats bat egiteko piezak mahaian gainean daude, eta datozen hilabeteetan ikusiko da alderdiak gai diren ala ez pieza horiek lotuz joateko. Gaur egun, PSEren posizioa ez dago abertzaleengandik hurbil estatus berriaren eztabaidan, eta baliteke hiru indar horien arteko akordioa ezinbestekoa izatea gero Madrilera indarrez eramateko Eusko Legebiltzarrean adosten dutena.
Alderdien arteko barne negoziazioa martxan da, baina diskrezio handiz ari dira oraingoz. Horrek ez du esan nahi plaza publikoan ez dutenik adierazpenik egin gai horren inguruan. Alderantziz, alderdi abertzaleak euren nahiei buruz aritu dira azken hilabeteotan, eta PSEk nahi horien aurkako jarrera hartu du. Baina zer diote udaberria baino lehen onartuko dituzten txosten politikoek estatusaren inguruan? Zertan datoz bat eta zertan ez?
Mailaz maila
EAJk eta EH Bilduk, bakoitzak bere erara, euskal nazioa egiten dute subjektu politiko, eta subjektu horrek bere geroa erabakitzeko duen eskubidea nabarmentzen dute; hau da, erabakitzeko eskubidearen inguruan, txosten biak emankorrak dira.
Martxoaren 29ko eta 30eko Batzar Nagusian onartuko dituen agirietan, EAJk esaten du helburu duela «Estatuarekin Euskal Autonomia Erkidegorako estatus politiko berri bat hitzartzea, euskal nazioaren aintzatespenean eta Euskadiren erabakitzeko eskubidean oinarriturik». Lurraldetasunari begira, esaten du EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria «hiru errealitate politiko-administratibo» direla, eta, «eratu daitezkeen gehiengoaren borondate kolektiboak errespetatuz, Euskadin erabakitzeko eskubidea instituzionalizatzeko helburua» duela EAJk, «bi estatu inplikatzen dituen itun berri baten bidez».
EH Bilduren agiriak esaten du «burujabetzaren eta eraldaketa sozialaren bideak mailaz mailakoa ere» izan beharko duela, eta horrek «eskuduntza maila gorenen berreskurapen progresiboa» eskatzen duela
Edonola ere, erabakitzeko eskubidearen subjektu politikoa oso argi uzten du: «Euskotarrok, komunitate honetako kide sentitzeagatik, gure borondatez eta pertsona aske eta arduratsu gisa ditugun eskubide indibidualak gauzatzean, herri bat osatzen dugu». Eta, beraz, «herri bat» osatzen dute «euskotarrek», eta «komunitate nazional baten subjektu politiko izaera» dute, jeltzaleen agiriaren arabera.
EH Bilduk, berriz, otsailaren 8an Iruñean onartzekoa den txosten politikoan jaso du «Euskal Herriko Errepublika Konfederala» dela «azken helburua», eta hura eraiki ahalko dela «Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Foru Komunitatea eta Euskal Hirigune Elkargoa entitateek barnebiltzen dituzten hiru eremuek hala erabakita». Koalizio abertzaleak «autodeterminazioa» terminoa idatzi du erabakitzeko eskubidea garatzean, bilkideek «Euskal Herriari dagokion autodeterminazio eskubidea esplizituki onartua izateko aldarrikapenari segida» eman nahi baitiote, eta argi daukate estatus politikoen erreformak negoziatzeko «erabakitzeko eskubidea saihetsezina» dela: «Euskal lurraldeen eskubide historikoak eguneratzeak erabakitzeko eskubidearen aitortza ekarri beharko luke».
Baina koalizio subiranistaren txosten politikoak dakartzan edukien artean bada bat garrantzia hartu duena, baliteke-eta lagungarria izatea EAJk eta EH Bilduk ituna egiteko bidea zabaltzeko. Koalizioaren agiriak esaten du «burujabetzaren eta eraldaketa sozialaren bideak mailaz mailakoa ere» izan beharko duela, eta horrek «iraunkortasuna, egoera berriak sortzeko gaitasuna eta botere politikoaren zein eskuduntza maila gorenen berreskurapen progresiboa» eskatzen duela. Hau da, independentziaren bidean, gradualismoa bere egiten du, eta «balio erantsia» ematen dio mailaz mailakotasunari; «bestela, ibilbiderik gabe geratuko ginateke beto eta ukoen aurrean».
EBBk afiliatuen arteko eztabaidarako proposatutako txostenak «erabakitzeko eskubidea instituzionalizatzeaz» hitz egiten du, baina EAJk «burujabetza osoa» dauka xede, eta hura «mailakako» prozesu baten barruan kokatzen du. Prozesu horren barruko beste urrats baten gisa proposatzen du, esaterako, Europako Batasunaren barruan ardura handiagoa izatea eragile gisa. EAJren estrategian oinarrizko funtsa izan dena berresten du, beraz: gradualismoa.
Estatus berria
Erabakitzeko eskubidea mailaz maila gauzatu beharko dela ezarrita, alderdi bien txostenek erreparatzen diote aurrerantzean euskal nazioak Espainiako Estatuarekin izan beharko lukeen harremanari. Jeltzaleek «Ekonomia Itunak eta Nafarroako Hitzarmenak duten aldebikotasun politikoa bermatuko duen akordio» bati buruz hitz egiten dute. «Euskadi osatzen duten lurraldeei dagozkien eskubide historikoak eguneratzeak» beste estatus bat ekarriko luke, EAJren bide orriaren arabera, «forutasunean, herritarren borondate politiko eta demokratikoan legitimatua».
Jeltzaleek «Ekonomia Itunak eta Nafarroako Hitzarmenak duten aldebikotasun politikoa bermatuko duen akordio» bati buruz hitz egiten dute. «Euskadi osatzen duten lurraldeei dagozkien eskubide historikoak eguneratzeak» beste estatus bat ekarriko luke
Estatus berri horren helburua da «euskal autogobernuaren botere funtsa zabaltzea». Xede bera proposatzen die EAJk bere afiliatuei «Ipar Euskadiri» dagokionez: Euskal hiriguneen Elkargoa indartzeko eta eskuduntza gehiago eta botere sozial eta ekonomiko zabalagoak lortzeko».
EH Bilduk ere, onartzekoa duen txostenean, «Euskal Herrian indarrean dauden administrazio egitura guztien eskumenak handitzeko» helburua ezarria dauka «gaur egungo fasearen garapenean». Jeltzaleekin elkarguneak aurki ditzakete bilkideek, haien txostenak esaten baitu «jadanik badauden eskumenen potentzialtasuna ahal bezainbeste indartu» behar dela. Eta agiriak eransten du «gaur egun Euskal Herrian dauden erakundeen ahalduntzea sustatu» behar dela.
Horrez gain, bada jeltzaleek eta bilkideek euren agirietan jaso duten beste eduki bat Espainiarekin izan nahi duten harreman berriari loturik: aldebikotasun sistema bat, adosten dutena beteko dutela bermatzeko. «Atzerapausoak ekiditeko eta indargabetzeko berme sistema» izan du hizpide EH Bilduk, «herri gisa estatuekin izan beharreko aldebiko harremanean». EAJk, berriz, «aldebikotasun eraginkorra bermatzeaz» hitz egiten du, «forutasunean oinarritzen den sistema baten bidez, asmo zentralizatzaileen aurrean blindatzeko».
PSE, beste doinu batean
Abertzaleek modu oparoan garatutako eduki horiek ez dute lekurik PSE-EEk otsailaren 14tik 16ra egingo duen kongresuari begira prestatu dituen txosten politikoetan. «Euskadi nazio» gisa definitzen dute sozialistek onartuko dituzten txostenetako batean, baina naziotasun ezaugarri horretan sakondu gabe. PSEk eduki sozialak ditu oinarri bere idatzietan. Ongizate gizarteari eusteko «kalitatezko estandarrak berreskuratu» nahi ditu PSEk, Osakidetzan esaterako.
Finean, beste estatutu bat negoziatzeko prest dago PSE, baina idatzita utzi du ezen estatutua gaurkotzean, nolanahi egiten dela ere, «Espainiako gainontzeko lurraldeekiko leialtasuna eta elkartasuna» izan beharko dela oinarri, eta betiere egungo estatutuak duen «babes zabala» bermatu beharko dela. «Badakigu ez dela erraza: erronka erraldoia da. Baina estatutuaren garapenaren aurrerakada nagusiak sozialisten eskutik heldu dira», idatzi dute.
Bada, ordea, gai sozialetatik at PSEk bildu duen beste eduki bat, eta litekeena da zeresan handia ematea, EAJren foruzaletasunaren aurka baitoa zuzen-zuzenean. PSEk nahi du estatutu berriak zergak ezartzeko gaitasuna ematea Eusko Legebiltzarrari, foru aldundien gaitasun hori apalduz. Ikusteko dago txostenak jaso duen eskaera hori PSEk negoziazio mahaira eramango ote duen.