Aberri Eguna

Estatus berri baterako giltza: nazio aitortza

EAJ, EH Bildu eta PSE-EE Gernikako Estatutua berritzeko negoziatzen ari dira, estatus berria mahai gainean dela. Nazio aitortza da akordioaren oinarria. Gakoa hauxe da: hura nola jasoko den, zer dimentsio izango duen.

Otegi eta Esteban hizketan, Eusko Legebiltzarreko lehen legealdiko parlamentarien omenaldian. Behean, Andueza. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Otegi eta Esteban hizketan, Eusko Legebiltzarreko lehen legealdiko parlamentarien omenaldian. Behean, Andueza. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
xabier martin
2025eko apirilaren 20a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gerta daiteke Gernikako Estatutua berritzeko akordio zabal baten aurreko Aberri Eguna izatea aurtengoa. EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk zuzendaritzak berritu dituzte, eta azken hilabeteetan izan dituzten harremanak egonkortzeko eta urrats garrantzitsuak egiteko izan beharko lukete datozen hilabeteek, estatutu berri bat onartzeko saioan. PSOEren eta Sumarren gobernuaren agintaldia aurrera doa Madrilen, eta Gasteizen premia dago akordioak erdiesteko. 

Igerilekuan urik ba ote den ikusi nahi zuen Andoni Ortuzar EAJko presidente ohiak lehen harremanak abiatu zituenean, iaz. Ur hori nazio aitortzaren inguruan egon daitekeela helarazi dute ordutik Eusko Legebiltzarreko gehiengo handi-handi bat osatuko luketen hiru alderdi nagusien ordezkari gorenek. Nazio aitortza bai, baina nola?

«Aitor Esteban Euskadiren aitortza nazionalari buruz ari da, eta Eneko Andueza, Euskadiren aitortzaz nazio gisa. Anduezak hiztegi hori erabiltzeak esan nahi du pixkana lur hartzeko pista bat eraikitzeko saioan daudela, eta urtea amaitu aurretik agian akordio bat izango dela, Eusko Legebiltzarrean tramitatzen has dadin; betiere Espainiako legealdia amaitu aurretik irits dadin Kongresura». Silvan & Miracle aholkularitzako fundatzaile Eva Silvanek (Madril, 1975) ahoan bilorik gabe azaldu du estatus berriaren inguruko itun handi bat egiteko aukera argiak daudela.

Silvanen arabera, Gernikako Estatutuaren transferentziak urte askoan iritsi ez diren esparru horri gailentzea eskatuko luke «logikak», «urteotan ikasitakoa» aintzat hartuz. «Estatus berri bat nahi badute, eskuduntzak blindatu beharko dituzte; bermerik gabe, adosten den horrek Espainiako epaitegien interpretazioen mende jarraituko du, eta, gainera, ez du beti PSOEk aginduko Espainian...».

Politologoak horrela azaldu du abertzaleek birzentralizazioari galga bat jartzeko duten nahia. Ikusteko dago PSE noraino iristeko prest dagoen «aldebikotasun esparru berriak» sortzeko ekinaldian, eta, batez ere, PSOE bera zer onartzeko prest dagoen, sozialisten erabakigunea Ferrazen egongo baita Bilbon baino gehiago.

Erabakitzeko eskubidea

Ion Ansa (Errenteria, Gipuzkoa, 1977) zientzia politikoetako analista bat dator Silvanekin nazio aitortza itun baterako bide izan daitekeela. «Nazio aitortzari dagokionez, gertu dago akordioa, eta baliteke eduki horren inguruan egotea lokarria askatzeko giltza». Baina ondorio juridikorik izango luke aitortza horrek, ala terminologia kontua izango litzateke soilik, Anduezak dioen moduan? «Bereizi behar dira erabakitzeko eskubidea, zeinak Espainiako Estatuaren izaera goitik behera aldatuko lukeen, eta nazio aitortza, zeina Espainiako Konstituzioaren barruan onartua izango bailitzateke. Oreka hori lortu beharko da akordioan», azaldu du Ansak.

«Burujabetzaren aldeko urrats oso esanguratsuak jaso beharko dira EH Bilduk horren aldeko apustua egin dezan»

EVA SILVASilvan & Miracle aholkularitzako fundatzailea

EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko eledun Pello Otxandianok ziurtatu du aitortzak ondorio juridikoak dituela, nazioarteko legediari jarraikiz. «Baina, aldi berean, estatutuak jasotzen du euskaldunok ez diegula uko egiten gure eskubide historikoei, eta anbiguotasun horretan mugitzen ari da ituna», Ansak dioenez. Haren apustua zera da, «Espainiako izaera juridikoa ukituko ez duen aitortza bat» izango dela negoziazioaren emaitza. Hori dago erabakitzeko; hori dago jokoan.

Edonola ere, estatutu berriak ez luke jasoko autodeterminazio eskubidea, politologo bien arabera. Silvanek uste du burujabetzaren aldeko «urrats oso esanguratsuak» jaso beharko direla EH Bilduk horren aldeko apustua egin dezan, «eta bere oinarri independentistei hori azaltzeko prest egon dadin». Zeren eta, haren arabera, aitortza nazionala lortuta ere, berme sistema berri bat lortuta ere, PSOEk babestutako ezein estatutuk ez du jasoko erabakitzeko eskubidea. «EH Bilduk idatzi bat beharko du zeinak interpretazio bat egiteko modua emango dion erabakitzeko eskubidera daramaten baldintzen inguruan. Baina Madrilgo Kongresuan onartzeko modukoa izan beharko du».

Ukorik gabe

Batera edo bestera, estatutu berriak ez luke ekarriko autodeterminazio eskubideari uko egin beharra, Ansak azaldu duenez. «Agirre lehendakariak uko egin zion independentziari lehen Jaurlaritza egiteko? Garaikoetxeak uko egin zion Suarezekin negoziatu zuenean? EH Bilduren egungo gako garrantzitsu bat da aurrerapausoak emateko modua topatzea; ez da ukoetan pentsatzen ari». 

«Burujabetza osoaren ideia ez da lotuko estatutura; bestela, lokarriak askatu gabe jarraituko du»

ION ANSA Analista politikoa

Gernikako Estatutuak berak jasotzen du eskubide historikoei uko ez egiteko adierazpena, Ansak gogoratu duenez. «Gaur egun, ez da errealista estatutuaren gaurkotzean erabakitzeko eskubide bat jasotzea zeinean legezko bide batez Euskal Herriari aukera emango litzaiokeen bere estatua edukitzeko. Hemen, ikusi behar da nazio aitortza non eta nola jasotzen den idatzi berrian, zer-nolako dimentsioa duen». Edonola ere, «burujabetza osoaren ideia» ez da lotuko estatutura; beste bide batzuetatik jorratu eta proposatu beharko da etorkizunean, analistaren ustez: «Ez bada horrela, lokarriak askatu gabe jarraituko du».

Hauteskundeak eta alderdien barne prozesuek galarazi egin dute orain arte negoziazioek abiadura bizia hartzea, baina «aukera leihoa» aipatu dute eragileek, eta ez alferrik. «Nolakoa da giro politikoaren eta iritzi publikoaren eboluzioa Espainian? Ematen du ez dagoela inolako egonkortasunik», Silvanen arabera. Ansak modu argian azaldu du egoera: «Aukera dago, denbora muga baten barruan. Premia politikoa dago, duela 45 urte Gernikako Estatutuarekin zegoen moduan, kuarteletako giroa zela eta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.