Euskal Herriaren aldarria eta eskuina galgatu beharra nagusitu dira kanpaina hasierako mezuetan

Eskuin muturraren gorakadaz ohartarazi dute, eta EH Bilduk «boto antifaxista» eskatu du hura geratzeko. Ortuzarrek abisu eman du eskuin muturrak «galbidera» eraman nahi duela Europa, eta hura geratzera deitu du.

Pernando Barrena, Arnaldo Otegi eta Idurre Bideguren kanpaina hasieran, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
Pernando Barrena, Arnaldo Otegi eta Idurre Bideguren kanpaina hasieran, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
gurutze izagirre intxauspe
2024ko maiatzaren 23a
21:46
Entzun

Bi mezu nagusitu dira Hego Euskal Herrian abiatu den Europako hauteskundeen kanpainan. Euskal Herria nazioa dela aldarrikatu dute EAJk eta EH Bilduk, eta aldarri hori Europara eramango dutela. Eskuin muturraren gorakadaz ohartarazi dute, bestetik, PPk ez beste guztiek, eta horri galga jartzera deitu dute.

Dozenaka lagun elkartu ditu EH BIlduk Bilbon eta Iruñean, kanpaina hasieran. Pernando Barrena Orain Errepublika aliantzaren bigarren zerrendakidea izan da hizlari, Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiarekin eta Idurre Bideguren senatariarekin batera. Iruñean izan da, berriz, Bakartxo Ruiz, dozenaka alderdikidez inguratuta. Gogoratu dute azken hauteskunde zikloan EH Bilduk izan duen gorakada, eta erronka gisa dute hauteskunde hauetan ekainaren 9ko hauteskundeetan EH Bildu izatea Hegoaldean boto gehien lortuko dituen alderdia.

Barrenak esan du aldarrikatuko dutela Euskal Herria nazioa dela eta erabakitzeko eskubidea duela, eta irtenbide baketsu eta demokratikoak emateko eskatuko dutela. Bestalde, ohar egin du eskuin muturraren indarraz, eta ideia bat azpimarratu du: «Antifaxistak gara». Gatazka giroa ere izan du mintzagai: «Ezin da Palestina estatu gisa onartu eta Israeli armak saltzen segitu». Gatazkak elkarrizketaren eta diplomaziaren bidez konpondu behar direla esan du. Ohartarazi du gastu militarraren igoera iragartzen ari dela eskuina, eta hori eskubide sozialen galgarri izango dela: «Ez dugu onartuko. Oraindik gogoan dugu 2008ko krisiak eragin zuen masakre soziala». Boto antifaxista, antibelizista eta eskubide sozialen aldekoa eskatu du, eta mobilizatzera deitu du.

Estaturik gabeko nazioen eskubideak «inoiz baino ozenago» aldarrikatzeko tenorea dela esan du Bakartxo Ruiz EH Bilduren laugarren zerrendakideak Iruñean, Gaztelu plazan. Ruizek aitortu du Europako bozak urrunekoak ikusten dituela gizarteak eta «panorama beltza» dela, eskuin muturraren eta militarizazioaren gorakadaren ondorioz. Hain zuzen, horregatik jo du inoiz baino garrantzitsuagotzat hauteskunde horietan parte hartzea, «injustiziei aurre egiteko» eta estaturik gabeko nazioen aitortza aldarrikatzeko, «betikoek betikoa erabaki ez dezaten», eta aldarrikatzeko ezkerretik eta subiranotasunetik beste Europa bat posible dela. 

Oihane Agirregoitia, Hondarribin, kanpaina hasieran. LUIS TEJIDO / EFE
Oihane Agirregoitia, Hondarribian, kanpaina hasieran. LUIS TEJIDO / EFE

EAJk nazio aldarria egin du, eta eskuin muturrari galga jartzeko deia

EAJk Bidasoa ibaiaren alboan hasi du Europako hauteskundeetako kanpaina. Haien esanetan, bi arrazoiengatik: batetik, Bidasoa delako hegoaldeko eta iparraldeko euskal herritarrak batzen dituen ibaia, eta, bestetik, alderdi jelkidea delako alderdi bakarra Euskal Herri osoan aurkeztuko dena. Dozenaka lagun elkartu dituzte kanpaina hasierako ekitaldian, Hondarribian, Gipuzkoan. Oihane Agirregoitia zerrendaburuarekin batera izan dira Jean Tellechea, Aitana Agirre, Rakel Molina, Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Andoni Ortuzar EAJren EBBko lehendakaria. Agirregoitiak bozen garrantzia nabarmendu du. Argudiatu du «muturreko populismoak» goranzko joeran diren garaiotan EAJk «proposamen erreal eta zehatzak» aurkezten dituela. Haren esanetan, «euskal lobby-a» izan nahi dute EBn, eta batasunaren «gizarte eredua» defendatu, «Txinako eta AEBetako ereduen aurrean». Horrek, era berean, «herrien Europa» indartzea eskatzen duela zehaztu du.

Horiek horrela, Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakari Iñigo Urkulluk azaldu du «garapenaren, elkartasunaren, herrien Europa» defendatzen duela EAJk. Zehaztu du «Euskadiren ahotsa» islatu nahi dutela EBn hartzen diren erabakietan: «Euskadi defendatzeko eta Euskaditik Europa gehiagorako ekarpenak egiteko». Haren esanetan, «Euskadiren herri erronkek dimentsio europarra» baitute.

Ortuzarrek abisua eman du: «Korronte antieuroparra hedatu da, eta Europa galbidera eraman nahi dute». EAJk eskubideen alde egingo duela esan du. Bestalde, bi aldarri Europara eramango dituztela azpimarratu du: Euskal Herria nazioa dela eta euskara Europako hizkuntza dela.

Idoia Mendia, kanpaina hasierako ekitaldian. JAVIER ETXEZARRETA / FOKU
Idoia Mendia, kanpaina hasierako ekitaldian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Eskuin muturrari erantzuteko deia egin du Alderdi Sozialistak

Alderdi Sozialistak Iruñean eta Bilbon egin ditu kanpaina hasierako ekitaldiak. Santos Cerdan antolakuntza idazkariak, Maria Txibite lehendakariak eta Elena Sancho Alderdi Sozialistako hemeretzigarren zerrendakideak hartu dute hitza. Cerdanek esan du eskuinak barrutik hautsi nahi duela Europa, «Troiako zaldi bat bezala». Txibitek ere ohartarazi du atzerakadarako dagoen «arriskuaz»: «Une erabakigarrian gaude: aurrera egitea edo atzera egitea dago jokoan». Sanchok ere deitu du etenik gabe lana egitera, «demokrazia gehiago eta hobea eraikitzeko, agenda berdea indartzeko, berdintasuna eta ongizatea indartzeko». Orain arte eraikitako guztia arriskuan egon daitekeela uste du, «eraikitako guztia eraitsi nahi dute matxismoz, negazionismoz eta gorrotoz betetako mezuekin».

Eskuin muturraren arriskuaz ohartarazi du Idoia Mendak ere, Bilbon. Alderdi Sozialistako bosgarrena da zerrendan, eta Bilbon hasi dute kanpaina, Areatzan. «Eskuin horrek, PP horrek, Mileirekin hasi du kanpaina. PPren bazkideek motozerra hartzen dute eskuan, murrizketa bortitzak txalotzen dituzte, gutxien duena gutxiestea sustatzen dute. Hori da Alderdi Popularrak babesten duen eredu berria. Eta horiek dira lortutako guztia arriskuan jar dezaketenak. Hautetsontzietan aurre egin diezaiekegu Alderdi Sozialistaren alde bozkatuta». Uste du Europako eredua «itsasargi» bat dela demokraziarentzat, kohesio sozialaren eta bizikidetzaren eredu bat. Eta iruditzen zaio hori defendatu behar dela. «Hauteskunde hauetan, kontua ez da nazionalismoa», haren ustetan, «baizik Alderdi Sozialistaren eskutik etorritako aurrerapenei bultzada ematea».

Eneko Andueza lehendakarigaia alboan izan du Mendiak. Hauteskunde hauen garrantzia azpimarratu du: «Ezin dugu utzi Europa berde, sozial, abegikor eta berdinzalea iraganeko garai beldurgarrietara eramaten gaituen eskuinaren esku».
 

«Irabazleentzako» botoa eskatu du PPk

Europako alderdi popularraren olatura igo eta euskal herritarren ordezkaritza egokiena Alderdi Popularra dela esanez hasi du kanpaina Javier de Andres EAEko PPko buruak, Bilbon. Carlos Iturgaitz eta Javier Zarzalejos izan ditu alboan. Esan dute Europan kale egiten duten politikak sozialistenak eta nazionalistenak direla. «Irabazleei» botoa emateko eskatu dute.

Antonio Lopez-Isturiz Nafarroako eurodiputatuak Iruñean egin du ekitaldia, eta bide beretik aritu da. Europan eskuinak irabaz dezakeela esan du, eta UPNren zaleei ere eskatu die botoa, «Europan bezala Nafarroan eta Espainian ere eskuinak irabaz dezan».

Sumarrek botoa eskatu du «atzerakada demokratikoa geratzeko»
 

Carlos Guzmanek Iruñean egin du kanpaina hasierako ekitaldia. Nafarroako Ezker Batuko koordinatzailea da, eta hemezortzigarrena Sumarren zerrendan. Nafarroa feminista, ekologista eta bakezaleari eskatu dio botoa. Esan du Sumar dela bermea Europa neoliberalari eta kapitalistari aurre egiteko. Ohartarazi du eskuin muturraren eta eskuin kontserbadorearen eskutik «atzerakada demokratikoa» etor litekeela Europan. Horri galga jartzeko eskatu du botoa Sumarrentzat.

Bide beretik jo du Andeka Larrea Sumar Euskadiko zerrendakideak, Bilbon. Han abiatu du kanpaina, alderdikideekin egindako batzar batean. 35. doa zerrendan. Larrearen ustez, «balio aurrerakoiak» daude jokoan. Horregatik iruditzen zaio garrantzitsua bultza egitea «Europa sozialago, demokratikoago baten alde, gutxiengoan daudenen mesedetan lana egingo duenaren alde».

Ipar Euskal Herrian, kanpainako afixak astelehenean hasiko dira jartzen ofizialki.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.