Estatugintzarako palanken bila

Euskal estatua lortzeko gogoetak plazaratu dituzte EHUko Udako Ikastaroetan, 'XXI. mendeko abertzaletasunaz' zikloan. Egitasmo baterako, nortasunaz gain, osagai eta bide berriak behar direla diote

XXI. mendeko abertzaletasunaz zikloko azkeneko jardunaldia, atzo, Donostian. Hizketan, Arnaldo Otegi. JON URBE / ARP.
enekoitz esnaola
Donostia
2016ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Abertzaletasunak euskal estatua nahi badu, nortasun osagaiei eutsi egin beharko die, baina, horrez gain, elementu berriak beharko ditu proiektura gero eta jende gehiago batzeko. Hori izan ahal da XXI. mendeko abertzaletasunaz zikloaren laburpen bat. Pausoak eman aurretik zoru komuna eraikitzeaz, edo Europako Batasuna eta globalizazioa kontuan hartzeaz ere mintzatu dira azken hiru egunetan hainbat lagun Donostian, Miramar jauregian, EHUko Udako Ikastaroen barruan Jakin-ek eta Zuzeu-k antolatutako zikloan. Atzo Andoni Olariaga filosofoaren, Idurre Eskisabel antropologoaren eta Arnaldo Otegi Sortuko idazkarinagusiaren txanda izan zen.

Euskal estatuaz hitz egiten da asko, hartarako independentismo berria eraiki beharraz, hori dena ez da mamitu orain arte. Adibidez, Olariagak azaldu du «abertzaletasuna berridatzi» egin behar dela, «nazio barneratzaileagoa» egin behar dela «abertzale ez direnak independentismora ekartzeko», eta galdera zehatza egin du: «Baina non dago euskal estatuaren eredua?». Gordina izan da erantzuna: «Ez dago». Otegik orain dela urte batzuk ezker abertzalea sortu izana azpimarratu du —«aberri pluralago bat planteatuta, abertzaletasunari aldaketa ideologiko bat ekarri ziolako»—, laudatu egin du ezker abertzaleak duela sei urte emandako aldaketa estrategikoa, baina txarretsi du ez asmatu izana urteetan ereindako kapital guztia estatugintzara bideratzen. «Erresistentziaren aberritik estatu izan nahi duen aberrira pasatu behar da», esan du. Euskal Herria «ekonomikoki, komunikatiboki, kulturalki… kolonizatua» ikusten du Otegik. «Ez gara gauza izan markoa Euskal Herrian jartzeko».

Haren iritzian, «gatazka politikoa areagotu» ez izanak baduzerikusirik horretan. «Ezker abertzalearen estrategia aldaketarekin gatazka politikoa areagotzea nahi genuen. Baldintzak bazeuden. Baina gatazka politikoadesagertu egin da. Zerbait oso gaizki egiten ari gara».

Aurrera ez egitearen atzean egon liteke, Otegik adierazi duenez, herri honek oraindik ondorioztatu ez izana estatu propioa behar duela. Eta aurretik beste ondorio bat atera behar ei du Euskal Herriak: «Espainiako Estatua ez dela demokratizatuko». Alde horretatik Kataluniako prozesua txalotu du, han abertzaletasun historikoak ere duela urte batzukatera zituelakoan bi ondorio haiek. Garbi du euskal estatua behar dela. «Euskal estatua izanda, agian, ez gara %100ean burujabe izango. Baina estaturik gabe %100ean menpeko izango gara».

Osagaiak

Baina nola egin euskal estatuaren egitasmo bat? Nola hartu han-hemen dabiltzan ideiak, nola uztartu haiek identitatearen alde egindako lan guztiarekin, eta nola egin jauzia estaturantz? Oraingoz, hausnarketak baizik ez daudela ikusten da. «Bizitza duin eta bizigarria izateko, nor izatea da gakoa», azaldu du Eskisabelek, eta, adibidez, «behar da herri identitatearen aldarrikapena». «Kontua da nola landu XXI. mendean baliagarri izateko». Antropologoaren irudiko, «Amaiur berri bat» sortu beharko litzateke: «Emakumeena, prekarioena, euskaldunena. Demokratizazioan eta justizia sozialean sakondu behar da». Jendeak euskal estatua behar dela ikusteko, Olariagak ere «esparru berriak» jorratzearen alde egin du, eta gaineratu du Espainiako Estatuarekin «konfrontazioa» sustatu behar dela. «Konfrontazioa beti arlo nazionaletik bilatu dugu. Arlo sozialetik ere bilatu behar da». Halaber, aipatu du ez dela txarra proposamen «taktikoak» egitea —kasurako, estatutu berria adostu, eta Madrilera eraman—, «jendearen irudipena aldatzeko» balio dezaketelakoan.

Otegik ere badio arlo soziala garrantzitsua dela estatugintzarako, baina ohartarazi du «faktore identitarioa, emozionala eta euskara» ezin direla «ahaztu». «Dena ezin da arlo sozialera eraman. Diskurtsorik ezkertiarrena egin dezakegu, baina euskaldunak gara. Ezin dugu oreka galdu». Eskisabelek «herri berdinzaleago eta askeago bat» aldarrikatu du, funtsean. Sortukoak «aberri desberdinez» ere hitz egin du, eta, «lurraldetasun korapiloari» erantzuteko, «estatu konfederalaz».

Horra denera iristeko «independentismoaren birfundazioa» eskatu du Otegik. «Herri hau maite dugunok diagnostikozorrotz bat egin behar dugu. Abertzaletasunak eta independentismoak beren burua birpentsatu behar dute. Prozesu eratzaile baten bidez egin behar da, eta prozesuak herritarra behar du izan, egitura politikoetatik diseinatu gabekoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.