Galdera argi batekin hasi zuenJean-Pierre Massias unibertsitateko irakasleak bazkalosteko eztabaida: bete da Aieteko Adierazpeneko lehen puntua. Zein dira hurrengo pausoak? Nola gainditu Frantziako eta Espainiako estatuen ukazio jarrera? Berehala atera zen pragmatismoaren kontzeptua HNT Harremanetarako Nazioarteko eta Egiaztatze Batzordeko kide Ray Kendallen ahotik. «Uko politiko baten aurrean gaude», esan zuen. Gizartearen bultzada erdigunean jarrita, hori gainditzeko bideetatik aritu ziren Kendall bera, HTNko kide Brian Currin, Conciliation Resources elkarteko zuzendari Andy Carl eta Berghof fundazioko zuzendari Hans-Joachim Giessmann doktorea.
ETAren su-etena egiaztatzeko bidean estatuekin harremanik ez izatea hasieratik izan da oztopo Egiaztatze Batzordearentzat, Kendallen hitzetan. Gainera, Frantziak esana du, Barne ministro Manuel Vallsen ahotik, Espainiaren menpe jartzen dituela bere asmoak. Jarrera hori mugimendu politikoekin ere lotu du Kendallek, Euskal Herriko eta Kataluniako independentzia eskaerak eta Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberorako lurralde elkargoaren auzia aipatuz: «Estatuak beldur dira, baina ikusiko dute azkenean behartuta egongo direla».
Baina nola eragin edo azkartu estatuen jarrera aldaketa? Hasteko, ezker abertzalearen barruan izandako gogoeta prozesuaren garrantzia azpimarratu nahi izan zuen Carlek, «aldaketa izugarria» ekarri duelako. Etengabeak izan ziren beste hainbat gatazkari egindako aipamenak; Ipar Irlandakoarenari, batez ere. Dena den, badago estatuen jarrera aldatzeko oinarrizko bide bat, Giessmanen hitzetan: elkarrizketa bidezko indar metaketa, eta arriskatzeko prest dagoen jendea aurkitzea. «Luze jotzen du batzuetan, baina aldaketa hasten denean azkar gertatzen dira gauzak».
Nazioarteko begiraleek Euskal Herrian, gaur egungo egoeran, aurrera egiteko bidea gizartearen parte hartzea dela ikusten dute. «Irudimen pixka batekin, gaindiezinak diren egoerak gaindi daitezke», esan zuen Currinek.«Behetik gorako presioa» behar dela uste du Carlek ere: «Maila lokalean hasten da bakea». Gizartea, ordea, oso plurala da, eta aniztasun hori onartuta, formula inklusiboak aurkitu behar dira, Carlen hitzetan. Horretarako, beharrezkoa da alderdi politikoek ere prozesu horretan parte hartzea. «Aukera bikaina da gizarte zibilaren eta alderdi politikoen artean harremana sortu eta denen artean gai politikoei heltzeko, alderdi askotako mahaiak sortzeko», gaineratu zuen Currinek. Gainera, HNT sortu zutenean agindu bat bazutela jakinarazi zuen: era horretako mahaiak sortzea, bai Iparraldean, bai Hegoaldean.
Biktimen aitorpena eta presoak
Indarkeria ororen biktimen eta memoriaren gaia ere landu zuten hizlariek. Egiaren eta Justiziaren Batzorde bat sortzeko beharra azaleratu zuen, esaterako, Giessmannek: «Besteen minaren aitorpenak hasieratik egon behar du prozesuan». Hegoafrikan izandako esperientzia ekarriz, gatazkan bi alde zeudela onartzeak asko lagundu zuela gogoratu zuen Currinek. Han ere gobernuaren aldetik eragozpenak izan ziren arren, egiaren aldeko mugimendu bat sortu zela azaldu zuen. «Denak gonbidatu genituen egia kontatzera, baita biktimak ere». Ordutik egoera asko aldatu dela esan zuen; nazioarteko legedia, besteak beste.
Adiskidetzeari dagokionez, tentuz ibili beharreko auzia dela esan zuten Currinek berak eta Giessmannek: «Oso pribatua da hori. Denen arteko ondare komun bat bilatu behar da». Gainontzean, ondo orekatu behar dira biktimen, aitorpenaren, erreparazioaren eta amnistiaren auzia, Currinen arabera.
Azkenik, amnistiaeta presoen kaleratzea bereizita landu behar direla uste du abokatu hegoafrikarrak. Ipar Irlandako adibidea gogoratuz, presoak lehenbailehen kaleratzeko formula bat bilatu zutela gogoratu zuen, banakako eskaera bidezkoa. Preso gehinek lortu zuten espetxetik ateratzea.
Hala ere, ohartarazpen bat gaineratu zuen: «Jokaleku berrian ez dago inolako justifikaziorik sakabanaketa mantentzeko».
Baionako Bake Foroa
Estatuen ezetza gainditzeko bideak
Nazioarteko adituek nabarmendu dute gizartearen bultzadarekin mugitu egin beharko dutela Frantziak eta EspainiakBiktima guztien aitorpena prozesuaren hasieran egin behar dela adierazi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu