Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kidea

Arantza Gutierrez: «Estatuek trukerako txanpon gisa erabiltzen dituzte pertsonak»

Mugak Zabalduz karabana Balkanetara abiatuko da etzi. Hango egoera ikusarazteaz gain, Gazan gertatzen ari den «genozidio sionistaren» aurkako oihua zabalduko dute.

Arantza Gutierrez. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Arantza Gutierrez. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2024ko uztailaren 10a
05:00
Entzun

Europan agerian geratu da eskuin muturraren gorakada, eta kezkaz bizi du hori Arantza Gutierrezek, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideak (Donostia, 1965); baina are gehiago kezkatzen du ezkerreko pertsona batzuek diskurtso bera izateak. Horri aurre egiteko, ezinbestekotzat jo du norberaren «barruko mugak» zabaltzea eta aliantzak egitea. Hori lortze aldera, etzi abiatuko da Mugak Zabalduz karabana Balkanetako migrazio bide «ikusezinera». Ongi Etorri Errefuxiatuak da antolatzaileetako bat. Uztailaren 21era bitarte, hainbat toki eta eragile ezagutuko dituzte herritarrek. Hiru autobus bertaratuko dira; 270 pertsona inguru. Hego Euskal Herritik aterako da autobus horietako bat. 

Zergatik aukeratu duzue aurten Balkanetako migrazio bidea?

2020an egin nahi izan genuen bidaia hau, baina, pandemiarengatik, bertan behera utzi behar izan genuen. Balkanetako bidea aukeratu dugu muga ikusezina delako. Mediterraneoan gertatzen dena ikusten dugu, baita Melillan gertatzen dena ere. Badakigu Kanarietan eta Bidasoan zer gertatzen den, baina Balkanetan, ordea, ez. Europako atzeko atea da; oso muga arriskutsua. 

Zein da karabanaren helburua?

Lotura ezarri nahi dugu egungo egoeraren eta memoria historikoaren artean. Gogoratuko dugu Bosnian gerra bat egon zela. Hain justu, Bihacera goaz: genozidio bat egon zen han, eta oraindik orbain batzuk geratzen dira. Gaur egun, pertsona batzuek ihes egin behar dute, gerretatik zein beste egoera batzuetatik. Bada, Europan ere bizi izan ditugu horrelakoak. Ezin dugu ahaztu. Horrez gain, bide osoan zehar, gerraren kontrako oihua argi utziko dugu, eta Gazan gertatzen ari den genozidio sionistaren kontra gaudela aldarrikatuko dugu. Are, Europari eskatuko diogu hori geldiarazteko; ezin da isilik geratu.

«Badakigu Kanarietan, Mediterraneoan eta Bidasoan zer gertatzen den, baina Balkanetan, ordea, ez»

Europako Migrazio eta Asilo Itun berria ere salatuko duzue. 

Mugak are gehiago ixtea ekarriko du horrek. Legezkoak izango dira orain egin ezin diren gauza batzuk: hala nola jendea berehala itzultzea edota denbora batez atxikitzea. Gainera, estatu batek ez baditu migratzaile gehiago nahi, 20.000 euro ordaindu ahalko ditu pertsona bakoitzeko, beste estatu batek har ditzan. Hori da pertsona baten bizitzari jarri dioten prezioa. Bide osoan zehar, argi utziko dugu hori guztia ez dutela gure izenean egingo. 

Besteak beste, zer tokitara joango zarete?

Paduan [Italia] Balkanetako gerraren berri izango dugu. Eta Avianako NATOren base militarrera ere joango gara. Izan ere, NATO bera salatuko dugu, baita gerrak ere. Orain gerra hotzak daude Europan, eta salatuko dugu Europa bera nola ari den jokatzen. Triestrera ere [Italia] bagoaz. Han plaza berezi bat dago; jendea zauri fisiko zein emozionalekin heltzen da hara, eta Lorena Fornasir eta Gian Andrea Franchi aktibistek oinak garbitzen dizkiete. Haiek esaten duten bezala, etortzen diren pertsonak zaintzea politikoa ere bada, Europak egiten duen nekropolitikaren kontra egitea. Erresistentzia modu bat da. 

Manifestuan jaso duzuenez, gaur egun atzerapauso nabarmena egon da migratzaileen eskubideetan. Yusef Mahmudi ekintzaile sahararraren auziak zer esana eman du. 

Ohar bidez salatu genuen auzia guk. Gure ustez, jendea ez da ilegala. Pertsonek libreki ibiltzeko eskubidea dute, eskubide eta babes guztiekin. Eskubide hori ezin da herrialdeen interesen menpe egon. Ez dira trukerako txanponak, pertsonak dira. Gainera, etortzen diren pertsona asko gure erruz datoz; guk egin dugu ustiapena haien tokietan, guk esplotatu ditugu, eta haien aberastasuna kendu diegu. 

2016an egin zenuten lehenengo karabana. Zein izan da bilakaera?

Gauza batzuek okerrera egin dute; horren adibidea da Migrazio eta Asilo Ituna onartu dutela, gerra hotzak daudela Europan eta ultraeskuinak aurrera egin duela. Halere, niri ikuspegi positiboa izatea gustatzen zait: gero eta gehiago gara. Karabanarekin bisitatu ditugun tokietan, ikusi dugu jende asko dagoela lanean. Eta haiek ikusi dute ez daudela bakarrik. Aliantzak sortu ditugu. Garrantzitsua da elkar ezagutzea eta ikustea ez gaudela bakarrik. 

«Gure etsaiak ez dira beste lekuetatik etortzen direnak. Gaizki baldin bagaude, interes ekonomiko handiena, multinazional handiena eta patriarkatu kapitalistarena da erantzukizuna»

Kezkatzen zaitu ultraeskuinaren gorakadak?

Asko. Are gehiago, ultraeskuinak duen diskurtsoa ezkerreko pertsona batzuei ere entzuteak kezkatzen nau. Diskurtso batzuk desegin behar ditugu. Erraza da esatea kulturalki delitugileak direla, eta ez ikustea gure seme-alaben adineko pertsonak direla. Jatorrizko lekuan ama bat dute, gauero galdetzen diena ea ondo dauden, ea jan duten; guk geure seme-alabei galdetuko genien bezala. Hori ez dugu ikusten. Batzuk ez dira ezta heltzen ere. Hori ere kontuan hartu behar dugu: jendeak uste du bidaia oso arriskutsuak egiten dituztela soilik gu izorratzera etortzeko. Horretarako balitz, ez lituzkete horrelako bidaiak egingo.

Zer gertatzen ari da mugen kanporatzearekin? Zer harreman dute Europako Batasunak eta Afrikako herrialdeek?

Estatu bakoitzak badu bere tokia. Adibidez, Espainiako Estatuak beti izan du harremana Marokorekin. Sahara dagoen egoeran baldin badago, harreman horregatik dago hala. Espainiari ez zitzaion inporta hori saltzea. Zer lortu du horrekin? Marokok polizia lana egitea. [Alberto Nuñez Feijoo] PPkoak armada zabaltzea eskatu du orain dela gutxi, migrazioa geldiarazteko. Ezin dute armada eraman, baina bai ordaindu ahal dio Marokori. Interes ekonomikoengatik eta geopolitikoengatik, estatuek trukerako txanpon gisa erabiltzen dituzte pertsonak. Marokok presio egin nahi duenean, mugak irekitzen ditu. Nekropolitika hori salatu nahi dugu, baita migrantizidioa ere. Pertsonek libreki joan beharko lukete toki batetik bestera.

Zer egin dezake gizarteak?

Adi egon behar dugu, eta diskurtsoak desmuntatu. Ezin ditugu hainbeste gezur sinetsi. Gure etsaiak ez dira beste lekuetatik etortzen direnak. Gaizki baldin bagaude, interes ekonomiko handiena, multinazional handiena eta patriarkatu kapitalistarena da erantzukizuna. Eta ez etortzen direnena; horiek gure berdinak dira. Jakin behar dugu nork izorratzen gaituen gu, nortzuek nahi gaituzten kontsumitzen eta erosten eta ez, berriz, pentsatzen. Gure barnean ditugun muga horiek zabaltzen baditugu, beste guztiak zabalduz joango gara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.