Espainiako Estatuaren indarkeriaren biktimak biltzen ditu Egiari Zor fundazioak, eta Espainiako Gobernuari eskatu dio «adierazpen argi bat» egin dezala gerra zikinaren auzian «erantzukizunak bere gain hartzeko eta eragindako mina aitortzeko». Era berean, «estatu terrorismoak eragindako krimenak ebazteko modua emango duen dokumentazio sekretua desklasifikatzeko» ere eskatu du: «Ez dugu behar asko eta asko beren erantzukizunetatik salbuetsita uzten dituen kondena generikorik».
Joan den astean, Espainiako Barne ministro ohi Jose Barrionuevok elkarrizketa eman zion El Pais egunkariari, eta hartan,GALen ekintzak justifikatzeaz gain, aitortu zuen berak agindu zuela Jose Maria Larretxea Goñi ETApm-ko kidea bahitzen saiatzeko. Adierazpen horiek erreakzio oldea eragin dute, eta estatuaren indarkeriaren biktimek ere iritzia eman nahi izan dute horren inguruan. Haien izenean mintzatu dira GALek hildako bi biktimaren senitartekoak: Edurne Brouard GALek haren aita Santiago Brouard hil zuen, 1984an eta Begoña Galdeano, GALek 1985ean hildako Xabier Galdeanoren alaba.
Brouardek eta Galdeanok esan dute Barrionuevoren hitzek ez dituztela ezustean harrapatu: «Ez dute lehendik ez genekien ezer ekarri: zigorgabetasun osoa sentitzen duela eta egindako terrorismoaz harro dagoela baino ez du erakutsi». Edonola ere, «paradigma aldaketa» ikusten dute biktimek ministro ohiaren hitzetan: esan dutenez, lehen «ukazioa» erabiltzen zuten, «ekintza terroristetan edozein parte hartze edo erantzukizun ukatzea»; orain, berriz, «estatu aparatuek eragindako terrorismoa zuritu eta legitimatzen saiatzea» da estrategia, haien aburuz.
Zigorgabetasuna opari
Egiari Zor elkarteko kideek uste dute fiskaltzak ofizioz jardun beharko lukeela adierazpen horien aurka, eta berdin egin beharko zukeela Felipe Gonzalez presidente ohiak gerra zikinaren inguruko adierazpenak egin zituenean edo Jose Luis Corcuera Barne ministro ohiak Antonio Cardosa postariaren hilketan izan zitzakeen erantzukizunen inguruko informazioak plazaratu zirenean. «Ez dute egin, justizia eredua erabat desorekatuta dagoelako: indarkeria eragin duten batzuengan legearen pisu guztia jartzen du, bizi guztiko kartzela zigorra ezartzeraino, eta beste batzuei, gure sufrimenduaren erantzule diren horiei, zigorgabetasuna oparitzen die».
Gainera, Egiari Zor fundazioko kideek iragarri dute Larretxea Goñiren senitartekoak aztertzen ari direla auzitara jotzeko aukera. Oraindik ez dute erabaki hala egingo duten, eta, egitekotan, familiaren ekinbidea izango ote litzatekeen edo salaketa modu kolektiboan aurkeztuko lukeen Egiari Zor elkarteak.
Larretxea bahitzeko saialdiaren harira, Brouardek gogorarazi du Joxean Lasa eta Joxi Zabala bahitu eta bi egunera gertatu zela hura, eta, beraz, «torturaren apologiaren itzala» ere badagoela Barrionuevoren adierazpenetan: «Lasari eta Zabalari zer egin zieten jakinda, norbaitek ba al du dudarik Larretxeari gertatuko zitzaionaz bahiketa gauzatu izan balitz?», galdetu du.
Joan den asteartean, Memoriaren Egunaren harira antolatutako ekitaldi batean, Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkariak, Denis Itxasok, «GALen existentzia» gaitzetsi zuen. Egiari Zor elkarteko kideek nabarmendu dute Barrionuevoren elkarrizketak ekarritako zurrunbiloaren karietara «orain arte entzun gabeko zenbait adierazpen» izan direla, eta aintzat hartu dute «klase politiko eta instituzionalaren erreakzioa», nahiz eta beste batzuetan erreakzio horren «falta» nabaritu duten.
Baina biktimek beste zerbait nahi dute. Haien ustez, «gaitzespen generikoak» ez dira nahikoak: «Badirudi modu espontaneoan sortutako zerbait izan zela, edo lau zororen erabakia». Horregatik, «aurrerako urrats bat egitea» eta «erantzukizuna bere gain hartzea» galdegin diete gerra zikinaren erantzukizunaz «zipriztindurik» dauden alderdiei, baita «estatuko kriminalak zigorrik gabe uzteko estrategiari babes politiko eta mediatikoa eman eta isiltasun ituna sinatu zutenei» ere.
Haien iritziz, ardura horrek iraun egingo du «eragindako kaltearen aitorpen publikoa gauzatu, biktimak aintzat hartu eta argitu gabeko kasuak argitzeko dokumentazioa desklasifikatzeko prozesu bat irekitzen ez den bitartean».
Estatu indarkeria. Biktimak
Estatuari eskatu diote «erantzukizuna bere gain hartzeko»
Egiari Zor fundazioak «maila goreneko adierazpen bat» eskatu dio Espainiako Gobernuari, gerra zikinean izandako erantzukizunari buruz. «Ez dugu behar kondena generikorik»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu