Alfredo Perez Rubalcabaren heriotza

Estatuaren itzalpeko bermea

Iktus baten ondorioz hil da Alfredo Perez Rubalcaba, besteak beste Espainiako Barne ministro izandakoa. Euskal Herriko politikan garai erabakigarri askotan izan du eragina

EMILIO NARANJO / EFE.
Hodei Iruretagoiena
2019ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Alfredo Perez Rubalcabak (Kantabria, Espainia, 1951) kargu garrantzitsuak izan ditu Espainiako politikagintzan. Euskal Herrian ezagunak dira haren hainbat adierazpen, bereziki ezker abertzalearen eta gatazka konpontzeko prozesuen inguruan. Itzalpetik ere eragin handia izan du, ordea; garai erabakigarri askotan sumatzen dira haren itzala eta estrategia kalkulatzailea, betiere Espainiaren estatu interesak gordetzeko. Ospitaleratu eta berehala eman zioten babesa, besteak beste, Espainiako Errege Etxeak, Felipe Gonzalez eta Mariano Rajoy presidente ohiek eta Pedro Sanchezek. Atzo hil zen Rubalcaba, iktus batengatik, Madrilgo Puerta de Hierro ospitalean.

«Egiten duzun dena ikusten dut, eta esaten duzun dena entzuten dut», bota zion 2009ko irailean Carlos Floriano PPko diputatuari. Hiru urte zeramatzan Barne ministro karguan (2006-2011), Jose Luis Rodriguez Zapaterorekin. Hezkuntza eta Presidentetza ministro izan zen Felipe Gonzalezen garaian (1992-1996), gero politika «antiterroristako» PSOEren arduradun, eta Aznarren gobernuarekin ere (1996-2004) hark egiten zituen harremanak gaiaren inguruan. Euskal Herrian ere izango zituen begi eta belarri ugari. Iñaki Anasagastik kontatzen duenez, Rubalcabak berak esan izan du zergatik jarri zuten Barne ministro: «ETAri buruz nekienagatik».

Otsailekoak izango ditu euskal gatazkari buruzko azken adierazpen publikoak. Barne ministro zen garaian, PPk askotan egin zion kritika ETArekin negoziatzeagatik; Rubalcabak elkarrizketa haien «zilegitasuna» defendatu zuen, estratega onen estilora: azaldu zuen inoiz ez zuela konfiantza handiegirik izan prozesu horietan, eta beti defendatu zuela «su-etena haustera balihoa bezala» aritu behar zirela segurtasun indarrak. Funtsean, argudiatu zuen ETAren «babes sozial eta politiko zabala» txikitzea izan zela negoziazioen helburua.

«Bakea irabaztea»

Eta lortu zutela zioen. Hala adierazi zuen duela urtebete, ETAren desegitearen harira, Eldiario.es-en: «Amaiera posiblerik onena da: ETAk erabaki du bere porrota deklaratzea». Jendaurrean tinko agertu arren, mesfidantzatik ere bazuen, ordea; kalkulu politikoek eraginda, ziurrenera. 2011ko uztailerako ohartarazi zuen «terrorismoaren bukaerak nazionalismoaren berrosatzea eta independentismoaren berpiztea» ekar zezakeela. Eta urriaren 20ko iragarpenaren ondoren: «Gerra irabazten aritu ondoren, ezin dugu onartu bakea beraiek irabaz dezaten. Ezin diegu ametitu historia berridaztea; hor dago bataila».

Ezker abertzaleko kideek ere esan izan dutenez, prozesua kontrolatzea ez ezik haren ondoren etor zitekeen agertokia baldintzatzea ere bazen Rubalcabaren helburu nagusietako bat. 2006ko udazkeneko Loiolako elkarrizketetan, esaterako, Rodolfo Ares «egun santu guztian» gelatik kanpo telefonoz hizketan aritzen zen, Arnaldo Otegik kontatu zuenez (2016ko uztaila, BERRIA): «Rubalcabaren gizona zen, eta harekin hitz egiten zuen. Negoziaziorako baino gehiago, Jesus [Egiguren] kontrolatzeko zegoen Ares». Urtebetera, Pernando Barrenak: «Rubalcabak ez zuen nahi ezker abertzalea ziklo berrira berori baldintzatzeko moduan iristerik».

«Botoak edo bonbak»

2007ko udan, Barne ministroak mezu argia utzi zion ezker abertzaleari, nazioarteko eragileen bidez: berrehun lagun baino gehiago atxilotuko zituela 2008ko martxoko Espainiako bozen aurretik. Bete zuen hitza; atxilotu gehienak inkomunikatu zituzten, eta, urte erdi eskasean, ehun euskal preso gehiago zeuden kartzeletan.

Bide beretik jarraitu zuen. Publikoki, agerikoa zen estrategia: «Botoak edo bonbak». Esanguratsua izan zen 2009ko urriko Bateragune operazioa: ezker abertzalearen estrategia aldaketa ekarri zuen Argitzen txostena zabaldu eta ordu gutxira, atxilotu egin zituzten eztabaida sustatzen ari zirenak. «Zergatik egin zituen egun hartan atxiloketak eta ez lehenago?». Sortuko idazkari nagusi Arkaitz Rodriguezek egin zuen galdera, kartzelatik irten eta gutxira —Bateraguneko atxilotuetako bat izan zen—: «Saiatu, saiatu ziren. Estatuaren ahalegina ezker abertzalea apurtzea zen». Hilabete eskasera iritsi zen Segiren aurkako operazio handia ere.

«Botoak edo bonbak» zen estrategia, baina ETAk jardun armatuaren amaiera iragarri orduko moldatu zuen. «Bonbak kenduta, botoak kendu behar dizkiegu orain».

Garai hartako ehunka atxilotuetatik askok salatu zituzten torturak. Ezohikoa, ordea, Igor Porturena eta Mattin Sarasolarena izan zen: 2008ko urtarrilaren 6an atxilotu zituzten, Arrasaten (Gipuzkoa). Atzeman eta hamazazpi ordura eraman zuten ospitalera Portu, zauri larriekin eta tortura zantzu nabariekin. Rubalcabak une oro defendatu zuen Guardia Zibilaren bertsioa, eta agerraldi bat ere egin zuen, propio, esateko Portu eta Sarasola ihes egiten saiatu zirela atxiloketan, eta horrenak zirela zauriak.

Mediku txostenek eta bestelako datu batzuek, ordea, argitara atera zuten hainbestetan isilpean geratu ohi zena. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak lau guardia zibil zigortu zituen 2010eko abenduan, eta argi utzi zuen ezinezkoa zela Poliziaren (eta Rubalcabaren) bertsioa egia izatea. Urtebete baino lehen —ezohiko azkartasunez halako kasuetarako—, Espainiako Auzitegi Gorenak absolbitu egin zituen guardia zibilak.

Nafarroa, estatu auzia

Nafarroarekiko politikan ere estatuaren berme izan da Rubalcaba. 2015eko aldaketaren aurretik, PSNk izan zuen aukera UPN gobernutik kentzeko. 2007ko abuztukoa ezaguna da. NaBai eta IUrekin koalizio gobernua egitekotan zen PSN, baina PSOEk eragotzi zuen azken unean, Rubalcaba tartean zela. Ez zen hura izan aldi bakarra. 2014an, Yolanda Barcinaren gobernua larri zegoen CAN auziagatik, eta PSNk zentsura mozioa aurkezteko asmoa ere agertu zuen. Roberto Jimenez zen idazkari nagusia, eta kargua uztean argi esan zuen: «Saiatu nintzen gobernu aldaketarekin, eta ez zidaten utzi, batez ere Alfredo Perez Rubalcabak eta Elena Valencianok».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.