EH Bilduren Mahai Politikoak zortzi puntuko adierazpen politiko bat plazaratu du asteroko bileraren ostean, Igor Gonzalez Sola euskal presoaren heriotzaren harira, «egoeraren larritasuna» aintzat hartuta. Agirian, EH Bilduk ohartarazi du Espainiako Estatuaren indarkeria «sobran» dagoela, eta «traba» dela «bizikidetza eraikitzeko».
Agirian, «espetxe politika kriminal horri eusten diotenak, justifikatzen eta babesten dutenak» egin dituzte Gonzalez Solaren eta 2011tik hil diren beste bost euskal presoen heriotzen erantzule. «Horren inguruan batzuek duten isiltasuna oso adierazgarria da giza eskubideen aldeko diskurtsoan duten zintzotasunari buruz», esan dute Arnaldo Otegik eta Mertxe Aizpuruak. Gogorarazi dute Gonzalez Sola gaixo zegoela, eta zigorraren hiru laurdenak beteak zituela; nabarmendu dute gutxienez 2017tik aske beharko zukeela, eta kartzelan zegoela.
EH Bilduk azaldu du «ohituta» daudela «ETA erakundearen indarkeriari buruzko jarreraren inguruan etengabe seinalatuak izatera», baina ETA erakunde desegina dela, armak erabiltzeari aspaldian uko egin ziona. «Noiz hitz egin ahal izango dugu iraganean [Espainiako] Estatuak gure Euskal Herri zaharrean erabilitako indarkeriaz? Noiz egingo dio uko estatuak 78ko eredu konstituzional zaharkitu eta ustela indarkeriaren eta hertsapenaren bidez inposatzeari?», galdetu dute.
EH Bilduren aburuz, Espainiako Estatuaren indarkeria «sobran» dago, eta «traba» egiten du «bizikidetza eraikitzeko». «Euskal Herrian elkarbizitza eraikitzeak euskal preso, deportatu eta errefuxiatu politiko guztiak Euskal Herrira bizirik itzultzea ere eskatzen du», erantsi dute, eta iragarri dute hainbat ekinbide aurkeztuko dituztela erakunde guztietan, udaletatik hasi eta Europako Parlamenturaino; Espainiako Senatuan galdera egingo diote gaur Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari horren inguruan.
Europan ere galdera
EH Bilduko europarlamentari Pernando Barrenak jada galdera bat igorri dio Europako Batzordeari auziaren inguruan. Idazkian, Barrenak batzordeari galdetu dio pentsatzen ote duen «buruko gaixotasunak dituzten presoak kartzelan atxiki» eta baldintzapeko askatasuna ukatzen dien espetxe politika «konponbidearen norabidean» dagoela.
Halaber, Barrenak Europako Batzordeari galdetu dio zer-nolako neurriak hartuko dituen Europako Parlamentuaren erabakiak estatuei betearazteko. Barrenaren ustez, Gonzalez Solarekin gertatutakoak urratu egiten du Europako Parlamentuak 2017ko urriaren 5ean erabakitakoa, bereziki kalteberak diren presoei eman beharreko tratuaren inguruko ebazpena.
Mobilizazioak igandean
Joan den igandean mobilizazioak egin zituzten Igor Gonzalez Solaren heriotza salatzeko. Manifestazio nagusiak Bilbon eta Baionan egin zituzten. Bizkaiko hiriburukoa Sarek antolatu zuen, eta Baionakoa, berriz, Bakegileek deitua izan zen.
Baionan, 300 lagun elkartu ziren Espainiako Kontsuletxearen aurrean, eta manifestazioa egin zuten Merkatu plazaraino. Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria eta Baionako auzapeza elkarretaratzean izan zen, eta Alain Iriart Hiriburuko auzapeza ere bai. Bakegileek iragarri dute irailaren 19an berriro ere mobilizazioei ekingo dietela euskal presoen eskubideen alde, eta hainbat ekitaldi egingo dituztela egun osoan.
Bilbon, berriz, Plaza Eliptikotik abiatu zen manifestazioa, hiru zutabetan eta segurtasun tarteari eutsiz, eta Plaza Barrian amaitu zen. Bukaera ekitaldian, «urruntze politika amaitzeko, larri gaixo dauden presoak askatzeko eta euskal presoei graduen progresioa ahalbidetzeko» eskatu zuten Sareko ordezkariek.
Eusko Jaurlaritzak eskatu du Gonzalez Solaren heriotza «berme guztiekin» iker dezatela, eta espetxe politika egokitzeko beharra nabarmendu du, «gaurko gizartearen izaera» aintzat hartuta.
Estatuaren indarkeria «traba» da, EH Bilduren iritziz
Alderdi batzuek Gonzalez Sola presoaren heriotzaz izandako «isiltasuna» salatu dute. Gaia instituzio guztietara eraman asmo dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu