«Estatuaren estoldak» ikertzeko batzorde bat eskatu dute Kongresuan

EH Bilduk, UPk, ERCk, Juntsek, PDeCATek eta CUPek, Compromisek eta BNGk eskatu dute. EAJk eta Mas Paisek, ordea, ez dute babestu

Mertxe Aizpurua, Felix Bolaños ministroaren hitzaldian. MARISCAL / EFE.
Javi West Larrañaga.
2022ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
«Estatuaren estolden» funtzionamendua ikusteko ikerketa batzorde bat galdegin zuten atzo EH Bilduk, Unidas Podemosek, ERCk, Juntsek, PDeCATek, CUPek, Compromisek eta BNGk, Espainiako Kongresuan. Batzorde horrek hainbat kontu ikertzea nahi dute: Jose Manuel Villarejo Espainiako Poliziako komisario ohiaren operazioak eta espioitzarako Pegasus programaren erabilera, besteak beste.

Batzordearen helburua izango da «estoldak» aztertzea, alegia «estatuaren estamentu ofizialen eta egitura mediatiko, enpresarial eta parapolizial baten arteko lotura» zein den ikustea. Izan ere, uste dute «estatu erakundeen baliabide eta arma bereiziak interes orokorrekoak ez diren interes faltsuen zerbitzura ipini direla, ustez, diru bereiziekin».

Apirilaren amaieran eskatu zuten lehenengo aldiz alderdi horiek Pegasus sistemaren auziari buruzko ikerketa batzorde bat, kasuak eztanda egin zuenean, baina Kongresuko Bozeramaileen Batzarrak bertan behera utzi zuen, PSOE, PP eta Vox-en ezetzagatik. Batzorde haren aldeko eskaera sinatu zuten EAJk eta Mas Paisek sasoi hartan, baina ez dute oraingoa babestu. Lehenago ere ikertu izan dituzte «estatuaren estoldak» Espainian. 2017an, Mariano Rajoy presidentearen legegintzaldian, hain justu, polizia indarren goi karguei buruzko batzorde bat eratu zuten, eta oraingo legegintzaldian Kitchen operazioa deituari buruzkoa.

EAJren arabera, Espainiako Gobernuak Pegasusi buruz egiten dituen hurrengo pausoak «erabakigarriak» izango dira inbestidurako bazkideen konfiantza berreskuratzeko. Aitor Esteban Kongresuko bozeramaileak kasua «argitu» dadila eskatu zuen atzo ETBn, eta «gutxienez», dokumentuak desklasifikatzeko. Diputatuak adierazi zuen «gakoa» Kataluniako alderdiak izango direla, batez ere ERC, eta «ikusi beharko dela» Gobernuaren mugimenduek alderdi horren nahiak asetzen dituen.

Azaldu zuenez, kasuak ez ditu jeltzaleak harritu: «Bizitza osoan espiatu dute, eta jarraituko dute. Kontrolak hobetzen saiatu behar da». Gainera, esan zuen CNIko Paz Estebanen kargu uztea «etxea teilatutik hastea» modukoa dela, eta oraindik gardentasuna behar dela; ikertu behar da norenak diren ardurak eta ondoren hasi behar da kargugabetzeekin. «Ez dugu nahi hau ke laino bat bihurtzea». Estebanek esan zuenez, Espainiako Gobernuak «kontua atzean uztea» nahi du, «denbora aurrera joan ahala baretzeko». Horrez gain, salatu zuen astero blokeatzen ari direla EAJk aurkeztutako Lege Ofizialen Legearen aldaketa. Kataluniako Parlamentuak, bestalde, Defentsa ministro Margarita Robles ministroa kargugabetzeko eskatu du, espioitza kasuen harira.

Momentu «erabakigarria»

Inbestidurako bazkideen aliantzaren tentsioa Segurtasun Nazionalaren Legearen erreforman ere nabaritu da. Atzo goizean aurkeztu zuen gobernuak Gorteetan, eta ERCk eta Juntsek osoko zuzenketak aurkeztu zituzten. Presidentetza ministro Bolañosek adierazi zuen 2015eko legearen aldaketa «puntual» bat zela, eta estatuari krisi sasoietan baliabide estrategiko egokiak ematea dela helburua. Baina ERCk eta Juntsek gobernuari aurpegiratu zioten ekinbideak autonomia erkidegoen eskumenak urratzen dituela, eta horregatik egin zizkioten osoko zuzenketak. «Ezkutuko 155 bat da, eskumenak musu truk kentzeko», salatu zuen ERCko Montserrat Bassak. CUPek, EAJk eta EH Bilduk ere kritikatu zuten, «zentralizatzailea» izateagatik.

PPk salbatu zuen gobernua, zuzenketen aurka bozkatu baitzuen. Cuca Gamarra bozeramailearen berbetan, Pegasusen inguruko berrien harira, «inoiz baino beharrezkoagoa da segurtasun nazionala». Antzera mintzatu zen Robles ministroa, eta CNIko zuzendaritza aldatu arren, «jarraitutasuna» aldarrikatu zuen, erakundearen zuzendari berriaren kargu hartze ekitaldian. «Jarraitutasun hutsa da, ez da ezer aldatuko, baina asko aldatuko da», adierazi zuen. Gainera, gehitu zuen «era sofistikatu batean, hackeoen bidez Espainia erasotzen dutenek» CNI, inteligentzia militarra eta justizia aurrez aurre izango dituztela.

Fernando Grande-Marlaska Barne ministroaren arabera, «mesfidantza» sor dezake gobernuko kideen sakelakoak nork zelatatu dituen espekulatzen ibiltzeak. Pedro Sanchez eta Margarita Roblesen telefonoak espiatu zituzten Pegasusekin, eta oraintsu jakin da Marlaskarenean ere sartu zirela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.