Espainiako Kongresuko Batzorde Konstituzionalak Segurtasun Nazionalerako Legea onartu du, PPren, PSOEren eta UPDren botoekin. «Espainiaren eta bere printzipio eta balore konstituzionalen defentsa bermatzea» du helburu, legeak dioenez. Krisi eta salbuespen egoeren aurrean Espainiako Gobernuari baliabide publiko eta pribatuak erabiltzeko aukera emango dio. Gobernuak polizia lokal eta autonomikoak kontrolatu ahalko ditu «segurtasun nazionalaren intereserako». Legea orain Senatura eramango dute, han azter dezaten.
Rafael Hernando PPko idazkari parlamentarioak «lasai» egoteko esan die hiritarrei, «legearen gainetik salto egin nahi dutenek talka» egingo baitute. Beatriz Rodriguez Salmones PPko diputatuak legea defendatu du, «estatuek krisi eta arrisku egoerak zaindu behar dituztelako».PSOEk «beharrezkoa» dela argudiatu du, estatuen lehen lana «segurtasuna bermatzea» baita.
Aldiz, Kataluniako prozesu independentista gelditzea xede duela adierazi dute ERCk eta Amaiurrek. Joan Tarda ERCko diputatuak esan duenez, legeak estatuak duen «legegintzako aparatua indartu» egingo du, Katalunian ireki den prozesu demokratikoa «bertan behera» uzteko asmoz. «Makineria errepresiboa» martxan jartzea leporatu dio Tardak gobernuari.
Rafa Larreina Amaiurreko diputatuak azaldu du legeak oso izaera «zaharra» duela: «XIX. mendekoa da». Gaineratu du estatuaren segurtasuna «ustelkerian» dagoela, eta ez dela inoiz «demokrazian» egongo.
EAJk eta CIUk argitu dute boterea zentralizatzeko legea dela. Emilio Olabarria diputatu jeltzaleak esan du «ezbaian» jarriko duela «dagoeneko nahiko higatua» dagoen autonomia estatua. CIUk adierazi du Segurtasun Nazionalerako Legea autonomia erkidegoei eskumenak kentzeko «beste aitzakia bat» dela.
IU ere legearen aurka azaldu da. Segurtasun kontzeptua «beldurraren diskurtsoarekin» nahastea txarretsi du.
Estatuaren «defentsa» bermatzeko legea
Segurtasun Nazionalerako Legea onartu dute PPk, PSOEk eta UPDk Espainiako Kongresuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu