Estatuaren biktimez beste lan bat egiteko eskatu dute

Lau Haizetara Gogoan elkarteak salatu du legebiltzarreko lan taldeak hainbat biktima baztertzen dituela

Lau Haizetara Gogoan elkarteak atzo Gasteizen eginiko prentsaurrekoa. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
Gasteiz
2011ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Motibazio politikoak eragindako biktimen egoera aztertzeko Eusko Legebiltzarrean eratu den lantaldearekin zeharo kritiko agertu da Lau Haizetara Gogoan elkartea. Salatu du ponentziak oinarrian hartu duen txostenean biktimak ez dituztela «Estatuaren terrorismoaren» biktimatzat hartzen, eta, horregatik, beste txosten bat egiteko eskatu du. Elkartearen ustez, txostenaren egileak —Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendaritzak—ez dauka behar lukeen «kualifikazio, ibilbide eta erreferentzialtasunik», eta, lana egiteko garaian, ez dira aintzat hartu ez estatuaren biktimak, ez alor horretan lan egiten duten elkarteak, ezta «pertsona kualifikatuak» ere. Hala, Lau Haizetara Gogoan taldeak uste du «diziplina anitzekoa» eta «independentea» izango den talde batek landu beharko lukeela txosten hori.

Euskal Herriko elkarte memorialistak etafrankismoaren eta estatu indarkeriaren biktimak biltzen ditu Lau Haizetara Gogoanplataformak. Atzo, Gasteizen egindako prentsaurrekoan, elkarteko hainbat kidek parte hartu zuten; tartean ziren Gotzon Garmendia elkartekoeleduna, Andoni Txasko Martxoaren 3ko biktimen elkarteko kidea eta hainbat errepresaliatu. Elkarteko kideek «ausardia» eskatu diete Poliziaren biktimen lantaldean ari diren taldeei, estatuaren biktimen eskaerak «behingoz» aintzat har ditzaten. Hala, bilera egitea proposatu diete legebiltzar taldeei, eta haiekin biltzeko asmoa dute lantaldearen egutegia zehaztu aurretik, hau da, hilaren 26a baino lehen. Besteak beste, ponentzian agerraldia egin nahi dute elkartekoek, eta hori eskatuko diete taldeei.

Lau Haizetara Gogoan elkarteko bozeramailearen ustez, legebiltzarreko lantaldeak ez du modu egokian jorratuko biktimen auzia, eta, beraz, ez du bat egingo nazioarteko legediak dioenarekin. Besteak beste, bertan jorratu nahi diren eskubideen urraketak «irizpide baztertzaileekin» sailkatu direla salatu du Garmendiak. Gogorarazi duenez, epe kronologiko jakin batera mugatuta daude txosten horretan jasota dauden eskubideen urraketak—1968tik gaur arte—, eta, gainera, epeak modu «arbitrarioan» zehaztuta daude. Hori horrela, ehunka pertsonaren oinarrizko eskubideen urraketa ezkutatu du lantaldeak, Garmendiaren ustez. «Lantalde honek aztertzen dituen herritarrek biolentzia jasan dute, eta biolentzia hori estatu aparatuek egin dute; beraz, estatu terrorismoaren kontzeptua aplikatu behar zaie», azpimarratu du.

Estatuaren ardura

Txaskok nabarmendu du biktima guztiek tratamendu bera merezi dutela: «Biktimak ezin baitira banandu biolentzia eragiten duenaren arabera».Biktima orok «tratamendu, aitortza eta ordain bera» jaso behar du, Txaskoren arabera. Estatuaren biktimen kasuan, Espainiako Estatuak berak bere gain hartu beharko luke giza eskubideen urraketen erantzukizuna, eta auzitara eraman beharko lituzke egileak. Azken finean, nazioartean giza eskubideen alorrean indarrean dagoen legedia gauzatu eta 1977ko Amnistiaren Legea bertan behera utzi beharko luke Estatuak, Martxoaren 3ko biktimen elkarteko kidearen irudiko.

Hori gertatzen den bitartean, baina, Egiaren Batzordea eratu beharko litzateke Euskal Herrian, Txaskok azaldu duenez. Batzorde horretan, 1936tik gaur arte izan diren giza eskubide guztien urraketak aintzat hartu beharko lirateke.

Azaldu duenez, elkarbizitza eta normalizazio politikoa lortzeko bidean urrats garrantzitsua izango litzateke biktima guztien errekonozimendua lortzea. Ipar Irlandako Derryko sarraskiarekin gertatutakoa horren adibide da, Txaskoren irudiko. Han, 1972ko Bloody Sundayko biktimei barkamena eskatudie David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak, gertaerei buruzko txostena aurkeztu eta gero. Halako jarrerek estatuaren «izaera demokratikoa» indartzen dutela uste du Txaskok, eta ezinbestekotzat jo du Espainiako gobernuak ere gauza bera egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.