«Beren kabuz hitz egiten» duten 66 biktimaren testigantzak jaso ditu motibazio politikoko giza eskubideen urraketak jasandako biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko batzordeak hirugarren txostenean, 131 espediente aztertu ostean. Horien artean zazpi hilketa —tartean, Joxi Zabalarena eta Josu Mujikarena— eta 49 tortura kasu daude, besteak beste. Batzordeko presidente Juana Balmasedak talde politikoei eskatu die aurrerantzean ere «babestu» dezatela biktima horiei egia eta erreparazioa emateko egiten duten lana. Eta, horretarako, bitarteko gehiago eskatzeaz gain, galdegin die erreformatzeko batzordea sostengatzen duen legea. Batzordeko kide Jon Mirena Landak, berriz, azaldu du atal judizialean justizia egin ahal izateko, aurrena gainditu egin behar dela «gizartean dagoen anestesia orokorra».
Batzordeak txostenean azaldu duenez, egun dituzten baliabideekin ezin dituzte bideratu iristen zaizkien eskaera guztiak, eta horrek atzerapenak eta, ondorioz, «frustrazioa, inpotentzia eta sufrimendu erantsia» eragiten ditu. Hala, errefortzuak eskatu dituzte, auzitegi perituen taldea laguntzeko, auzitegietara iritsitako kasuak aztertzeko eta Justizia Administrazioaren eta batzordearen arteko lana errazteko.
Horrekin batera, epeak malgutzeko beharra azpimarratu du Balmasedak, «disfuntziorik» gerta ez dadin. Zergatik den beharrezkoa? Balmasedak Lasa eta Zabalaren auziari erreparatu dio aldaketaren beharra azaltzeko. Joxi Zabala biktima gisa aitortu du plazaratu berri den txostenak, baina Joxean Lasa ez, azken horren familiaren eskaera ez delako sartu «epe zorrotzen barruan».
Baina badaude beste aldagai batzuk legea erreformatzeko eskaeraren atzean. Landak garbi esan du «terrorismoaren biktimen aldean bazterturik» sentitzen direla motibazio politikoko giza eskubideen urraketak jasandakoak; esaterako, kalte ordainetan. Hala jaso dute Eusko Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrari helarazitako gomendioetan ere, batzordearen arabera egungo legeak ez baitu bat egiten «biktimen errealitatearekin, ezta nozitu zituzten urraketen etiologiarekin ere». Izan ere, txostenaren arabera, egungo sistemarekin, ondorio larri eta iraunkorrak ez dituztenek ez dute kalte ordainik jasotzen, edo «ordain benetan barregarriak» jasotzen dituzte.
Eman beharreko pausoak esplikatu ditu Landak: «Lehen urrats gisa, egia jakin eta azaleratu egin behar da, gero justizia irits dadin». Eta horretarako, batzordeak egin dituen «txostenak hedatzeko» eskatu diote Eusko Legebiltzarrari, «baita Espainian ere», ikusten baitute biktima horien txostenak ez direla iristen: «Ez dira mugitzen ari».
Balorazio batzordeak ekitaldi instituzionalak egitera ere deitu du, biktimei aitortza egiteko. Eta bide horretan, Eusko Jaurlaritzak ekitaldi bat egingo du gaur, Donostiako Kursaalean.
BIKTIMAK ETA BIKTIMARIOA
2022ko uztailetik 2023ko ekainera bitarte, batzordeak 131 espedienteren inguruan ebatzi du, eta horietatik 66ri eman diete aitortza —denera, 147 aitortu dituzteorain arte—. Urraketa gehienakGipuzkoan gertatu ziren (48), eta hamar Euskal Herritik kanpo. Era berean, kasu gehienak 1970eko hamarkadakoak dira. Biktimei dagokienez, 66tik 11 emakumeak dira, eta bi herenek 24 urte edo gutxiago zituzten urraketak pairatu zituztenean —bost lagun 16 urtetik beherakoak ziren—.
Biktimarioei dagokienez, berriz, Guardia Zibila eta Espainiako Polizia nabarmentzen dira: hamazazpi kasutan, lehena da urraketen egilea; 32 kasutan, bigarrena; eta 11 kasutan, biak —Ertzaintzarekin lotutako kasurik ez dago—. Talde parapolizialei dagokienez, BVE, Triple A, ANE, GAL eta Guerrilleros de Cristo Rey ageri dira txostenean.
HILKETAK
Txostenean bederatzi hilketa ageri dira: zazpi poliziek edo eskuin muturreko taldeek tiroz hil zituzten; bat eskuin muturreko talde batek «kolpeka, bortxatu ondoren»; eta azkena, Joxi Zabala, «bahitu, bortxaz desagerrarazi eta torturatu ondoren hil zuten».
Izatez, Joxi Zabalarena da txostenean osorik ageri den izen bakarra, kasua zein ezaguna den kontuan hartuta hura plazaratzea ebatzi baitute. Gorpuak Tolosan (Gipuzkoa) ehorzteko prozesuak senideei eragindako «mina» ere jasotzen da testuan.
Poliziak hildako biktimen artean dago Josu Mujika ere. Haren senideek ostiralean eman zuten horren berri, Legazpin (Gipuzkoa) egindako agerraldi batean. 1975eko uztailaren 30ean hil zuen Poliziak, tiroz, Madrilen, ETApm-ren aurkako operazio batean. Haren kasuaren berri ematean, batzordeak azaldu du ezin izan duela zehatz-mehatz ebatzi zer gertatu zen, eta salatu du kasu haren ikerketa ez zela independentea izan: «Desagertu egin ziren funtsezko elementuak; hala nola autopsia, gorpua altxatzeko ekintzaren txostena, balistikako txostena eta gorpua altxatu zuteneko argazkiak».
Balorazio batzordearen lanetako bat izan da biktima horien senideak entzutea ere. Horien artean, «diskriminazio» eta «erabateko ahanztura» sentimenduak nabarmentzen direla jaso du txostenak, eta gehitu «erantzukizun politikoa aitortzeko» eta kasuak argitzeko eskatzen dutela, aitortza zabalago batekin batera.
ZAURITUAK
Poliziek eragindako zauriengatik sei lagun aitortu dituzte biktimatzat. Biri poliziek egin zieten tiro, eta beste bati Guerrilleros de Cristo Rey eskuin muturreko taldeko kide batek. Beste batek ikusmena galdu zuen 13 urte zituela, Espainiako Poliziak jaurtitako gomazko pilota baten ondorioz. Beste biak poliziek egindako «eraso larriengatik zauritutakoak» dira, Lemoizko zentralaren aurkako eta Gladys del Estalen hilketa salatzeko protestetan.
TORTURAK
Balorazio batzordeak torturak eta tratu txarrak jasandako 49 lagun aitortu ditu biktima gisa. Gehien aipatzen diren tortura lekuak Gipuzkoako Gobernu Zibila eta Guardia Zibilaren Antiguako komandantzia dira. Batzuek behin baino gehiagotan jasan zituzten: esaterako, biktimetako bat bederatzi aldiz egon zen atxilotuta.
Dokumentuan, biktimek jasandako erasoen berri ematen da, eta torturek izandako bilakaera ere jasotzen da: «Diktaduran, askotariko ekitaldietan edo gertaeretan sarekada masiboak egiten zirenean, baita salbuespen egoeretan ere, aztarnak uzteak ez zuen axola, eta, funtsean, atxilotua fisikoki nekatzea izaten zen helburua. Gero, modus operandi hori utzi gabe, tortura psikologikoa eta metodo sofistikatuagoak gailendu ziren, atxilotuak hausteko». Horiek hala, biktimek askotariko torturen berri eman diete batzordeko kideei: hamar eguneko inkomunikazio aldiak, eskuburdinetatik zintzilik orduak igarotzea, asfixia teknikak—poltsa eta bainuontzia—, elektrodoen erabilera, exekuzio simulazioak, jipoiak, mehatxuak... Horiei gehitu behar zaizkie atxiloketa arbitrarioak, birbiktimizazio jarrerak eta familiari eragindako sufrimenduak.
Hala, txostenak azaltzen du torturatuen artean «hil nahi izateko» sentimendua sarri agertu ohi dela. «Hain zen egoera latza, ezen leihotik salto egitea pentsatu bainuen, galdeketen gelako leihotik lorategietara, baina itxita egoten zen beti», dio txostenean jasotako testigantzetako batek. Era berean, torturen ukazioak eragindako «frustrazioa» ere salatu dute.
Genero ikuspegiari erreparatuz, berriz, testuak azaltzen du tortura kasuetan emakumeek «sexu indarkeria pairatzeko arrisku espezifiko eta erantsia» daukatela, eta euskal gatazkaren testuingurua ez da salbuespena. Hala, txostenean azaltzen da, besteak beste antzu uzteko mehatxuak; irain sexualak; «ukitu, begirada eta komentario lizunak»; eta «feminitateari eta janzkerari buruzko irainak» jasan behar izan zituztela torturatutako emakumeek. Gizonek, berriz, barrabiletan emandako kolpeak, «gizontasunari buruzko laidoak eta antzu uzteko mehatxuak», arreba edo bikotekidea atxilotzeko eta bortxatzeko mehatxuak...
ZAILTASUNAK
Txostenaren arabera, batzordeak harremanak izan ditu zenbait erakunderekin instrukzio lanak egitean, eta, gehienetan «elkarlanerako» jarrera izan duten arren, arazoak ere izan dituzte: «Egiaztatu dugunez, jarrera bereziki oztopatzailea izan dute artxibategi militarrek, orain artean egindako eskaeren artean batean bakarrik eskuratu ahal izan baitugu dokumentazioa». Era berean, salatu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako auzitegietako espedienteetako informazioa eskuratzeko «zailtasun handiak» izan dituztela, eta erakundeei eskatu diete lan hori errazteko. «Dokumentazio jakin bat lortzeko orduan azkarrago eta arreta handiagoz jokatzen ez bada kalte handia eragin dakiokeelako batzorde honen lanari», zehazten da testuan.
Era berean, baina, Kriminologiaren Euskal Institutuarekin duten lankidetza nabarmendu dute, eta hark torturaren eta tratu txarren inguruan osatutako txostenen garrantzia azpimarratu. Azaldu dutenez, hainbat kasutan baliagarriak izan dira horiek batzordearen lanerako: «Batzuetan, modua izan da biktimak gertatutakoa berriro kontatu behar ez izateko, horrek eragiten dion estutasuna dela eta».
BIKTIMEN ESKEA
Biktimek zenbait eskaera egin dituzte balorazio batzordearekin izandako bilkuretan, eta txostenean jaso dituzte. Horien artean nabarmendu dira gertatutakoaren inguruko egia «ofizialki aitortzea» eta kalte ordainak ematea. Era berean, baina, biktimen arteko «bidegabekeria konparatiboak» amaitzeko eta justizia errestauratiboa «norabide jakin batean» bakarrik ez aplikatzea galdegin dute, birbiktimizaziorik egon ez dadin.
Tortura kasuetan, haren erabilera aitortzea exijitu dute, torturaren ukazioa amaitzeko. Era berean, neurriak eskatu dituzte halako praktikak «zigorrik gabe» ez uzteko, eta biktimei erreparazioa emateko.
Estatuaren biktimen inguruan dagoen «anestesia orokorra» gainditzera deitu dute
Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak 66 biktima aitortu ditu bere hirugarren txostenean. Legea erreformatzeko eskea helarazi die alderdiei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu