«Beren kabuz hitz egiten» duten 66 biktimaren testigantzak jaso ditu 1978-1999 bitartean motibazio politikoko giza eskubideen urraketak jasandako biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko batzordeak hirugarren txostenean, baina 131 espediente aztertu ditu azken urtean. 66 horietatik zazpi heriotza daude, betiere estatuaren polizia indarrek edota motibazio politikoak eraginda. Batzordeko presidente Juana Balmasedak talde politikoei eskatu die «babesten jarraitzeko» biktima horiei egia eta erreparazioa emateko egiten duten lana. Eta, horretarako, bitarteko gehiago eskatzeaz gain, eskatu die erreformatzeko batzordea sostengatzen duen legea. «Badakigu hauteskunde garaian gaudela, baina urgentziazkoa da», esan die.
Zergatik den beharrezkoa? Balmasedak Lasa eta Zabalaren auziari erreparatu dio aldaketaren beharra azaltzeko. Joxi Zabala biktima gisa aitortu du plazaratu berri den txostenak, baina Joxean Lasa ez, azken horren familiaren eskaera ez delako sartu eskaeren «epe zorrotzen barruan». Hala, Balmasedak epeen zurruntasuna aldatzeko beharra azpimarratu du, horrelako «disfuntzioak» gerta ez daitezen.
Ikusi gehiago: Balorazio batzordeak 66 biktimari eman die aitortza, torturetan eta haren eraginetan indar eginda
Baina badaude beste aldagai batzuk legea erreformatzeko eskaeraren atzean. Batzordeko kide Jon Mirena Landak garbi esan du «terrorismoko biktimen aldean bazterturik» sentitzen direla motibazio politikoko giza eskubideen urraketak jasandakoak, esaterako, kalte ordainetan. Eta kalte ordainei begira ere erreforma bat behar dela azaldu du.
Landak esplikatu duenez, atal judizialean justizia egin ahal izateko, aurrena apurtu egin behar da «gizartean dagoen anestesia orokorra». «Lehen urrats gisa, egia ezagutu eta azaleratu egin behar da, gero justizia irits dadin». Eta horretarako, batzordeak egin dituen «txostenak hedatzeko» eskatu diote Eusko Legebiltzarrari, «baita Espainian ere», ikusten baitute biktima horien txostenak ez direla iristen ari, «ez direla mugitzen ari».
Alderdien txaloak eta babesa
Giza Eskubideetako, Berdintasuneko eta Justiziako Batzordean parte hartu duten alderdien ordezkari guztiek txalotu egin dute batzordearen lana eta eskertu ere bai, PPko ordezkari Carmelo Barriok salbu. Hark agindu du bere alderdiak txostena «zorroztasunarekin» aztertuko duela, Balmasedak txostenetik irakurritako zenbait tortura pasarte gogorren inguruko beste baloraziorik egin gabe. EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUko ordezkariek, berriz, agindu dute aintzat hartuko dituztela batzordearen eskaerak, «nahiz eta legealdi honetan legea aldatzea ezinezkoa izango den», ordezkari gehienek onartu dutenez.
EH Bilduko legebiltzarkide Julen Arzuagak esan du apaldu egin dela biktima batzuek batzordearen inguruan zuten mesfidantza, «taldearen lan onaren aurrean». Gaineratu du txostenean «biktimekiko gertutasuna» islatzen dela , eta horietako batzuei «ahotsa» jarri dietela. Galdetu du, bestalde, Espainian biktimen inguruko lege berri bat onartu denez, ez ote den hurrengo urratsa egin behar, «biktimak aitortu eta gero, biktimarioak aurkitzeko».
Hain zuzen, Lasa-Zabalaren auziaren barruan, Tolosako hilerrian Ertzaintzak izandako oldarraldiaz galdetu du. Txostenean, familiek jasandako «birbiktimizazioari» erreparatzen zaio, Ertzaintza aipatuz, «baina zenbaki zehatzak aipatu gabe». Landak erantzun du ez badira azaltzen, hain zuzen, informazio hori ez dagoelako dela.
EAJko legebiltzarkide Iñigo Iturratek, berriz, batzordeko ordezkariei esan die «ez egiteko zalantzarik» Eusko Jaurlaritzaren eta EAJren babesaren inguruan. Bihar, Kursaalean egingo den aitortza eta erreparazio ekitaldia gogoratu du, eta beste ekinbide batzuk ekarri ditu hizpidera, esaterako, Gogora Institutuaren Begiradak proiektua. Aurreratu du EAJk ez duela baztertzen legea aldatzea, datorren legealdian; aztertuko dela.
PSE-EEko Miren Gallastegik, berriz, azken txostenaren «garrantzia» azpimarratu du, eta onartu du «aztertu» egin behar dela kalte ordainen eta beste atal batzuen aldaketa. Dagokionean, bere taldeak aldaketa horien guztien «balorazioa» egingo duela erantsi du.
Elkarrekin Podemos-IUko ordezkari Iñigo Martinezek legearen epeak aldatzeko beharrari erreparatu dio, batzordeko kideen antzera, eta azaleratu du Lasa-Zabala auziaren biktimetako bat jaso duela azken txostenak, eta bestea ez. Indarkeriaren beste biktima batzuen aitortzarekiko «aldea» dagoela ere aipatu du txostenean jasotakoei buruz aritzean. Edonola ere, batzordearen lana eskertu, babestu eta txalotu du, eta legearen erreformari ekiteko «prest» azaldu da.