Estatuaren biktimek aitortza eskatuko dute, Nafarroako legean jasotako bidea erabilita

Egiari Zor fundazioak eta Torturatuen Sareak «baliagarritzat» jo dute biktimak aitortzeko banakako prozesua, 16/2019 Legeak «mugak» dituela onartuta ere

Egiari Zor fundazioak eta Nafarroako Torturatuen Sareak atzo Iruñean eginiko agerraldia. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2023ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Tantaka, egia osoa azaleratu arte. Egiari Zor fundazioak eta Nafarroako Torturatuen Sareak iragarri dute bat eginen dutela 16/2019 Foru Legean jasotako prozedurarekin, eta estatuaren biktimak ofizialki aitortuak izateko eskaerak bideratuko dituztela. Indarkeria polizialaren, torturaren eta eskuin muturreko taldeen biktimek eta senideek egin dute aitortza eskatzeko urratsa.

«Ezin dugu aukera hau pasatzen utzi, giza eskubideen urraketak ofizialki aitortuak izan daitezen», esan zuen atzo Eneko Etxeberriak, Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren anai eta Egiari Zor fundazioko kideak, Iruñean eginiko agerraldian. Harekin batera, bi elkarteek adostutako manifestua irakurri zuen Espainiako Poliziak 1983an torturatutako Mertxe Gonzalezek ere, Nafarroako Torturatuen Sarearen izenean. Horiez gainera, Poliziaren biktima izandako beste askok ere sinatu dute agiria.

«Nafarroako historia hurbileko zenbait unetan, Espainiako Estatuko segurtasun indarren edota talde parapolizialen indarkeria geure azalean bizi izan dugunon testigantza bizia gara», adierazi dute Egiari Zor fundazioak eta Nafarroako Torturatuen Sareak, manifestuan. Datuak ere eman dituzte, indarkeria horrek izan duen eraginaz jabetzeko: «50 hildako baino gehiago, bortxazko desagertuak barne; 1.068 tortura kasu; 240 bat zauritu; eta eraso eginiko 174 ondasun daude Nafarroa Garaian».

Hori guztia «ezkutatu nahi izan den errealitate baten parte» dela adierazi dute elkarteek; hori dela eta, uste dute Nafarroako 16/2019 Foru Legeak aukera eman dezakeela «sufrikarioaren argazkia» azaleratzen hasi eta «itzaletik argira ateratzeko».

Izan ere, lege horrek xedetzat dauka «eskuin muturrak edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko indarkeriaren biktimak aitortzea eta erreparazioa eskaintzea». Horretarako, batzorde bat eratu du Nafarroako Gobernuak, eta horrek erabaki behar du eskaera aurkezten dutenei biktima izaera aitortu ala ez.

Egiari Zor fundazioarentzat eta Nafarroako Torturatuen Sarearentzat, «muga handiak» ditu lege horrek, baina «baliagarria» izan daiteke Espainiako Estatuak eta eskuin muturreko taldeek eragindako biktimak ikusarazteko. «Badakigu eskaera aurkeztea eta testigantza ematea urrats pertsonala dela, banakakoa, baina badakigu, era berean, urrats indibidual horien eta aitorpen ofizialen baturak balio handiko erradiografia eskaintzen duela».

Guztira, hogei bat biktimak erabaki dute Nafarroako legea baliatuta aitortza ofizialaren bidea urratzen hastea. Horietako batzuk dira Poliziak hildako pertsonen senideak: Mikel Aleman, Guardia Zibilak hildako Miguel Maria Iturbideren iloba; Aingeru Cano, Polizia Armatuak hildako Jose Luis Canoren anaia; Txaro Arregi, Guardia Zibilaren tiro batek hildako Mikel Arregiren arreba; Begoña Zabalza, Guardia Zibilak torturatu eta hildako Mikel Zabalzaren arreba; Nerea Zabala, tiroz hildako Josu Zabalaren arreba; eta Aitziber Berrueta, 2004an Espainiako polizia batek eta bere semeak hildako Angel Berruetaren alaba.

Horiez gain, Poliziak edo eskuin muturrak zauritutako biktima ugarik sinatu dute agiria: 1976an Montejurran zauritutako Javier Nolasco, 1978ko Sanferminetan zauritutako Fermin Ilundain eta Jaime Zalaia, Poliziaren ke pote batek elbarri utzitako Mikel Iribarren, pilotakada baten ondorioz begi baten ikusmena galdutako Aingeru Zudaire, eta Poliziak aldaka hautsitako Nerea Lanz. Azkenik, bost torturatuk eskatuko dute Nafarroako Gobernuaren aitortza: Gloria Bosquek, Sotero Etxandik, Marilo Gorostiagak, Ainara Gorostiagak eta Mikel Sotok.

Babesa Zabalza familiari

Atzoko agerraldiaren bukaeran, Egiari Zor fundazioak eta Nafarroako Torturatuen Sareak «elkartasun eta babes osoa» adierazi zioten Mikel Zabalzaren sendiari, Zabalza auzian nahasita egon zen Arturo Espejo guardia zibila mailaz igo dutela publiko egin eta gero. «Maila igoera hauek ez dira lagungarriak ez biktimen eskubideen aitortzan, ezta bizikidetza demokratikoan ere; are gehiago: horiekin aurrez aurre talka egiten dute», esan zuen Etxeberriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.