Estatuaren biktimak Gogora institututik kanpo utzi dituzte EAJk eta PSE-EEk

EH Bilduk esan du iruditzen zaiola memoria politikak norabide okerra hartzen ari direla, eta pentsatu egingo duela zuzendaritzan segitzea.

Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidea, Gogora-ren ekitaldi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidea, Gogora-ren ekitaldi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2024ko irailaren 25a
15:00
Entzun

EAJk eta PSE-EEk Gogora-ko zuzendaritza kontseilutik kanpo utzi dute estatuaren biktima bat. EH Bilduk, legebiltzarrean zegokion ordezkaritzaren arabera, bi pertsona proposatu zituen zuzendaritzarako: Pako Etxeberria auzi medikua eta Pilar Garaialde estatuaren biktima. Gaur Eusko Legebiltzarreko Justizia Batzordean bozketarako unea iritsi denean, EAJk eta PSE-EEk atzera bota dute Garaialde, euren lau hautagaien mesederako.

Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Instituturako bost kide independente izendatu behar zituzten gaur, eta bozkatu. EH Bilduko Julen Arzuagaren iritziz, Estatuaren biktimak bazterrean utzi izana memoria politikak hartzen ari diren norabide okerraren isla da. Hori dela eta, EH Bilduk esan du birplanteatu egingo duela Gogora-n duen presentzia.

EAJri eta PSE-EEri egotzi die estatuaren biktimak «berriro» baztertzea. «ETAren biktimek tokia dute Gogora-n, eta ondo dago, eta horregatik babestu ditugu Maria Jauregi eta Josu Elexperen hautagaitzak, baina EAJk eta PSEk estatuaren biktimak baztertu dituzte. Gaurko erabaki hau oso larria da; ez du bizikidetza sustatzen, ez da biktimen aitortzaren aldeko urratsa, erabaki alderdikoi hutsa da, eta memoria politikak hartzen ari diren norabide okerraren beste froga bat».

Uste du Gogora-ren sinesgarritasuna bera jartzen dela auzitan estatuaren biktima bat kanpo utzita. Horregatik, Gogora-n izango duen jarrera eta presentzia berriz pentsatuko dutela esan du EH Bilduk.

Gehiengoak

Imanol Pradalesen Eusko Jaurlaritza abiatzearekin batera, sail eta egitura gehienetan lantalde osoak berritu dira, EAJren eta PSE-EEren gobernu akordioaren ondoren. Justizia Saila hartu zuen PSE-EEko Mari Jesus San Josek, eta bai berak, bai Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak iradoki zuten Gogora-ren norabidea aldatuko zutela, «lerratuegi» jardun zela egotzita. Zuzendaritza berriak eratzeko ordua iritsi denean ikusi dira aldaketa horren lehenengo zantzuak. Sei hautagai zeuden gaur zuzendaritza kontseilurako: EAJk bi proposatu ditu, EH Bilduk beste bi, eta PSE-EEk ere beste bi aurkeztu ditu. Baina hauteskundeetako emaitzetan 27na eserleku lortu zituzten EAJk (bozen %35) eta EH Bilduk (bozen %32), eta PSE-EE hirugarren indarra izan zen, koska bat atzerago: hamabi eserleku ditu, eta bozen %14.

Garaialde atzera botata, Etxeberriaz gain, EAJren bi hautagaiak –Maria Jauregi, ETAk hildako Juan Mari Jauregiren alaba, eta Eider Landaberea, Deustuko Unibertsitateko irakaslea– eta PSE-EEren biak –Josu Elexpe ETAk hildako Froilan Elexperen semea eta Jose Antonio Perez EHUko irakaslea– izango dira zuzendaritza kontseilua osatzeko falta ziren bost kideak.

Egiari Zor Fundazioak txarretsi egin du Gogora-tik kanpo uztea Garaialde. «Onartezina eta erabat umiliagarria da, alderdi batzuek trikimailu alderdikoiak erabiltzea Estatu-terrorismoaren biktima bat kanpoan uzteko. Ezin zaio etikari heldu eta komeni bezala ahaztu». Jaurlaritza berritzearekin batera «ziklo berri bat» egongo zela esan zuten, eta nolako hasiera eman dioten kritikatu dute: «Estatuaren biktimen kolektiboarekiko diskriminazio berri batekin hasiera eman diote, EAJren ezinbesteko babesarekin». Pradalesekin biltzekoak direla jakinarazi dute, eta gai hori hizpide izango dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.