Estatuaren biktimak «diskrimina» ez daitezela eskatu du Foro Sozialak

Datozen hilabeteotan «biktima guztiak» izanen ditu lehentasun. «Subkontziente kolektiboan» aldaketak nahi ditu. Eskatu dute berriro ireki dezatela EAEko legeari espedienteak aurkezteko epea

Agus Hernan eta Nekane Altzelai Foro Sozial Iraunkorreko bozeramaileak, atzo, Donostian eginiko agerraldian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2022ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Foro Sozial Iraunkorrak uste du Euskal Herriko «subkontziente kolektiboan» ideia bat dagoela iltzatuta: biktimak ETAk eragindakoak direla, eta ez GALek edo Poliziak hildakoak eta tortura pairatu dutenak. Foroaren arabera, «diskriminazio adierazpen» bat da hori, eragile instituzional, politiko eta komunikazio taldeen jarrerak «zirimiriaren gisan busti» dituena. Are: «adierazpen praktiko oso bortitzak» utzi ditu, foroaren ustez. Horren adibide jarri ditu, erraterako, Jose Antonio Cardosa postaria hil zuen bonbari buruzko grabazioak argitaratu zirenean gertatu zen «erreakzio eta babes falta ikaragarria»; Rafael Veraren, Ramon Jauregiren eta Jose Manuel Villarejoren adierazpenen ondoren gertatu zena; eta Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak 1994an giza eskubideak urratzeagatik zigorturiko polizia bati domina bat eman izana.

Foro Sozialak uste du ez litzatekeela halakorik gertatuko isiltasunak eta adierazpenak bertze jatorri batekoak balira: «Sinetsita gaude horrelako ekintzak ez zirela inolaz ere onartuko ETAren biktimen kasuan, haiek kolpatu zituen indarkeria goresten edo justifikatzen saiatu izan balira. Eta horrela izan behar du». Hala, Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko bozeramaileak «pauso erabakigarriak» eskatu zituen atzo Espainiako Estatuak eragindako biktimen «diskriminazioa» gainditzeko, Donostian, Nekane Altzelairekin batera eginiko agerraldian. «Hitzez zein ekintzaz» izan, «eskubideak urratzen dituzten eragileen araberako bereizkeria edo kategorizaziorik» ez egitea galdegin zuen.

Urteko asmoen berri emateko eman zuen prentsaurrekoa Foro Sozialak, eta, jakinarazi zuenez, «biktima guztiak» izanen ditu lehentasun aurten. Orain arte foroak nabarmendu izan dituen hiru «korapilo» nagusien artean dago biktimena, Altzelaik atzo gogorarazi zuenez, eta foroak uste du, presoen eta memoria kritiko inklusiboaren arloetan bezala, datozen hilabeteotan «urrats erabakigarriak» emanen direla biktimenean ere. Hernanen hitzetan, iaz presoen ongietorrien gaia «behin betiko ixteko beharrezko baldintzak» sortu zituzten: «Orain, beste biktima batzuek ere jasaten dituzten diskriminazio egoerak gainditzeko pauso erabakigarriak eman behar dira: estatuaren biktimek jasaten dituztenak».

«Reset kolektiboa»

Hernanek nabarmendu duenez, azken urteotan «urrats positiboak» egin dira Espainiako Estatuaren biktimei dagozkien eskubideak bermatzeari dagokionez: bertzeak bertze, aipatu du adostasun politikoa dagoela «biktima guztien egia, justizia eta erreparaziorako eskubidean»; erreparaziorako tresnak martxan jarri direla —EAEko eta Nafarroako legeak—; eta adostasunak lortu direla salbuespenezko espetxe politikaren eta torturaren ondoriozko biktimizazioa aitortzearen alde.

Ordea, foroak arrisku bat ikusten du: urrats horiek arlo «teorikoan» gelditzea. Hala, Hernanek ohartarazi du «premiazkoa eta beharrezkoa» dela kontzientzietan «reset kolektibo» bat egitea, «biktima guztiak berdin babesteko, ekidistantziarik eta diskriminaziorik gabe». Erakundeei, alderdi politikoei eta komunikabideei eskatu die horretan «eredugarriak» izateko.

Eskaera zehatz bat ere egin du foroak. Hain zuzen, ikusita polizia abusuak eta estatu indarkeria aitortzeko EAEko 12/2016 legeak biktimengan «zapore gazi-gozoa» utzi duela, foroak «beharrezkotzat» jo du espedienteak aurkezteko epea berriz irekitzea—joan den abenduaren 11n bukatu zen, eta espero baino eskaera gutiago jaso zituzten—. Epea zabaltzea ez ezik, foroak beharrezkotzat jo du «benetako informazio kanpaina bat» egitea eta balorazio batzordeari baliabide gehiago ematea.

Era berean, eskatu dute «egia» jakiteko artxiboetarako sarbidea «liberatzea», Espainiako Sekretu Ofizialen Legea aldatuta. Foro Sozialak gogorarazi duenez, identifikatuak dituzten estatuaren 364 biktimetatik %38 «argitu gabeko kasuak» dira: «Baina gaia agenda publikotik kanpo dago erabat». Aurten Nafarroan torturaren arloan urratsak egitea ere espero du foroak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.