Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Iñaki Ruiz de Pinedo. EH Bilduren zerrendaburua Araban

«Estatuaren agenda politikoan eragin nahi dugu, indarrak batuz»

«Inboluzioa» ala «aurrera egitea» dago jokoan Gorteetarako hauteskundeetan, Iñaki Ruiz de Pinedoren arabera. Haren ustez, EH Bilduk erakutsi du «boto baliagarria» dela eskuina erakundeetatik botatzeko, eta ziur da Araban eserlekua kenduko diola PPri.

edurne begiristain
Gasteiz
2019ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Ia hogei urte pasatu dira Iñaki Ruiz de Pinedok (Gasteiz, 1954) politikaren lehen lerroa laga zuenetik. HBko legebiltzarkidea izan zen 1980tik 1994ra, eta Euskal Herritarrok-eko zinegotzia Gasteizko Udalean 1999tik 2000ra. Askorentzat, ezustekoa izan da EH Bilduk Arabako zerrendaburu izendatu izana; baita Ruiz de Pinedorentzat berarentzat ere. BERRIAri aitortu dio «sorpresaz» jaso zuela eskaintza, baina, bikotekidearekin ongi aztertu ostean, oniritzia ematea erabaki zuela. Erronka berriari «gogoz» eta «indarrez» heldu dio Arabako abertzale historikoak. Ziur da apirilaren 28an EH Bilduk eserlekua lortuko duela herrialdean, PPren kaltetan.

Zer sentitu zenuen Arabako zerrendaburu izatea proposatu zizutenean?

Hasiera batean, bertigoa, zorabio pixka bat, ez nekielako erronkari erantzuteko gai izango ote nintzen. Zalantza nagusia hori nuen, eta erabakiak maila pertsonalean izango zuen eraginak ere kezkatzen ninduen.

Zerk bultzatu zaitu politikara itzultzera?

Egungo egoera politikoak. Oso egoera konplexua bizi dugu; aukera ederrak ditu, baina baita mehatxu handiak ere. Argi nuen ezin niola ihes egiten utzi prozesu politiko honetan parte hartzeko aukerari.

Zer dago jokoan hauteskunde hauetan?

Inboluzioa ala aurrera egitea. EH Bildun, apustu egin dugu autodeterminazioaren alde borrokatzen ari diren estatuko beste herri batzuekin elkarlanean aritzeko, batez ere Kataluniarekin. Estatuko beste herri batzuekin ere lan eremu komuna eratzen ari gara. Estatuko periferien arteko elkarlan plataforma bat abian jartzea ahalbidetu nahi dugu, egungo egoerak hala eskatzen duelako. Hiru bloke ikusten ditugu: inboluzioarena, PSOEk gidatzen duen jarraitutasunaren blokea, eta indar eraldatzaileok osatzen duguna. Subiranotasunaren eta erabakitzeko eskubidearen alde lanean ari garen nazioak gaude, eta horren barruan sistemaren indar periferikoak ere badaude; alegia, borroka politikoan isla ez duten ezkerreko indar herrikoi horiek. Guk estatuaren agenda politikoan eragin nahi dugu, indar horiek guztiak batuz.

Madrilgo gobernuan eragin nahi duzue. Nola?

Agenda politikoan bi modutan eragin dezakegu. Batetik, aritmetika parlamentarioaren bitartez. Baina, bestetik, aurrekoa baino garrantzitsuagoa da gizartearen eskaera artikulatzeko gaitasuna izatea. PSOEk Ciudadanosekin gobernu atzerakoi bat eratzeko eduki dezakeen tentaldiak kostu politiko garrantzitsuak izatea da gure helburu behinena. Indar korrelazio instituzional eta sozial indartsu bat lortu behar duguPSOErengan eta Ciudadanosengan eragiteko, eta haien agenda politikoa baldintzatzeko.

Pedro Sanchezek argi esan du ez duela onartuko erabakitzeko eskubidea. Baduzue konfiantzarik PSOErengan?

Oso gutxi. Hala ere, PSOEk badaki sozialki aurrera egin nahi badu ezin izango duela bakarrik egin, eta periferiako indarren babesa beharko duela. Indar horiek euskarri bakarra izango gara etorkizuneko proiektu bat aurrera atera nahi badu eta inboluzioari aurre egin nahi badio. Beraz, ezinbestekoak izango dira maila desberdinetako akordioak eta aliantzak, eta PSOEk hautua egin beharko du: inboluzioaren blokea ala aurrerapausoak eman nahi dituen blokea. Baina argi esaten dugu: ezin izango du gure babesa erdietsi demokrazian sakontzen ez badu.

Zeintzuk dira marra gorriak?

Gobernu faxista bat eragoztea eta eskuina botatzea ezinbesteko baldintza dira guretzat, eta gobernua babestuko dugu baldin eta norabide horretan bermeak eta konpromisoak hartzen baditu. Espainiako Gobernuari babesa emango diogu baldin eta hiru baldintza betetzen baditu: estatuko biztanleen baldintza sozialak hobetzen baditu, bideak zabaltzen baditu herrien erabaki askea bermatzeko, eta preso politikoak etxera ekartzen baditu. Badakigu zaila dela, baina ezinbestekoa izango da haiek gutxieneko horiek onartzea Espainiako Gobernuari babesa eman diezaiogun.

Araban lehia estua aurreikusi da bozetan. Laugarren eserlekua PPren eta EH Bilduren artean egon liteke.

Ia ziur gaude gertaera historikoa izango dela apirilaren 28an. EH Bildu tresna bilakatuko da PPri Arabako eserlekua kentzeko.Egoera honetara iritsi gara Araban hainbat baldintza egon direlako: kontzientzia politikoa sendotu da, EH Bilduk erakutsi du boto baliagarria dela eskuina erakundeetatik botatzeko, eta koalizioaren oinarri soziala handitu egin da. Faktore asko daude pentsatzeko laugarren eserleku hori gurea izango dela.

ETAk borroka armatua amaitu zuenetik, euskal gaiak Espainiako Kongresutik desagertu dira, eta arreta beste leku batzuetan jarri da. Berriro ere Euskal Herriaz hitz egiteko aukera egongo al da legealdi berrian?

Bai, seguru. Agenda politikoan lehentasuna galdu du, baina Euskal Herria garaitu nahi duten etsai bat da oraindik, Kataluniarekin batera. Izan ere, Espainiako nazionalkatolizismo berriaren kohesiorako elementu funtsezkoa da barne etsaiak izatea. Kataluniako prozesuak erresistentzia parametroetan kokatu du subiranotasunaren borroka, eta sektore subiranisten erantzuna ezinbestekoa da aurrera egiteko. Estatua estutasunean ipintzeko, garrantzitsua da fronte bat eraikitzea.

Maiatzean, udal eta foru hauteskundeak eta Europakoak daude. Lehen itzulia al dira oraingoak?

Bi hauteskunde deialdi ditugu, baina testuinguru desberdinetan egingo dira. Apirilekoak lehen fasetzat har daitezke; estatuari erantzuteko bozak izango dira, eta EH Bilduren hazkundea sendotzeko balio izango dute. Maiatzean, udal eta foru hauteskundeetan, sendotze prozesu hori ikusiko da bere osotasunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.