Izenen genero marka. Idoia Trenor. Bilgune Feministako kidea

«Estatuak eta Elizak izenak arautzea ez da kasualitatea»

Haurraren izenak «ongi identifikatu» behar du pertsona, legearen arabera. Arauaren arrakalak baliatuta izenaren genero markarekin hauts daitekeela erakutsi dute.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Maider Galardi
2016ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Bilgune Feministako kide batzuk eta inguruko zenbait lagun ama izan ahala, konturatu ziren arazoak zituztela haurrei nahi zuten izena jartzeko. Orduan ekin zioten izenen sexu-genero markaren inguruko hausnarketa egiteari. Zenbait urteren ostean, gaiari «praktikoki» heltzeko garaia zela erabaki zuten, eta horrela hasi ziren gida liburua idazten. Lanketa horren fruitu da Izena eta Izana Ezbaian gida. Idoia Trenor da Bilgune Feministak Emaginekin batera argitaratutako liburu praktikoaren egileetako bat.

Zein irakurketa egin duzue Euskaltzaindiak argitaratu berri duen agiriaren inguruan?

Agerikoa da izenen kontu honek eztabaida piztu duela gizartean. Badaude izendegi horren araudiaren aurkako zenbait iritzi, eta Euskaltzaindiak bere burua zuritu behar izan du, zertan oinarritzen diren azaldu behar dutelako; haienari heldu behar diotelako. Ez da lehen aldia horrelako agiri bat ateratzen dutela. Azken finean, justifikatu egin behar dira gizartearen aurrean.

Idatziak zera dio: «Erabaki proposamenak egiteko hiztunen erabilera aztertzen dugu. Ez gara eztabaida politikoetan sartzen». Baina, ikuspegi feminista batetik, pertsonala politikoa da.

Guk feminismotik beti diogu pertsonala politikoa dela. Eremu pribatuan, etxekoan eta intimoan gertatzen dena ere politikoa da, baduelako eragin soziala. Hizkuntza arauak ere politika dira. Agian hori da euskarari gertatzen zaiona; ez da auzi politikoa, eta horregatik lantzen da modu «epel» batean. Euskararena eta hizkuntzarena auzi politikoa dela aldarrikatu beharko genuke, eta merezi duen arreta eskaini.

Nola sortu zen Izena eta Izana Ezbaian gida praktikoa osatzeko ideia?

Bilgune Feministako zenbait kide ama izan ziren, eta haurrari izena jartzeko erregistrora joaterakoan zenbait arazorekin egin zuten topo: ez zieten uzten izen mistoak edo genero markarik gabeko izenak jartzen. Interesa piztu zitzaigun, eta gaia jorratzeko Idurre Eskisabelengana jo genuen, tesina horren inguruan idatzi baitzuen. Haritik tiraka, gaia modu sakonagoan lantzea erabaki genuen eta praktikoki jorratzea hobetsi. Liburuxkarekin geure inguruan «arazo» horiek dituenari baliabideak eskaini nahi dizkiogu, ematen ez badu ere, zirrikituak egon, badaudelako araudian.

Euskaltzaindiak gizon-emakumeen izenen bereizketa legeen bidez justifikatu du, baina zuek araua desobeditzeko zirrikituak aurkitu dituzue.

Euskaltzaindiak men egiten dio, hala derrigortuta, Espainiako legediari. Baina bada deigarria den beste gauza bat ere. Bere justifikazioan, legeaz gain, gizartean errotuta dagoen arau sozial hegemonikoari men egiten diola aipatzen du. Horretan ez zaie arrazoirik falta. Sexu-genero sistema dikotomikoa erabat txertatuta dago geure gizartean. Guk liburuxkarekin hori azaleratu nahi izan dugu, eta aipaturikoaren kontzientzia piztea izan da gure asmoa. Sexu-genero sistema hori apur bat deseraikitzea eta horren inguruko hausnarketa abiatzea izan da gure helburua. Izenak arautzen dituen legearen interpretazioa oso anbiguoa da eta horretaz baliatu gaitezke geure bidea irekitzeko.

Hegemonikoa den sexu-genero sistema aipatu duzu. Euskarak izen arruntetarako genero markarik ez badu ere, izenek balio sinboliko handia daukate bereizketa hori egiterako unean.

Izugarria da izenek bere baitan gordetzen duten esanahiek zein nolako iruditegia sortzen duten. Idurrek ongi azaltzen du hori. Izenetik abiatuta haurrarengan eta inguruarengan eraikitzen den iruditegia oso indartsua da. Izenak sinbolo sistema bat dira eta horren bitartez balio batzuk, klasea, historia... transmititzen dira. Estatuak eta Elizak historian zehar izenak arautzea ez da kasualitatea.

Adituen arabera, izena komunitate batean pertsona bat zer den esateko hitza da. Baina, ez badakigu gizona edo emakumea den, hankaz gora jartzen da sexu-genero binomioan oinarritutako sistema hori. Horregatik uste dut Euskaltzaindiak sistema hori mantendu nahi duela, eta horregatik esaten duela euskaraz ez dagoela izen mistorik; nahiz etaikerketa batzuek onartzen duten izen mistoak egon direla.

Idurre Eskisabel ikertzaileak, hala ere, dio Euskaltzaindia hein handi batean gizartearen isla dela.

Ados nago. Baina dauden pentsamendu berrien aurrean itxitasuna adierazten du, eta erabiltzen dituen argudioak ez dira oso pisuzkoak. Feminismotik esaten dugu «naturazko» gizon-emakumeen arteko desberdintasunarekin hautsi behar dugula. Zergatik ez utzi zirrikitu bat izendegiaren bitartez hori deseraiki etabide berri bat jorratzeko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.