Estatuaren bortxaren biktimentzako egia, aitortza eta erreparazioa. Horixe eskatu du gaur Egiari Zor fundazioak, Jon Urzelairen heriotzaren 50. urteurrena oroitzeko Bilboko Zorrotza auzoan egin duen ekitaldian. Auzo horretan hil zuen Guardia Zibilak 26 urteko gaztea, 1974. urtean.
Ordutik, egun berean Guardia Zibil bat hil izana egotzi dio bertsio ofizialak, hori gezurra dela frogatu den arren. «1975eko martxoan, Bilboko epaitegi militarrak beste pertsona bat auzipetu zuen, guardia zibila hil zuten tiroen egile material gisa», gogorarazi du Egiari Zor-ek. «Hain sensiblea den eremu batean gezurra baliatzeak ez dirudi oso etikoa. Ezta gertatutako guztiaren gainetik kontakizun partzial bat inposatu nahi izateak ere».
Fundazioak adierazi du Euskal Herrian hainbat indarkeria izan direla, eta «indarkeria jakin baten biktimek» soilik jaso dutela aitortza ofiziala. «Estatuak eragindako bortxaren biktima gehienok, urte askotako ukapenaren ondoren, egin zigutenaren egia ezartzeko borrokan jarraitzen dugu, heriotza eta giza eskubideen urraketa bakoitza, salbuespenik gabe, ofizialki erroldatu, aitortu eta erreparatu dadin». Zehazki, aipatu dituzte Poliziaren indarkeriaren, salbuespenezko espetxe politikaren, eskuin muturraren, gerra zikinaren eta torturaren biktimak.
Bertsio ofizialek krimenak ezkutatzeko balio izan dutela esan dute, eta beste behin eskatu dute «bertsio ofizialen kutxa iluna» zabaltzeko. Halaber, gogorarazi dute laster Hego Euskal Herrian Poliziak, Ertzaintzak, Guardia Zibilak, eskuin muturrak, Triple Ak edo Batallon Vasco Españolek eragindako giza eskubideen urraketak jasan zituztenen 450 aitortza ofizialen kopurua gaindituko dela.
Konpromisoak
Gaitzetsi dute atzo, urriak 12, Guardia Zibilari Gasteizen egindako gorazarrea ere. «Marrazten ari diren bizikidetza esparruak Estatuaren bortxa legitimatzearen eta erantzule jakin batzuen inpunitatea indartzearen alde egiten du, eta hori guztiz arriskutsua da ez errepikatzearen ikuspegitik», iritzi du Egiari Zor-ek.
Amaitzeko, azaldu dute erronka nagusia bizikidetza modu demokratikoan eraikitzea dutela, baina horretarako hiru konpromiso eskatu dizkiete erakunde publikoei: «Estatuaren bortxaren biktimei erasotzeari eta haiek umiliatzeari uztea; aitortza ofizialik gabeko milaka herritarrei horretarako bidea ematea; eta memoria politiketan jasaten dugun bazterketa eta diskriminazioa gehiago ez sustatzea».